Nogin, Viktor

Militante eta sindikalista boltxebikea. Moskun jaiotakoa, 15 urterekin lanean hasi zen, eta 18 urterekin San Petersburgora joan zen bizitzera eta lan egitera. 1898tik aurrera (20 urterekin), Errusiako talde marxisten kide egin zen, eta urte horretan lehen aldiz atxilotu zuten greba batean. 1899an berriz atxilotu eta Ukrainako Poltava probintziara deportatu zuten, non talde marxistak sortu zituen, eta Iskra aldizkariarekin kontaktuan sartu zen. 1900an erbestera joan zen lan iraultzailea egitera, eta Londresen eta Munichen egon zen. 1901an, berriz Errusiara itzuli zen. 1903a, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren II Biltzar Nagusian ordezkari izan zen eta boltxebikeekin lerratu zen, nahiz eta bere ibilbidean zehar boltxebikeen barruan ildo moderatuaren aldekoa izan eta mentxebikeekin birbatzearen alde hainbat aldiz egin zuen. 1907an, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren V Biltzar Nagusiko ordezkaria ere izan zen eta Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. Urte horretan bertan, Moskuko Sindikatuen buru ere aukeratu zuten. 1907an hirugarren aldiz izan zen atxilotua, eta 1912an berria atxilotu eta Verkhoiansk probintziara deportatua izan zen. Gudaren aurkakok propaganda egin zuen deportaziotik. 1917 artean 8 aldiz atxilotua izan zen eta 6 kartzela-urte iragan zituen.

1917an amnistiatua izan zen, eta Moskura itzuli zen. 1917an boltxebikeen barruan Kameneven ildoaren alde agertu zen, hau da, eseristekin eta mentxebikeekin fronte pansozialista bat osatzearen aldekoa eta horren bidez, Sobietak boterera modu baketsuan eramatearen aldekoa. Posizio horrek Leninen kontra azaltzea ekarri zion, adibidez 1917ko apirilean, Apirileko Tesien kontra azaldu zen. 1917ko uztail-abuztu artean egindako Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusian, Komite Zentral Boltxebikeko kide aukeratu zuten, eta abuztuan Moskuko Kontrairaultzaren Aurkako Borroka Komiteko (Korniloven altxamenduaren kontra ad hoc sortutako erakunde bat) kide izan zen. Moskuko Alderdi Boltxebikearen Komiteko buruetako bat izan zen, eta 1917ko irailetik aurrera (boltxebikeek Moskuko Sobietaren kontrola bereganatu zutenean) Moskuko Sobietaren buru izan zen. Iraultza Sozialistaren egunetan, Moskuko Komite Militar Iraultzaileko buru izan zen, eta militarki Mosku boltxebikeen alderako askatu zuen. Iraultza Sozialistarekin bat, Gobernu Sobietarreko Merkataritzarako Herri Komisario izendatu zuten (gainera, Moskuko Sobietaren buru gisa, Moskuko alkate ere izan zen). Kameneven ildoaren jarraitzailea izaki, 1917ko Iraultza Sozialistaren ostean, azaroaren 1ean, Alderdiaren Komite Zentrala utzi zuen (Kamenev, Zinoviev, Rikov eta Miliutinekin bateera), Alderdiak eseristekin eta mentxebikeekin negoziazioei uko egin zielako; eta arrazoi beragatik, azaroaren 4an, Gobernu Sobietarra (Sovnarkom) utzi egin zuen, eta baita azaroaren 13an Moskuko alkatetza (Mikhail Pokrovski historiagile boltxebike famatuak ordeztu zuen).

Hala ere 1917ko azaroaren bukaeran, Alderdiarekin bakeak egin eta berriz bueltatu zen Gobernu-postuetara, kanpo-merkataritza arloan. 1918an Merkataritzarako Herri Komisariorde aukeratu zuten. 1921 eta 1924an, Alderdi Komunistaren Auditazio-Ikuskaritza Komisioko burua ere izan zen. 1921an Erresuma Batura bidaia egin zuen eta bidai horretatik, Merkataritzarako Itun Anglo-Sobietarra sinatzea lortu zuen, bakartuta zegoen Errusia Sobietarrarentzat garrantzia handikoa izan zen hori. 1923an AEBtara bidaiatu zuen 1924an hil egin zen. 1930an, Moskutik gertu dagoen Bogorodsk hiria, bere omenez Noginsk berrizendatu zuten.