Lazimir, Pavel

Militante eserista, bizitza labur baina intentsoa izan zuen, eta egun ezezaguna bada ere, Urriko Iraultzan paper erabakigarria izan zuen.

Familia militar eta ume-anitz batean jaiotakoa, medikuntzan hasi zuen bere jarduna, San Petersburgoko eskola militarrean onartua izan zelarik.. Medikuntza militarrean jardun zuen, I Mundu Gudan Petrograden Ulansk erregimentuaren medikua izan zelarik. Alderdi Eseristaren militantea izaki, 1917ko Otsaileko iraultzaren ostean Petrogradeko Sobieteko Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten, eta horrez gain, soldaduen sekzioaren bozeramaile ere izendatu zuten. Apirilean Leninen itzulera bertatik bertara ikusi zuen, lider boltxebikeak bearengan inpresio handia egin zuelarik. Alderdi Eseristaren politika eta zuzendaritzarekin atsekabeturik, pixkanaka, alderdi honen ezkerreko ildoarekin lerratu zen.

1917ko urrian oso paper garrantzitsua izan zuen, ezen Petrogradeko Komite Militar Iraultzaileko (Urriko Iraultza Sozialistaren parte zen matxinada armatua prestatzeko organoa) lehendakari izendatu zuen Petrogradeko Sobietak (urriaren 12). Berak idatzi zituen Komite Militar Iraultzailearen arauak (urriaren 13). Konstantin Mekhonoxin boltxebikearen arabera, Lazimir, postu horretarako “arrazoi politikoengatik izan zen aukeratua. Bere aukeraketarekin batera, ezkerreko eseristen zalantzak desagertu egin ziren”.

Urriko Iraultzaren ostean, Barne Arazoetarako Herri Komisariotzan eta Armadaren Herri Komisariotzan lan egin zuen. Ez zuen ezkerreko eseristen 1918ko Estatu-kolpearekin bat egin, eta urte horretan Alderdi Boltxebikearen kide egin zen. 1918 eta 1920 artean, Hegoaldeko Frontearen Sobiet Militar Iraultzailearen kide izan zen, Ukrainako gudan Denikinen tropa zurien aurka aritzeko ardura zuelarik. Pavel Lazimir 1920 urtean hil zen, Krementxug hirian, tifusak jota.