Dan, Fiodor

Errusiar mentxebike judutarra, formazioz medikua. Oso gaztetatik, 1895tik, Vladimir Ulianovek (Leninek) eta Julius Martovek zuzentzen zuten Langile Klasea Askatzeko Borroka Batasunean, eta 1896an greba batean parte hartzearren atxilotua izan zen, Viatka probintziara deportatu zutelarik. Itzultzean, 1898an sortu zen Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen. 1901an emigratu egin zuen, Berlinera eta Suitzako Geneva hirira, eta Iskra egunkariko langile bihurtu zen 1902an Errusiara itzuli zenean atxilotua izan zen. 1903an, Alderdi Sozialdemokrataren II Biltzar Nagusiaren ordezkari izan zen Londresen, eta kongresu horretan mentxebikeekin egin zuen bat; mentxebikeen liderra zen Julius Martoven laguntzailerik handiena izan zen, eta horrek Iskra (orain mentxebikeen kontrolpean) aldizkariko argitalpen-taldean sartzeko aukera eman zion. 1905ean Iskra desagertzean, Dan mentxebikeen argitalpen berria zen Natxalo aldizkariaren zuzendari bihurtu zen (honek Danek mentxebikeen artean zuen itzalaren ideia bat ematen digu). Errusiako Alderdi Sozialdemokrataren IV eta V Biltzar Nagusien partaide izan zen. 1907an berriz egin zuen erbestera. 1912an Errusiara itzuli zen, eta 1913an diputatu aukeratu zuten. 1914an, gudaren aurka azaltzearren atxilotua izan zen, baina 1915an aske utzi zuten, Armadan mediku lana egin zezan baldintzarekin. I Mundu Gudaren kontra agertu zen lehen momentuan, baina 1917an, “defentsismo demokratikoarekin” bat egin zuen, hau da, guda jarraitzearen alde egin zuen.

Petrogradeko Sobietaren Ispolkomeko eta baita ere zuzendaritzako kide izan zen. Hasiera batean, mentxebikeek koalizioko Gobernuan parte hartzearen aldekoa izan zen. Sukhanoven ustez, garai horietan, Tsereteliren laguntzailerik hurbilekoena izan zen, “Tseretelik ez zukeen hainbeste eraginik izango Dan ondoan izango ez balu”, hau da, Dan Alderdi Mentxebikeko bigarrena izan zen. Ekainean, Errusia Osoko Langile Sobieten I Biltzar Nagusian, VTsIKeko kide aukeratu zuten. Uztaileko Egunetan, Sobietaren eta burgesiaren arteko koaliziozko Gobernua defendatu zuen kalean protestan ari ziren langile eta soldaduen posturaren aurka, boltxebikeen jarrera “deitoratu” zuen, eta Leninen ihes egiteko erabakia “onartezin” bezala deskribatu zuen; hala ere, Tseretelik proposatutako errepresio-neurrien aurkakoa izan zen, neurri hauek boltxebikeei on egin ahal zietela argudiatuz.

Hala ere, batez ere Korniloven Estatu-kolpe saiakeraren ondoren, mentxebikeen barruan, ildo ofizialistatik Martovek jarraitutako ildo ezkertiarrera egin zuen. Boltxebikeak boterea lortu ez zezaten, alderdi sozialista ezberdinen arteko koalizioaren aldekoa zen: Urriaren 24an, Errepublikaren Kontseiluan esan zuen ezinezkoa zela “soilik Gobernuaren indarrekin” boltxebikeak garaitzea eta erreformak eskatu zituen; alderdi sozialista guztien arteko koalizio Gobernua eskatuz. Hala ere, 1917ko Urriko Iraultza Sozialistaren aurka agertu zen, eta honekin batera deitua zen Sobieten II Biltzar Nagusian VTsIKen zuen postua galdu zuen. Hala ere, boltxebikeen kontrako oposizio ez-antagonikoa egin zuenez, eta medikua zenez, Osasunerako Herri-Komisariotzan lanean hasi zen. 1919ko Sobieten VII Biltzar Nagusian eta 1920ko Sobieten VIII Biltzar Nagusian mentxebikeen ordezkaria izan zen. 1921ean Txekak atxilotu egin zuen Estatu Sobietarraren kontrako konspirazioa zela eta.

1922an erbestera joan zen, lehenik Alemaniara eta 1933 ostean, AEBtara; eta 1923an sobietar herritartasuna galdu zuen. 1923tik 1940ra, erbestean, Alderdi Mentxebikearen zuzendaritzaren parte izan zen, harremanetarako arduradun gisa. 1941an, Alemania naziak SESB eraso zuenean, publikoki SESB defendatu zuen. New Yorken hil zen, 1947an.