Kornilov, Lavr

Errusiar militar, etnologo eta esploratzaile kontrairaultzailea. Turkestanen, Ust-Kamenogorska (egun Öskemen, Kazakhstan) jaio zen etnikoki nahastutako familia kosako batean: aita kosakoa eta ama turkomano-mongoliarra, buriatiarra zituen (hala ere, bere jaiotzari eta familiari buruzko datuak ez daude guztiz argi, batzuen ustez ume adoptatua ere izan zen). Hala ere, bere karrera militarra erregular bezala hasi zuen, ez kosako bezala. Mikhailovski Artilleria Eskolan lizentziatu zen 1892an, eta gero San Petersburgoko eskolan (1895an) eta Turkestanen destinatua izan zen batez ere. XIX eta XX mendeen artean, armadan zerbitzua egiteaz gain, Turkestan errusiarraren eta txinatarraren (Xinjiang) espedizio batzuk egin zituen, bai geografikoak zein inteligentzia militarrekoak (bere espedizio askotan, Turkestango muga-pasabide asko lehen aldiz gurutzatu zituzten). Bertako hizkuntza turkomanoak ikasi zituen, eta turkomanoei eta txinatarrei buruzko etnografia artikuluak ere idatzi zituen, bere artikuluak garaiko geografia liburuen oinarri izan zirelarik. 1903an eta 1904an Balutxistanen (orduan, India britainiarra) egon zen, “espedizioak” egiten (eta britainiar tropak espiatzen). 1905ean Errusiar-Japoniar Gudan parte hartu zuen. 1907 eta 1911 artean Txinako errusiar enbaxadan atxiki militar bezala aritu zen (txinera ere ikasi zuen, eta etnogeografia lanak egiteko lana berrabiarazi zuen), eta 1911an koronel gradua lortu zuen.

Lehen Mundu Gudan zehar, 1915an, lotinant-jeneral kargua lortu zuen, eta halaxe, dibisioak zuzentzen hasi zen. Laster jeneral ausart eta independente, baina diziplinarik gabeko edo zentzu gutxiko fama hartu zuen. Mikhail Alekseiev armadaburuak esan zuen moduan: “bihotza lehoi batena du, baina burmuina, ardi batena”. Bere menpeko Martinovek iritzi hau bota zuen: “Kornilov langilea eta burugogorra zen, baina gaitasun intelektual murritzak zituen (…) Ez zuen antolaketa talenturik”. Brusilovek esan zuen “oso ausarta eta soldaduek oso maitatua zen, baina askotan giza galera handiak eragiten zituen. Sekula ez zuen atzera-egitea agintzen, ezta ere gomendagarria zenean”. Halako adibidea 1915ko apirilean izan genuen: Aleksei Brusiloven ordenen kontra Przemysl poloniar hiria hartzen saiatu zen (Martinoven ustez Kornilovena izan zen errua), bere unitatea likidatua izan zen, eta bera austriarrek atxilotu zuten. 1916an ihes egin zuen, eta Errusiara itzuli zen. Ihesaldi hori balentria handi bezala hartua izan zen, eta horrek berriz ere graduz igotzea ekarri zion, nahiz eta ordura arte borrokan garaipen edo arrakasta handirik izan ez. Baina gertakari horrek Korniloven izaeraren eta profilaren funtsezko beste zantzu bat argira ekarri zuen “ausardiaren kultua”, berak ere ernaltzen lagundu zuena. Halako famak, batez ere “politika-gizonekin” alderatuz (ausardia vs kalkulua, aberria vs alderdia) 1917an eskuinaren idoloa, edo “Errusiak behar duen gizon indartsurako” hautagaia bihurtu zuten.

Mitoak dionaren kontra, Kornilov ez zen sekula ere tsarista izan. Bere erregimentuko ereserkia antitsarista zen, eta otsaileko iraultzaren egunetan, Dumako Kideen Behin-behineko Komiteak bera jarri zuen Petrogradeko gobernadore militar moduan, tsarrak izendatutako Sergei Khabaloven ordez (martxoaren 5ean hartu zuen kargua). Gainera, martxoaren 8an Aleksandra Romanova tsarina atxilotu zuen. Eta baita 1918 bezalako data batean, Armada Zuriaren zuzendari zenean, “Romanov dinastiaren berrezarkuntzak, niri bost axola” esan zuen. Egia esan, Kornilov Otsaileko Iraultzaren ostean klase zuzendari gisa agertu zen burgesiaren ordezkari tipikoa izan zen, baita ere bere jatorri “umila” bere kredentzial “demokratiko” gisa aipatzen zuten. Orlando Figesen arabera, “1917ko lehen seihilabetekoan Sobietarekin harreman onak zituen, eta erretolika iraultzailea (Otsaileko Iraultzaren aldekoa, zehaztu behar dugu) erabiltzen zuen”. Hala ere, iritzi honek ere pixka bat `puztua dirudi: Kornilovek egia esan Guda ministro liberal Gutxkovekin egiten zuen lan Sobietarekin baino gehiago, eta honek emandako Lehen Zenbakidun Ordena abolitu nahi zuen; hots, otsaileko iraultzaren kontsentsu barruan kokatzen zen, baina Dumatik gertuago sozialistengatik baino.

Kornilov historiografian “eskuin muturreko militarra” bezala deskribatua izan da, baina berak proposatutako neurri gogor, autoritario eta soldaduen komiteen aurkakoak gehiago ziren garai horietan burgesia “demokratikoak” eta are alderdi sozialista ofizialistek konpartitutako kezka baten ondorio (masen eta Sobieten erradikalizazioaren aurrekoak) eskuin muturraren ideia propioa baino (1917ko uztail-abuztuan kadeteak ziren Korniloven babes nagusia). Kornilov “eskuin muturreko” bezala deskribatzeak, gure ustetan, ez du ez 1917ko dinamikak ez klase-borrokaren dinamikak ulertzen laguntzen, halako neurriak burgesiarengan ohiz-kanpokoak direnaren ideia zabaltzen du eta.

1917ko apirilean Kornilovek bere tropak manifestazio boltxebikeen aurka egiteko erabili nahi izan zituen, baina Sobietak eragotzi egin zion. Lehen Zenbakidun Ordenaren kontra zegoela eta, Kornilovek apirilean dimisioa eman zuen, eta Gutxkovek Iparraldeko Frontearen komandnate izendatu nahi izan zuen, baina Mikhail Alekseiev armadaburua kontra jarri zen, hala bazen dimititzeko mehatxua eginez. Azkenean, 1917ko maiatzean Zortzigarren Armadako komandante gisa bidali zuten berriz ere Galitziako frontera, Boris Savinkov komisario zuelarik. Kornilovek bertan boluntarioen unitateak sortu zituen (tartean, Emakumeen Heriotza-Batailoia), bere ustez halako abertzaletasun zibiko-militarrak Sobietei aurre egin ahal zien eta “Ordena berrezarri”; baina askok bere botere-plataforma ikusi zuten bertan. Ekainean izandako “Kerenski ofentsiba” porrot egindakoan, arrakasta izan zuen komandante gutxienetakoa izan zen, horrek bere fama handitu zuelarik. Garai horretan, bere aldetik, bere sektorean heriotza-zigorra berrezarri zuen. Uztailean, Aleksandr Kerenski lehen ministroak armadaburu izendatu zuen, Gobernuko alderdi sozialistek ere erabaki hau babestu zutelarik. 1917ko abuztu erdialdean egin zen Estatu-Konferentzian, eskuinak bere “Errusia salbatzeko” hautagai bezala hartu zuen. Kornilovek, postua hartzerakoan, bere erreforma programa ezarri behar zuela esan zuen. Eskuineko ofizial batzuk postuz igo zituen, adibidez Anton Denikin Hego-Mendebaldeko Fronteko komandante izendatu zuen.

Korniloven izena historiografian ezaguna egin zuen 1917ko abuztuaren bukaeran gertatutako krisiak, “Korniloven Estatu-kolpea” bezala ezagutzen dugunak. Kornilovek bere erreforma programa autoritarioa eta antisobietarra inposatzeko saiakera batetik etorri zen, bere lehentasuna hori zelarik, baina asmo horiek betetzeko zein bide aukeratu nahi zuen ez dago hain argi: bera diktadore bihurtzea, Kerenskiren baimenarekin diktadore bihurtzea, Kerenski bera diktadore bihurtzea, edo erregimena ez aldatzea; gainera kontuan izanik egunez egun protagonistek iritziz aldatu zutela. Bestetik egia ere bada eskuineko taldeek Kornilov diktadore postuan jarri nahi zutela. Halako asmoek, asmo-gurutzapenek, Kerenski eta Korniloven arteko inbidia eta mesfindantzak eta azken orduko gaizkiulertuek, abuztuaren 27an Kerenski Kornilov kargugabetzera eta Kornilov bere tropak (teorian “balizko matxinada boltxebikea zapaltzeko” kontzentratutakoak) Petrogradera mugiaraztea ekarri zuten. Gaizki ulertu hori ez zen bere onera ekarri (jakin beharra dago Kerenskik ala Kornilovek, nork egin zuen gehiago egoera itzulezina izan zedin), eta abuztuaren 28an Korniloven “Estatuaren kontrako matxinada” salatu zuen Behin-behineko Gobernuak. Kornilovek praktikoki ez zuen troparik izan benetako matxinada bat aurrera eramateko (berari leialenak zitzaizkion soldaduek ere ez zuten Behin-behineko Gobernuaren kontra borrokatu nahi), eta irailaren 1ean atxilotu egin zuten.

Bere “Estatu-kolpe” saiakeraren ostean, monastegi katoliko bielorrusiar batean sartu zuten preso, Bikhov herrian. Hala ere, atxilo-aldian zehar baldintzak oso lasaiak zire:, kartzela-zainak Korniloven goardia turkomanokoak ziren (atxilotutako beste batek, Anton Denikinek esan zuen: “ez dakit nor zegoen deserosoago: gu, atxilotuok, edo gure atxilotzaileak”). Urriko Iraultzaren ostean aske geratu zen, giro nahasia aprobetxatuz “Estatu-kolpea” ikertzeko komisioko kide batek hala erabakita (Nikolai Krilenko boltxebikeak, antza denez, Bikhoven kartzelaratuak zeudenei “bigarren aukera” bat eman nahi zien, hau da, Armada Gorri berrian zerbitzatu nahi zutenei askatasuna ematea).

Kartzelatik ateratzerakoan, Don eskualde kosakora joan zen 1917koi abenduaren 7an iritsiz, eta han “Bolondresen Armada”, Hegoaldeko Frontean Armada Zuriaren nukleoa izan zena antolatu zuen Aleksei Kaledin buruzagi militar kosakoarekin eta bere arerio zahar Mikhail Alekseievekin. Korniloven eta Alekseieven arteko harremanak oso txarrak ziren, bai estrategia politiko-militar ezberdina zutelako (Kornilov askoz ere erasokorragoa zen) eta bai iraganeko ezinegon pertsonalengatik (Korniloven “Estatu-kolpea” zela eta, Alekseiev izan zen irailaren 1ean Kornilov atxilotu zuena). Nahiz eta adostasun batetara iritsi (Alekseiev Barne eta kanpo politikaren arduradun gisa, Kornilov Afera Militarren arduradun gisa), ez zuen guztiz funtzionatu eta bi liderrak bestea baztertzen saiatu ziren. Kornilovek Izu Zuriaren aldeko apustua egin zuen: “Errusia salbatuko dugu errusiarren hiru laurdenak hil behar baditugu ere” esatera iritsi zen. Beste esaldi bat, menpeko bati esan ziona: “ez itzazu presorik egin, hil itzazu!” izan zen. Kornilovek Errusia Hegoaldean “akatze-guda” bat egin zuen, Fediuk historiagilearen arabera “Bere errepresioak, zigortu baino, beldurtu egin zuen”.

1918an, Armada Gorriak Don Eskualdeko Novotxerkassk hiria eraso ostean, Armada Zuriak Hegoaldera, Kuban Eskualdera egin behar izan zuen, “Izotzaren Martxa” deitutakoan. 1918ko apirilaren 13an, Kuban Eskualdeko Jekaterinodar (egun, Krasnodar) hiria erasotzean saiatzen ari zelarik, Armada Gorriaren obus batek hil zuen.