Antonov-Ovseienko, Vladimir

Ukrainar militante boltxebikea. Karreraz militarra izan zen (Aita ere militarra zuen), nahiz eta Errusia Inperialeko Armadaren giro tsaristak deseroso sentiarazi. Hori dela eta, gaztetik zirkulu iraultzaileetan sartu zen, 1902an San Petersburgoko Junkerren Eskola Militarrean hasi bazen ere. 1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen (bulgariar kide baten kontaktuari esker), eta Vartsoviako zelula sortu zuen han baitzegoen armadak destinatua. 1904an armadako lotinant kargua lortu zuen, junkerren eskolan ikasi ondoren. 1905ean karrera militarra utzi zuen Errusiar-Japoniar Gudatik desertatuz, eta Alderdiaren bizitza klandestinoan sartu zen, 1905ean Polonian matxinada pizten saiatu zen, baina atxilotua eta kartzelaratua izan zen. Amnistia baten ostean kalera atera ondoren, berriz lan iraultzailean murgildu zen, 1906an Odessan eta Sebastopolen matxinada iraultzaileak piztuz. Horren ondorioz, Kronstadt hirian atxilotua izan zen eta heriotza-zigorra jarri zioten, baina 20 urteko kartzela zigorraz kommutatu egin zioten (Errusiar Zientzia Akademiaren Hiztegi Bibliografikoaren arabera, orduan jada mentxebikea zen, beste batzuen ustez 1910ean egin zuen bat mentxebikeekin). 1907an kartzelatik ihes egin zuen, eta lan klandestinoan aritu zen, langile-kooperatibak eta aisialdi-klubak antolatzen. 1909an, Malinovski infiltratuaren erruz berriz atxilotua eta sei hilabetez kartzelaratua izan zen (antza denez ez zen identifikatua izan, eta bere “Nortasun faltsua” epaitu zutenez izan zuen hain zigor txikia) eta 1910an erbestera egin zuen, non, hasiera batean mentxebikeekin lerratu zen (Errusiar Zientzia Akademiaren arabera, alemaniar poliziak mugan atxilotu zen, baina alemaniar sozialdemokraten presioari esker, ez zuten estraditatu).

Hala ere, 1914an Lehen Mundu Guda hastean, gudaren kontra lerratu zen, Golos (Ahotsa) eta Naxe Slovo (Gure Hitza) egunkarietan idazten zuelarik. Honen bestez, Mezhraionkaren kide egin zen, hala ere, ez zuen itxaron erakunde honek osorik boltxebikeekin bat egiteko: 1917ko maiatzean Errusiara itzuli zenean, Alderdi Boltxebikeko kide egin zen (Mezhraionkak uztailean egin zuen bat).

Alderdi Boltxebikeak eman zion eginkizuna Erakunde Militar Boltxebikean lan egitea zen. Helsingfors (Helsinki) hiriko zelula boltxebikean hasi zen militatzen eta Helsinfgforseko Erakunde Militar Boltxebikearen Volna (Oldea) egunkaria editatzen zuen. Antonov-Ovseienko Erakunde Militar Boltxebikearen antolatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen, eta Uztaileko Egunetan zuzendaritza-papera izan zuen (manifestazio asko Erakunde Militar Boltxebikeak antolatu zituen, ez hainbeste Alderdiak). Hori zela eta, kartzelaratua izan zen eta 1917ko irailaren 4an atera zen kartzelatik, Dibenkorekin eta Trotskirekin batera. Kartzelatik ateratzerakoan, Sobietetan alderdiak izan zuen gizonik ezagunenetako bit bilakatu zen: Baltikoko Itsas-Armadako Sobieten Biltzar Nagusiaren antolatzaile izan zen irailean (honek Finlandiarako komisario-ardura eman ziolarik), Biltzar Nagusi horretako ebazpena, Herri zanpatu guztiei! izenekoa berak idatzi zuelarik. Urrian Iparraldeko Eskualdeko Sobieten Biltzar Nagusia ere antolatu zuen (Iparraldeko Sobietak garai horietan ia denak boltxebikeak ziren). 1917ko urrian, sortu berri zen Petrogradeko Komite Militar Iraultzailearen (Milrevkom) kide  eta idazkari aukeratu zuten. Halaber, Finlandiako Alderdi Boltxebikea eratzen lagundu zuen eta Konferentzia Demokratikoan ordezkari izan zen.

Milrevkomeko idazkari  gisa, oso paper garrantzitsua, lehen mailakoa jokatu zuen 1917ko Urriko Iraultza Sozialistaren garaian: berak idatzi zuen Milrevkomek Iraultza Sozialistarako abiada iragartzen zuen dokumentua, eta berak gidatu zuen Neguko Jauregiaren kontrako asaltoa, eta bertan Behin-behineko Gobernuaren ministroak atxilotzearen arduraduna izan zen. Antonov-Ovseienkok Neguko Jauregiaren aurrean zegoen Peio Deunaren eta Paulo Deunaren elizatik zuzendu zuen erasoa. Berak bidali zion ultimatuma Behin-behineko Gobernuari. Albert Rhys Williams kazetariaren arabera, Antonov-Ovseienko “Urriko Iraultzaren lider militarra” izan zen, eta Segei Xramko errusiar historiagilea bat dator iritzi horrekin: “Antonov-Ovseienkok zer egin ote zuen? Bera izan zen Neguko Jauregiaren kontrako erasoaren liderra!”. John Reedek kontatzen duen moduan, egun batzuk lehenagotik (behintzat urriaren 21tik) izan zen plan hauen arduradun: “gela batean topatu nuen Antonov, Ovseienko ezizenez, matematikari eta xakelaria, iraultzaile eta deportatu ohia, hiriburua hartzeko planetan murgilduta” (ohartarazi beharrean gaude Reed nahastu egin zela: egia esan Ovseienko zen benetako izena eta Antonov ezizena). Antonov-Ovseenkok urriaren 23an idatzi zuen txosten baten arabera, Petrogradeko goarnizioa Sobietek boterea hartzearen aldekoa zen, eta Goardia Gorria fabrikak eta armategiak hartzeaz arduratu behar zen, Behin-behineko Gobernuak ez baitzuen bere aldeko troparik (txosten hau izan zen Urriko Iraultza Sozialista abiatu zen egunean boltxebikeen mugimenduen oinarri). Honez gain, lan zail bat izan zuen: atxilotutako ministro liberal, eserista eta mentxebikeak kartzelara minik gabe eramatea (langileek jipoitu egin nahi baitzituzten). Gobernu sobietar berriak, Armadarako eta Itsas-Armadarako Herri Komisariotza gidatzen zuen hiruko komitearen kide aukeratu zuen; Pavel Dibenko eta Nikolai Krilenkorekin batera.

Kerenski-Krasnov matxinadaren egunetan, Petrograden Defentsarako Komitearen kide gisa, hiria defendatzen zuten tropen buruetako bat izan zen. Matxianada horretan zehar, junkerrek urriaren 28an atxilotu egin zuten, baina hurrengo egunean marinelek askatu zuten. 1917ko azaroaren eta abenduaren artean Petrogradeko Barruti Militarreko komandante izan zen, baina abenduan postu hori utzi zuen Errusiaren Hegoaldeko eta Ukrainako Fronte militarra gidatzeko. Asanblada Konstituziogilerako diputatu boltxebikea ere izan zen.

Guda Zibilean, Antonov-Ovseienko lehen lerroan aritu zen, bai 1917ko abenduan Don Eskualdean sortu berri zen Armada Zuriaren aurka borrokan (Rostov hiria askatzea lortu zuen), eta gero, bere aberrian, Ukrainako Errepublika Nazionalaren kontra borrokatuz. 1917ko abenduaren 6an Antonov-Ovseienko Hegoaldeko Fronteko komandante izendatu zuten. Antonov-Ovseienko 1917ko abenduaren 26an Kharkov hirian botere sobietarra ezarri zuten boltxebikeen buru aurkitzen dugu, han Ukrainako Errepublika Sobietarra (Jevgenija Box lehendakari) aldarrikatu zelarik. Honela Ukrainan Radaren eta sobietarren arteko guda hasi zen, eta Antonov-Ovseienkok 1918ko urtarrilean Kiev askatu zuten boltxebikeak gidatu zituen. Hala ere, Ukrainan ez zuen denbora luzerik iraun, laster aginte militarra Mikhail Muraviov ezkerreko eseristari eman zion, bera Don Eskualdera, zurien kontra borrokatzera joan zelarik. Gainera, Brest-Litovskeko Ituna sinatu ostean, boltxebikeek Ukraina utzi eta Rada onartu behar zuten, beraz Antonov-Ovseienko urrunago, Ekialdeko Frontera joan behar izan zen, komandante karguarekin. Ekialdean, 1918ko irailean Izhevsk eta Votkinsk hirietan eserista-maximalistek piztutako matxinada zapaldu zuen. Alemaniak Lehen Mundu Guda galdu eta Ukrainatik alde egin behar ostean, Antonov-Ovseienko berriz itzuli zen Ukrainara, Ukrainako Komite Militar Iraultzailearen kide izan zelarik (Stalinekin eta Volodimir Zatonskirekin batera), eta honen bestez 1918ko azaroaren eta 1919ko ekainaren artean Ukrainako frontea gidatu zuelarik. Kontuan izan behar dugu hura fronte oso zaila zela, zuriak, anarkistak, ukrainar nazionalistak, guztiz erretiratu gabeko alemaniarrak eta baserritarren formazio ezberdinak aritzen zirelarik; beraz militarki gogorra eta politikoki malgua izatea ezinbestekoa zen. Garai horietan Antonov-Ovseienkok Ukraina gehiena askatzea lortu zuen, Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialista ezartzea posible izan zelarik (epe batez Antonov-Ovseienko errepublika sobietar honen Gobernuaren parte izan zen, Arazo Militarretarako Herri Komisario gisa).

1919ko bukaeraren eta 1920aren artean, lan ekonomikora emana izan zen Antonov-Ovseienko, bai Horniketa Batzordeetan, zein Lanaren Herri-Komisariotzan, zein Kanpo-Merkataritzarako Batzordeetan. 1920 eta 1921 artean NKVDko zuzendaritzaren parte ere izan zen, eta Sobietar Gobernuko lehendakariorde postua lortu zuen. 1921an beste desafio zail bat izan zuen, izan ere garai hartan Errusiako Tambov probintziako Sobieteko lehendakari baitzen. Tamboven, ezkerreko eseristek gidaturik, agian Iraultzaren osteko urteetako garaiko baserritar matxinada antiboltxebikerik gogorrena piztu zen, Aleksandr Antonov buruz, eta Antonov-Ovseienko zen aurre egitearen arduradun. Oso neurri gogorrak hartu behar zituen matxinada burges-ttipia zanpatzeko. Gudako bere esperientziak kontatzen zituen liburuak idatzi zituen, famatuena, 1923an idatzitako Armada Gorriaren eraikuntza.

Gudaren ostean, bai armadan eta bai diplomazian lan egin zuen. Armadari dagokionez, NKVDko lehendakaritzako kide izan zen (1920-1921), eta 1922 eta 1924 artean Armada Gorriaren Sobiet Militar Iraultzailearen (Armada Gorriaren zuzendaritza) Departamendu Politikoaren buru. 1924an postu hori utzi zuen, Andrei Bubnovek ordeztu zuelarik eta lan diplomatikoan hasi zen. Diplomazian, Txekoslovakian (1945-1928), Lituanian (1929-1930) eta Polonian (1930-1934) sobietar ordezkari ahalguztiduna izan zen. 1934 eta 1935 urte artean, Errusiako Errepublika Sobietarreko fiskala izan zen, eta VTsIKeko ordezkari ere izendatu zuten. 20 hamarkadan, fakzio trotskistaren alde lerratu zen: Tsipkin historiagilearen arabera, Armada Gorriaren matxinada batekin mehatxatu zuen baldin eta Trotski Leninen osteko lehendakari izendatzen ez bazuten. Politika Ekonomiko Berriaren aurka azaldu zen eta 1923an “46 kideren manifestua” sinatu zuen Trotskiren alde; baina 1928an Alderdiaren gehiengoaren aldera pasa zen (zenbait iturriren arabera, erbesteratutako Trotskirekin loturak izaten jarraitzen zuen).

1936an Sobietar Batasunak Espainiar Errepublikarekin harreman diplomatikoak hasi zituenean, Antonov-Ovseienko Bartzelonan kontsul izendatua izan zen, beraz Espainiar Gudan ere parte hartu zuen. Dolores Ibarruriren arabera, “Kataluniako langileek Antonov-Ovseienko biziki maite zuten. Eurekin bat egiten zuen, euren sufrimendua partekatuz. Hau ezin dugu inolaz ere ahaztu”. 1937an dimititu zuen (iturri batzuen arabera dimititu arazi zuten, POUM eta anarkistak babesten saiatu zelako, baina hau ez dago frogatua).

1937ko urrian NKVDk atxilotua zuen, baina aske atera zen eta 1938an Errusiako Errepublka Sobietarreko Justiziarako Herri Komisario izendatu zuten. Hala ere, Estatuaren kontrako sabotaia zela eta trotskismoarekin loturak zirela eta, 1938an berriz atxilotua eta 1939an exekutatua izan zen.

(Anekdotak: a) Antonov-Ovseienkok xakelari onaren fama zuen. b) Kharkoven, Ukrainako Errepublika Sobietarra eratzen zela, langileak eta meatzariak kexu zitzaizkion jabeek ordaintzen ez zietela eta, Antonov-Ovseienkok jabeak atxilotu, tren-bagoi batean sartu eta langileei zor zietena berehala ordaindu eta zortzi orduko laneguna ezarri ezean, behartutako lana egitera zigortuko zituela esan zien. Langileek euren soldatak kobratu zituen, eta Leninek berak Antonov-Ovseienko zoriondu zuen “langileen diktadurarako neurri eredugarriak hartzeagatik”. d) Bartzelonan zegoen artean, Antonov-Ovseienko oso katalantzalea bihurtu zen, katalana ere ikasi zuen. Juan Negrin Espainiako Gobernuburu sozialista izan zenak zera esan zuen “Antonov-Ovseienko katalanak baino katalanagoa da”).