Jelizarova (Ulianova), Anna

Nizhni Novgorod hirian jaiotako errusiar militante, kazetari eta idazle boltxebikea; Vladimir Ulianov Leninen arreba zaharra. 1886an, 22 urterekin, ikasleen mugimendu iraultzailean sartu zen. 1887an, bere neba Aleksandr Ulianov, Aleksandr III tsarraren kontrako kale egindako atentatu asmoetan ibili zenez gero, Anna Ulianova atxilotua eta deportatua izan zen, Kokuxkino, Kazan eta Samara hirietan deportazio-aldia jasan zuelarik (Aleksandr Ulianov, atxilotua izateaz gain, heriotza-zigorrez kondenatua eta exekutatua izan zen). 1894an, Moskun mugimendu marxistarekin bat egin zuen, eta laster, bere neba Vladimirrek (Leninek) zuzentzen zuen Langile Klasearen Askapenerako Borroka Batasunarekin bat egin zuen. 1897an lehen aldiz erbestera joan zen. 1898tik aurrera, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren kide izan zen. Leninen Kapitalismoaren garapena Errusian lana argitaratzen lagundu zuen. 1900 eta 1902 artean erbestean egon zen, Iskra aldizkariarentzat lan egiten. 1903tik aurrera, Errusiara itzuli ostean bere lana batez ere argitalpenari (Vpered –“Aurrera”- argitaletxearen arduradun izan zen, eta Leninen Materialismoa eta enpirokritizismoa lana argitaratu zituen) eta itzulpengintzari (Wilhelm Liebknechten lanak errusierara itzuli zituen) eman zion, baina ez zen kaleko lan politikotik aldendu: 1905eko iraultzan parte-hartzaile aktiboa izan zen. 1913tik aurrera Pravda egunkariaren eta Prosvestxenie –“Ilustrazioa”- aldizkariaren argitalpenen arduradun izan zen, eta 1914an Rabotnitsa –“Emakume Langilea”- atera zuen taldean egon zen. 1917 artean sei aldiz atxilotu zuten.

1917an, azken aldiz askatua izan ostean, Pravdaren erredakzioan sartu zen berriz. Urriko Iraultza Sozialistaren ostean, Giza Segurtasunerako Herri Komisariotzan (1917-1918) eta Hezkuntzarako Herri Komisariotzan (1918-1921) lan egin zuen. Alderdiaren Historiaren Komisioan eta Marx-Engels-Lenin Institutuan lan egin zuen gero. Proletarskaia revolutsija –“Iraultza proletarioa”- aldizkaria argitaratu zuen eta Leninen biografia bat idatzi zituen- 1932an erretiratu eta 1935an hil zen.

Mark Jelizarov, Errusia Sobietarreko Garraiorako Lehen  Herri-Komisarioarekin ezkondu zenez, bere bizitzako azken urteetan Ana Jelizarova bezala sinatzen zuen.