Errepublikaren Kontseilua (Aurre-parlamentua)

Aurre-parlamentuaren lan-saio bat

Errepublikaren Kontseilua, edo arruntki deitzen zen moduan, Aurre-parlamentua, Konferentzia Demokratikoaren ostean aukeratutako organoa, parlamentu lanak bete zitzan. Irailaren 20an, Konferentzia Demokratikoak erabaki zuen “Errusia Osoko Kontseilu Demokratikoa” sortzea, honen lehen bilkura irailaren 23an izan zelarik, Gobernu berria osatu eta gero (irailaren 20an osatu zen Gobernu berria). Urriaren 2an izena aldatu zuen eta “Errepublikaren Behin-behineko Kontseilua” izena hartu zuen. Kontseilu  berriak 517 kide zituen, 367 Konferentzia Demokratikoak aukeratuta, eta beste 150 beste erakunde batzuk aukeratu zituztelarik (hasieran 313 kide izen behar zirela uste zuten, hau da, Konferentzia Demokratikoan fakzio bakoitzak zituen ordezkarien %15 izango ziren Aurre-parlamentuko ordezkari). Beraz, Konferentzia Demokratikoan gertatu bezala, sozialista moderatuak eta talde burgesak gain-ordezkatuta izan ziren, boltxebikeek soilik 58 ordezkari zituzten.

Aurre-parlamentuaren deialdia, Kerenskiren Gobernuak deituriko “Konferentzia Demokratiko” burgesak Kerenskiri eta orduan Sobieten Komite Exekutiboan gehiengo teorikoa zuten alderdi burges-ttipiei (mentxebikeei eta eseristei) babesa eta zilegitasuna emateko egindako ahalegin bat izan zen; hain juxtu masak boltxebike iraultzaileengana hurbiltzen hasi zirenean eta iraultza proletarioa hurbiltzen hasi zenean. Aurre-parlamentuaren helburuetako beste bat; botere efektiboa langile erakundeetatik idoki eta sortu beharreko erakunde burgesei (deitzeke zegoen Asanblada Konstituziogileari, adibidez) emateko zubi lana egitea zen (hau da, Sobietak edukiz husteko lehen pausua zen, errepublika burges arrunt baterako bidea erraztea zuen helburu); baina Asanbalda Konstituziogilea deitzeko (eta alderdi proletarioek hauteskundeak irabaz zezaten) arriskurik gabe; hau da, trantsizio momentu horretarako “zilegitasun-organo” gisa sortutako organo bat zen (Fiodor Dan mentxebikeak ere maniobra hauek kritikatu zituen). Aurre-parlamentuaren lehen bilkura 1917ko irailak 23an burutu zen, eta bertan alderdi burgesek Kerenskiren Gobernuaren “aholku-organismo” bat izan behar zela adostu zuten (Errepublikaren Behin-behineko Kontseilua deitu zutelarik). Aurre-parlamentuaren lehen bilkuran, eseristek eta mentxebikeek burgesiarekin koalizio Gobernu berria onartu zuten, eta Gobernu berria irailaren 25ean osatu zen, kadeteak barnean zirela.

Marinski jauregia izan zen Aurre-aprlamentuaren egoitza

Boltxebikeek Aurre-parlamentuaren inguruan izan behar zuten jarreraren inguruan alderdi-barneko eztabaida interesgarri bat piztu zen. Eskuineko ildoa (beste alderdi sozialista denekin “Gobernu sobietar” pansozialista bat eratzearen aldekoa), orduan Kamenevek zuzentzen zuelarik (David Riazanov eta Aleksei Rikov ere alde zeudelarik), Aurre-parlamentuan parte hartzearen aldekoa zen, beste alderdi sozialistekiko zubiak eraikitzea esan zezakeelako. Hala ere, Leninen postura bertatik erretiratzearen aldekoa izan zen, praktikan, Aurre-parlamentua Sobieten boterea gauzatzerako oztopo bat izan zitekeelako, batez ere Sobietak boltxebikeen kontrolpean erortzen ari zirelarik. Leninen ustez, Konferentzia Demokratikoan zehar, jada mentxebikeek eta eseristek frogatu zuten boltxebikeekin ez zutela Gobernu sobietar bat eratu nahi, beraz “Iraultzaren garapen baketsurako azken aukera galdu zuten”. Leninek irailaren 22an ere idatzi zuen Aurre-parlamentuaz gain, Konferentzia Demokratikoan parte hartu izana akats bat izan zela, eta hura ere boikotatu egin behar izan zela. Artikulu horretan, Aurre-parlamentu eta tsarraren garaiko Duma aizunduak erkatzen zituen. (Aurre-parlamentuari boikota egitea “Botere osoa Sobietentzat!” kontsigna berreskuratzearekin lotu zuen Leninek: irailaren 30ean Langileei, baserritarrei eta soldaduei deitutako deialdi batean, Leninek berriz “Botere osoa Sobietentzat!” formula erabili zuen. Stalinek gainera, irailaren 16an izenburu horrekin artikulu bat idatzi zuen; eta urriaren 10an Nork behar du Aurre-parlamentua? izenburua zuen artikulu batean salatzen zuen Gobernuak, “Korniloven plana betearazteko (…) Sobietak Aurre-parlamentuaz ordeztu nahi zituela” eta “Sobietei emandako erantzun bat zela”).

Irailaren 21an, Komite Zentralak, 9 boto 8ren kontra, Aurre-parlamentuan parterik ez hartzea (eta Konferentzia Demokratikoaren lehendakaritzatik erretiratzea) erabaki zuen. Hala ere, ebazpena oso estua izan zenez, ebazpena hartzeko erabakia Konferentzia Demokratikoan ordezkari izan ziren boltxebike guztien artean hartzea proposatu zuten, eta 77 bozka 50ren kontra, Aurre-parlamentuan parte hartzea erabaki zuten. Hala ere, Alderdiak Aurre-parlamentuan egin beharreko lana, boterea osoa Sobietei ematearen aldekoa izan behar zela adostu zuten. Irailaren 29an Leninek berriz proposatu zuen Aurre-parlamentutik ateratzea, bertan parte-hartzea “akats lotsagarri” bezala kalifikatuz.

Aurre-parlamentuak ordezkari burgesak onartu zituenean (urriaren 7an), Alderdiaren Komite Zentralak Leninen proposamena onartzea erabaki zuen eta urriaren 7an boltxebikeak Aurre-parlamentutik erretiratu egin ziren. Aurre-parlamentuari egindako boikota Iraultza Sozialistarako pausu garrantzitsua izan zen; izan ere, ilusio konstituzionalak alde batera utzita, Behin-behineko Gobernuaren eta boltxebike iraultzaileen arteko kontraesana eta bien esparruak ondo definitzera lagundu baitzuen. Egun berean, Alderdiak Leninen matxinada berehala prestatzen hastearen aldeko proposamena onartu zuen. Urriaren 8an Petrogradeko Komite Boltxebikeari bidalitako txosten batean, Leninek Aurre-parlamentuan parte hartzea zein Konferentzia Demokratikoan parte hartu izana akatsak zirela esan zuen. Urriaren 9an Petrogradeko Sobietak Aurre-parlamentutik erretiratzea onartu zuen. Bai Fiodor Dan mentxebikeak, zein Pavel Miliukov kadeteak, erretiratze hau boltxebikeen “Indar-erakustaldi” baten moduan irakurri zuten.

Aurre-parlamentuko lehendakaria Nikolai Avksentiev eserista izan zen. Hala ere, honek ere ez zuen erabateko babesa bere alderdian, izan ere Errepublikaren Kontseiluan, jada Konferentzia Demokratikoan izan zen Alderdi Eseristaren barneko zatiketa areagotu egin zen eskuineko eta ezkerreko eseristen artean, bi alderdi bereizi gisa funtzionatzen zutelarik. Boltxebikeak erretiratu ondoren, Aurre-parlamentuaren eztabaida-gai nagusia Aliatuen Parisko Konferentzia izan zen, Errusiak bertara zein postura eraman behar ote zuen. Errusiar ordezkaritzaren burua Matvei Skobelev mentxebikea izango zela adostu zuten, baina Errusiak bakea eskatu edo ez, ez zuten adostu:  eskuineko ordezkariek (kadeteek, eskuineko eseristek eta mentxebike defentsistek) gudan jarraitu nahi zuten, ezkerreko ordezkariek ordea (ezkerreko eseristek eta mentxebike internazionalistek), paradoxikoki Guda Ministro Aleksandr Verkhovskik eurekin bat egiten zutelarik “Errusiak gudan ezin zuela jarraitu” uste zuten, eta konferentzia horretan aliatuei bakea eskatzea proposatzearen alde egin zuten. Hala ere, postura hau ez zen aurrera atera.

Praktikan, Aurre-parlamentuak, ez zuen batere babesik Errusiako langileen eta herri masen artean, eta Kerenskiren nahiak, bere Gobernuari babesa emateko asmoz Sobietekin zilegitasunean lehia egitea, kale egin zuen. Aurre-parlamentuak Alderdi Kadeteari bai, ikusgarritasun pixka bat eman zion, batez ere honen buru Pavel Miliukovi. Urriaren 24an, Kerenskik boltxebikeen kontrako neurri gogorragoak hartzea proposatu zion Aurre-parlamentuari, baina bertako ordezkari askok –eseristek eta mentxebikeek- zalantzak agertu zituztela eta, neurri horiek ez zituzten hartu. Boltxebikeek urriaren 25ean matxinada hasi zutenean, Aurre-parlamentuak Kerenskiren proposamenak onartzearen alde egin zuen, baina jada beranduegi zen.

Aurre-parlamentua urriaren 25ean disolbatu zen, Urriko Iraultza Sobietarra gertatzen ari zelarik, Petrogradeko Sobietaren Komite Militar Iraultzaileko ordezkari batek Avksentievi beren egoitza ebakuatzeko agindu zionean. Hala ere, Aurre-parlamentuko ordezkariak aske atera ziren, atxilotuak izan gabe.