Dibenko, Pavel (Pavlo)

Errusiar-ukrainar marinel boltxebikea. Rigako portuan zamaketari bezala lan egin zuen, 1911an Itsas-Armadan sartu zen eta 1912an Alderdi Boltxebikean sartu zen (alderdi honekin 1907an hasi zen kolaboratzen, baina kidetza 1912 urtean lortu zuen). 1915an Pavel I ontziko matxinadan parte hartu zuen; hori zela eta sei hilabetetako kartzela-zigorra jasan zuen, eta gero oinezko tropetara bidali zuten. 1916an berriz atxilotua eta bi hilabetez kartzelaratua izan zen. Askatu zutenean, Finlandiako Helsingfors (egun, Helsinki) hiriburura bidali zuten; pentsatu gabe han egingo zela Dibenko buruzagi iraultzaile ezagun. 1917ko otsailean, iraultza Baltikora hedatzen paper handia jokatu zuen. 1917eko apiril-maiatzean, Baltikoko Itsas-Armadaren Sobietaren Komite Exekutiboko (Tsentrobalt) buru aukeratu zuten (Baltikoko Itsas-Armadako tropak Errusiako sektorerik iraultzaileenen artean zeuden). Dibenkori esker, 1917ko ekainean Tsentrobaltek, Baltikoko Itsas-Armadaren Sobietak Itsas-Armada horretako komandanteen gaineko jurisdikzioa izatea ahalbideratzen zuen mozioa aurkeztu zuen. Aurretik, martxoan, Helsingforseko Sobieteko diputatu aukeratu zuten. 1917ko Uztaileko Egunetan izan zuen parte-hartzeagatik atxilotua izan zen, eta irailean aske utzi zuten Helsingforsera ez joateko baldintzarekin. Hala ere, Dibenkok baldintza hori hautsi egin zuen eta berriz Tsentrobalten lanak bete zituen. 1917ko urriaren 11-13an, Iparraldeko Sobieten Biltzar Nagusian, Dibenko Iparraldeko Sobieten Komiteko kide aukeratu zuten. Dibenkoren pe, urrian, Tsentrobaltek Behin-behineko Gobernua onartzen ez zuen mozioa bat onartu zuen. Hori, Sobietak boltxebikeen aldera lerratzeko pausu handia izan zen. Gainera, Petrogradeko Sobieteko Komite Militar Iraultzailearen kide ere izan zen.

Urriko Iraultzaren egunetan, Gatxinako eta Tsarskoie Seloko destakamenduak gidatu zituen. Kontuan izan behar da baita ere, Urriko Iraultzan Aurora ontziak izan zuen garrantzia, honen bestez, Dibenkoren papera gerora ezagutu duguna baino handiagoa zela uste genezake. Lekuko askoren arabera, Dibenko Neguko Jauregian sartzen lehenetakoa izan zen. Urriko Iraultzaren ostean, Itsas-Armadarako Herri Komisario izendatua izan zen. Hala ere, batzuen ustez, Lenin ez zen Dibenkoren gaitasunaz fio, eta ondoko profesional bat jarri zion. Petrograd Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra defendatu zuen. 1918ko urtarrilean, Asanblada Konstituziogilea ireki izen egunean, Dibenko Petrograden zegoen, matxinada kasuan hura defendatzeko tropen arduradun. 1918ko otsailaren 23an, Petrogradetik hurbil zegoen Narva ibaiko lerroa defendatu behar izan zuen alemaniarren kontra, baina kale egin zuen indar askoz ere handiagoen aurka. Porrot horrek Brest-Litovsk Ituna sinatzeaz konbentzitu zuen Gobernu Sobietarra (Dibenko itun hori sinatzearen kontra izan zen). Porrot horrek 1918ko apirilean Dibenko kargugabetzea eta Alderditik kanporatzea ekarri zuen, baina epaitegi militarrak errudun ez zela ebatzi zuen, esperientzia txikia zuelako eta etsaiaren indarrak handiagoak zirelako. Jacques Sadoul frantziar sozialistaren arabera, Dibenko marinelen artean zuen babes handiak salbatu zuen (beste batzuen arabera, Aleksandra Kollontaik salbatu zuen orduan bere senarra zen Dibenko). Hala ere, Alderditik kanporatua izan zen. Apiril horretan Dibenko (Kollontairekin batera) Samarara joan zen, hiri horretako Sobieta ez zuten boltxebikeek kontrolatzen (anarkistek, ezkerreko eseristek eta maximalistek baizik). Iturri anarkisten arabera, Dibenkok Samaran boltxebikeen kontra hitz egin zuen eta are hango anarkisten buru aldarrikatu zuen bere burua. Hala ere, maiatzean Dibenkok Samara utzi zuen eta Moskura itzuli zen.

Leninek, Dibenko Ukrainara bidali zuen lan ilegala egitera, Odessara hain zuzen (orduan Ukraina, alemaniarren okupaziopeko “Ukrainako Estatuak” Gobernatua zegoen). Abuztuan alemaniarrek atxilotu bazuten ere –preso batzuengatik trukatua izan zen-, meritu handiko garaipenak lortu zituen, Kharkov eta Jekaterinoslav (Dnipropetrovsk) askatuz (Dibenkok, Ukrainan boltxebikeak politikoki ahulagoak zirenez, beste indar batzuekin adostasunak egin zituen, adibidez Makhnorekin eta Grigoriev atamanarekin –iturri batzuen arabera, Makhnorekin adiskidetasuna ere egin zuen-). Bere arrakastak, 1919an jeneral postura igotzea ekarri zuen. Hala ere, 1919ko apirilean akats militar handi bat egin zuen: Donbass indartu ordez, Krimea askatu zuen, Krimeako Errepublika Sozialista Sobietarra sortuz. Haatik, honek bere indarrak dispertsatzea ekarri zuen, eta  gainera, Moskuko Gobernu Sobietarrak “indiziplinagatik” bera gaitzestea, babes politiko gabe geratu zelarik. Bere akatsaren ondorioz, zuriek lehenik Donbass eta gero Ukraina osoa konkistatu zuten. 1919an zehar, zurien eta ukrainar nazionalisten kontra borrokatzeaz gain, bere lagun ohi Makhnoren Armada Beltza anarkistaren eta tokiko hainbat komandanteren kontrako borroketan Ukrainako Armada Gorria gidatu zuen.

1919an Dibenko Moskuko Armada Gorriaren Akademian sartu zen, eta urte horretako abenduan Tsaritsin hiriaren (Stalingrad) defentsan parte hartu zuen Denikinen indarren kontra. 1920an, Kaukasoko frontean zalditeria unitate bat gidatu zuen. 1921an Krosntadteko matxinada antiboltxebikea ezeztatzen lagundu zuen, eta geroago Tambov probintziako matxinadaren kontra ere borrokatu zuen. Guztira, borroka merituengatik, Bandera Gorriaren hiru Orden irabazi zituen. 1922an Armada Gorriaren Akademian graduatu zen, eta urte horretan, Alderdian berronartua izan zen. 1922 eta 1925 artean Armada Gorriko errifle unitate batzuk gidatu zituen. Armada Gorrian karrera egin zuen, 1925 eta 1928 artean Armada Gorriaren Artilleria Zuzendaritzaren eta 1926 eta 1928 artean Hornikuntza Departamenduaren buru izan zen. 1928an Asia Erdialdera bidali zuten matxino musulmanen kontra borrokatzera, eta 1930an Alemaniara joan zen teknika militarrak perfekzionatzera. 1931an Tadjikistango Alderdi Komunistaren eta Uzbekistango Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1933tik aurrera, Volgako barruti militarreko komandantea izan zen. 1936 eta 1937 artean Leningradeko barruti militarreko burua izan zen. 1935ean jeneral-komandante kargura igo zuten eta 1937an Sobiet Goreneko kide izan zen; baina 1938an, Estatu-kolpe sare batzuetan harrapatu zutelarik, atxilotua, epaitua eta exekutatua izan zen.