Sokolnikov, Grigori

Ukrainan jaiotako militante boltxebike judutarra. Ikasle garaitik zirkulu marxistetan militatzen zuelarik,1905an Alderdi Boltxebikean sartu zen, eta gazteria boltxebikearen arduraduna izan zen. 1905ko Iraultzan parte hartu zuen Moskun.1907an Gazteria Boltxebikearen I Biltzar Nagusia antolatu zuen, baina hortik gutxira atxilotua eta bizitza osorako deportatua izan zen. 1909an Siberiatik ihes egin zuen eta erbestera joan zen, Frantziara, Sorbonan 1914an Ekonomi-doktore titulua lortuz. Erbestean, boltxebikeak eta mentxebikeak batzearen alde egin zuen, baina 1914an hasi zen Lehen Mundu Gudak eta bere posizio internazionalistak boltxebikeen aldera lerratu zuen berriz.

1917an, Leninen tren berdinean itzuli zen Errusiara (apirilean iritsiz) eta Moskun agitazio boltxebikea egin zuen. Segituan,  Moskuko Komite Boltxebikerako aukeratua izan zen. Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusian hizlari nagusietako bat izan zen eta Komite Zentralerako aukeratu zuten (1919 arte egon zen postu horretan). Pravda egunkariko erredakzioan parte hartu zuen, eta baita ere honen zuzendaritzan. Irailean, Petrogradeko Sobieteko zuzendaritza berriaren kide aukeratu zuten. Urriaren 10eko Komite Zentralaren bilera historikoan parte hartu zuen, eta gehiengoaren posizioa, matxinada armatuaren aldekoa, babestu zuen Kameneven eta Zinovieven aurrean.

Urriko Iraultza Sozialistaren ostean, banketxeen arduradun izendatu zuten (1918ko martxoa arte egon zen postu horretan), banketxeak nazionalizatu zituelarik: E.H. Carren arabera, Sokolnikovek aurkeztu zion VTsIKi banketxeak oposizioarekin lan egiten zeudenaren frogak biltzen zituen eta banketxeen nazionaltzea gomendatzen zuen txostena. Vikzhel trenbideen sindikatuak boltxebike, mentxebike eta eseristen koaliziozko—Gobernu bat osatzeko negoziazioetan parte hartu zuen, baina negoziazio horiek huts egin zuten.

1918ko urtarrilean, Brest-Litovskeko akordioaren aurrean, hasiera batean Leninen postura (alemaniarrekin bakea sinatzearen aldekoa) defendatu zuen boltxebike apurretakoa izan zen. Hori dela eta, Alemaniarekin negoziazioak egin behar izan zituen ordezkaritza-taldeko kide izan zen. Ostean, ekonomia-lanetan emana izan zen, 1918ko maiatzean, Kontseilu Ekonomiko Goreneko kide izendatu zuten.

Hala ere, boltxebike gehienak bezalaxe, Guda Zibilean zehar, bere ohiko lanak gelditu eta gudara joan behar izan zen: 1918 eta 1919 artean Ekialdeko Frontean egon zen, eta 1919 eta 1920 artean Hego-Ekialdeko Frontean. 1920an Turkestango frontera destinatu zuten, hango basmatxien (Turkestan “errusiarreko” panislamiarren) kontra borrokatzera (formalki, 1923 arte). Turkestanen ardura politikoak ere izan zituen: 1920 eta 1922 artean, Sobieten Komite Exekutiboaren  Turkestanerako Goi Komisarioa izan zen, eta 1920 eta 1921 artean Turkestango Alderdi Komunistako buru.

1921ean berriz itzuli zen ekonomi lanetara. Sindikatuen inguruan Trotski eta Bukharinen postura gogorraren, sindikatuak militarizatzea eta kontrolatzea eskatzen zuenaren alde egin zuen, Alderdiaren gehiengoaren aurka. 1921an Ogasunaren Herri-Komisariotzan sartu zen, Nikolai Krestinskiren pe, baina 1922an (artean Krestinski Alemanian enbaxadore izendatu zuten. Samuel Oppenheim historiagilearen arabera, Sokolnikovek 1921tik, sartu zenetik kontrolatzen zuen Herri-Komisariotza) Ogasunerako Herri Komisario kargurako aukeratu zuten. Postu horretatik, NEP edo Politika Ekonomiko Berria defendatu zuen; Sokolnikoven arabera, ezinbestekoa zen nekazaritza garatzeko, eta nekazaritzaren garapena ezinbestekoa da herrialde osoaren ekonomia garatzeko. Era berean, Sokolnikov kanpo merkatal-harremanen aldekoa zen, eta bere ustez Sobietar Batasunak momentu horretan nekazal produktuak sal zitzazkeen hoberen (Alderdian askok ez zuten herrialde kapitalistekin harremanik izan nahi, horrek epe luzera Sobietar Batasunaren menperakuntza ekarriko zuelakoan). Sokolnikoven arabera, industria laguntzeko modurik onena nekazaria laguntzea zen. Halako posizio moderatu eta “formalista-adituek” alderdiaren ezkerreko aldetik (Juri Larinen aldetik, adibidez) erasoak ekarri zizkioten, baina bere analisi ekonomikoek 1922an berriz Alderdi Komunistako Komite Zentralerako aukeratua izatea ekarri zion (1919an utzi zion kide izateari).

Sokolnikoven ekonomi neurrien artean, diruaren jaulkitzearen erritmoa moteltzea izan zen ezagunenetakoa. Ezker aldeko ekonomistek dirua azkarrago jaulki nahi zuten, honek balioa gal zezan eta honela klase ezberdintasunak errazago ezabatzekoak izango zirelakoan, baina Sokolnikovek esan zuenez, Estatuak (bi gudetatik atera ostean) ez zuen halako jaulkitze erritmoa sostengatzeko adina indar ekonomiko; eta jaulkitze masiboa mantentzeak eragin zezakeen inflazioak Estatu Sozialista itotzen buka zezakeen. Hala ere, Sokolnikoven planek nolabaiteko oztopoa izan zuten, Errusia Sobietarrak eta SESBk ez baitzuten hasieran kanpotik nahikoa inbertsio lortu, industri inbertsioa egiteko kapitala errusiar errekurtsoetatik atera behar zutelarik; hori dela eta, Estatu-kreditua jaulkitzea proposatu zuen. Bere ustez “ekoizpena kredituaren menpe egon behar da, ez alderantziz” eta banketxe sobietarrek hainbeste kontrol izan ez zezaten eta plangintza baten menpe lan egin ez zezatenaren alde zegoen. Kredituaren aldeko kanpaina horrek, Sokolnikovi “merkatu-ekonomia berrezartzearen” edo “merkatu-ekonomiaren printzipio espontaneisten aldekoa izatearen” leporatzea ekarri zion. Egoera horretan, Sokolnikoven arabera, finantza sobietarren lehen helburua, dibisaren egonkortzea izan zen: “ez da hain garrantzitsua prezioak beherantz finkatzea, hauen egonkorra izan daitezkeen baizik”. Sokolnikovek lortutako emaitzen artean, Estatu Sobietarraren finantzaketan diru-jaulkitzeak suposatzen zuen portzentaia 1922an %95a izatetik1923an %16ra pasatzea, eta 1924an diru berririk jaulki behar ez izatea zegoen.

Bere politiken artean, nekazalguneetan berriz ere diruzko zerga ezartzea (1921-22 krisian zehar espezien gaineko zerga ezarri zen) izan zen, zerga-sistema progresiboa, parekidea, sinplifikatua eta zorrotza ezartzea lortu zuelarik. Berriz ere, Guda Zibilaren eta baserritar banden (“Armada berdeen”) kontrako gudaren, eta honek ekarri zuen ekonomi-desantolaketaren ostean, ekonomian Estatuak osotasun bezala funtzionatzea lortu zuen. Bere ustez, hau oso garrantzitsua izan zen, zerga honen gabe “Errusia ezin baitaiteke existitu (…) eta Sobietek ezin baitezakete ekonomian aginterik izan”. Sokolnikovek, Politika Ekonomiko Berriaren jarraitzaile gisa, zenbait sektoretan, Estatuak merkataritza eta kanpo-merkataritza monopolioa lagatzearen alde egin zuen; hala ere, banketxeekiko ez zuen liberalizaziorako joera hori erakutsi. Banketxe pribatuen aurka zegoen, eta Estatu-banketxe handiak sortzearen aldekoa zen (Estatu-Banketxea edo Gosbank, Banketxe Industriala edo Prombank, Kooperatiben Banketxea, Nekazal-Banketxea…). Gosbank zen banketxerik garrantzitsuena, dirua jaulkitzeko monopolioa eta urrezko erreserbak kontrolatzen zituena. Sokolnikov, banketxeen kreditu politika eskuzabalaren aldekoa bazen ere, urrezko erreserbak Estatuaren esku edukitzearen aldekoa zen, finantza-kontrol gogorraren aldekoa, bere ustez, urrea kontrolatzea finantzen zirkulazioa kontrolatzeko giltzarria zen. Sokolnikov kritikatua izan zen Gosbanken “adituak” (horietako asko liberal ohiak) “ideologoen” gainetik jartzearren; adibidez Kutler kadetea eta ministro tsarista ohia Gosbanken eragin handiko gizona izan zen, Sokolnikovek babestua (Sokolnikovek “adituak” lehenesteko politika ez zuen ekonomiara mugatzen, 1919an Armada Gorrian “aditu militar” tsaristak erabiltzearen aldekoa izan zen). 1925erako Sokolnikovek Estatu-aurrekontuan lortu zituen emaitzak ere plazaratu zituen: Estatu-aurrekontua 1913an (azken bake ustean) zuen aurrekontura heldu zen, zorra ordaintzera eta defentsa-gastuetara diru gutxiago eta industri-garapenera eta kulturara diru gehiago emanaz.

1926an, Finantzen Herri-Komisariotza utzi zuenean, GOSPLANeko (Ekonomi Plangintzarako Estatu-erakundeko) lehendakariorde aukeratua izan zen, eta postu horretan 1928 arte eman zuen. Geroago, 1928 eta 1929 artean SESBko industria petrokimikoko lehendakari izan zen, eta 1929an, bere lan diplomatiko zaharrera itzuli zen, SESBk Erresuma Batuan enbaxadore izendatu baitzuen, postu hori hartzen zuen lehena (artean, 1930an Alderdi Komunistako Komite Zentraleko postua galdu zuen). 1933an Moskura itzuli zen eta Kanpo Arazoetarako Herri-Komisariorde izendatu zuten. Hala ere, postu hori 1934an utzi zuen, 1935 eta 1936 artean Industria arinaren Herri-Komisariorde izan zelarik.

Hala ere, Alderdiaren barneko borroketan inplikatzeak, babes politikoa galtzea ekarri zion: Sokolnikov eztabaida guztietan zegoen, eta oso gutxitan Alderdiaren posizio nagusiarekin. 1921an ildo “militarra” babestu zuen, sindikatuak militarizatzearen aldekoa, Trotski eta Bukharinekin bat. 1922an Trotskiren aurka biratu zuen, bere 1917ko historia-liburuak kritikatuz. 1924 eta 1925 artean, Zinoviev eta Kameneven “ezkerreko” ildoa politikoki, baina ekonomi arloetan “eskuinekoa”, biak Alderdiaren zuzendaritzaren kontra, babestu zituen. 1926ko Alderdiaren Biltzar Nagusian Stalin Idazkari Nagusi kargutik kentzearen alde egin zuen, Stalinek bere posizio “merkatal-zaleegiak” kritikatzen zituelako. 20 hamarkada bukaeran “eskuineko ildoan” kokatu zen berriz, Politika Ekonomiko Berriaren jarraipenaren alde egin zuen, Alderdiaren gehienak eta Stalinen ildoak industrialtzea proposatzen zutelarik. Sokolnikov Bosturteko Planen kontra agertu ohi zen, eta hori dela eta Alderdiaren barruan posizioak galtzen hasi zen: 1930an Alderdiko Komite Zentraleko kide izateari utzi zion, eta Komite Zentralerako “hautagai” soilik izanen zen. 1936an Alderditik kanporatua izan zen. 1937an epaitua izan zen, Estatu Sobietarraren kontrako ekintzak zirela eta, eta 10 urteko kartzela-zigorra jarri zioten. 1939an kartzelan hil zen.

E.H. Carr, errusiar iraultzaren historiagile handiaren arabera, Sokolnikov “finantzetarako Alderdairen aditua” zen.

(Anekdota: Bere alderdiko ezizena “Brilliant” zen).