Liber, Mikhail

Lituanian jaiotako mentxebike judutarra. 1896tik politikan murgiildutakoa, 1897an sortutako Bund erakundearen sortzaileetako bat izan zen, eta 1902an Bundeko Komite Zentraleko kide izan zen (artean, 1899an atxilotua izan zen). 1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren II Kongresuan parte hartu zuen, Bunden ordezkari gisa (Biltzar Nagusi horretara Bund gonbidatua zegoen, baina boltxebike eta mentxebikeen arteko zatiketa baino lehenago atera ziren, Alderdi Sozialdemokrataren baitan “erakunde berezi” gisa onartuak izan ez zirelako). Liberrek paper handia izan zuen Biltzar Nagusi horretan. 1905ko iraultzan parte-hartzea izan zuen, eta San Petersburgoko Sobietaren parte izan zen. 1906an Bund gehienak egin bezalaxe, mentxebikeekin lerrokatu zen Liber, eta 1907an Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokrataren Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, fakzio mentxebikearen aldetik. Behin kargu horretan aritu izan zela, “liikidazionisten” fakzioan kokatu zen, hau da, boltxebikeekin harremanak erabat haustearen aldekoen eta alderdi-lana legezko bideei mugatzearen aldekoen artean. “Legalista” izan arren, hainbat aldiz atxilotu zuten tsarismoaren garaietan.

1914ko guda hasi zenean, Liber fakzio “pazifistan” kokatu zen, hau da, gudaren kontra jarri zen, baina guda altxamendu proletarioez geratzearen alde egin beharrean, “bake orokor” baten alde egiten zuen. 1917an, Otsaileko iraultzarekin bat, Errusiak guda inperialistan jarraitzeren aldeko fakziora pasa zen, Errusia jada “herrialde demokratikoa” zen aitzakiaz, guda “demokraziaren defentsa” bezala irakurrita (zuzendari mentxebike eta eserista gehienek egindako irakurketa honi “defentsismo demokratikoa” edo “defentsismo iraultzailea” deitzen zitzaion). Gainera, Petrogradeko Sobieteko zuzendaritzako kide izan zen, otsaileko egunetan hala izendatua; postu horretatik, Liberrek Sobietaren eta Dumako Kideen Komitearen arteko negoziazioak erraztu zituen Behin-Behineko Gobernua sor zedin. 1917ko ekainean Errusia Osoko Langileen Sobieten I Biltzarrean, Sobieten Komite Exekutibo Zentralaren kide aukeratu zuten. Liber Behin-Behineko Gobernuarekin koalizioa egitearen oso aldekoa izan zen, eta boltxebikeekiko edozein hurbilketaren kontrakoa (honekin batera, mentxebikeen ezkerreko ildoarekin, Martovek zuzendutakoarekin, ere hautsi zuen). Garai hauetan Bundek erabat egin zuen bat mentxebikeekin, beraz, 1917ko abuztuan Liber Alderdi Mentxebikearen zuzendaritzaren parte izatera pasa zen. 1917ko urrian, Iraultza Boltxebikearen kontra ageri izan zen, eta mentxebikeak boltxebikeen gobernuan sartzearen edozein aukera edo proposamenen kontra egin zuen (horregatik, 1917ko azaroan Martovek alderdi mentxebikearen zuzendaritza hartzerakoan, Liberrek zuzendaritza utzi egin zuen, nahiz eta 1918an berriz bat egin). Gudan zehar, boltxebikeen kontra hitz egin zuen, baina paper aktiboegia izan gabe. 1922an garai labur batez atxilotua izan zen, baina laster askatu zuten. 1937an ere atxilotua izan zen. Liber 40 hamarkadan kausa naturalez hil zen.

(Anekdota: Liber Feliks Dzerzhinski boltxebikearen koinatua zen).