Tsiurupa, Oleksandr

Ukrainar boltxebikea, ogibidez nekazal-ingeniaria eta estatistikalaria. 1891tik zirkulu marxistetan aktibo zelarik, lehen atxiloketa 1893an urtean jasan zuen Vozrozhdenie (“Berpiztea”) aldizkaria ateratzearren; eta 1895an eta 1902an berriz atxilotua izan zen. 1898tik Alderdi Sozialdemokrata (marxista) Errusiarraren kide. 1900tik Iskra aldizkarian lan egiten zuen eta 1903an boltxebikeekin lerratu zen. Ordutik ingeniari eta estatistika-egile bezala egin zuen lan; baina aldi berean Kharkov, Tula, Tambov eta Ufa eskualdeetan alderdi-lana egin zuen. 1905 eta 1907 artean Ufa eskualdean matxinadak zuzendu zituen. Urriko Iraultzaren garaietan, Uraletako Ufa hiriko Komite Iraultzaileko kide izan zen. Postu horretan, janariaren kontzentrazioa eta janari birbanaketa sistema has zituen, lan horren arrakastak ezagun egin zion zuzendaritza boltxebikearen artean, eta Leninen proposamenez hiriburura joan zen. Hortik aurrera, Estatu Sobietarraren goi-postuetan egin zuen lan, betiere, ekonomi postuei lotuta. 1917tik aurrera, Elikadurarako Herri Komisariotzako komisario-orde izan zen, eta 1918tik aurrera, Elikadurarako Herri Komisario, 1921 urtea arte (NEP Politika Ekonomiko Berria hastearekin batera, aurreko politika ekonomikoari hain lotuta zegoen gizon bat ez zen postu horretan jarraitzeko egokiena). Bera izan zen Hornikuntza Batzordeak sortzea proposatu zuena, hau “guda-komunismoaren” politikaren zutarrietako bat izan zelarik: hau da, merkataritzan prezioak finkatzeko, eta hirietako gosea arintzeko baserri-guneetako soberakinak espropiatzeko ardura zuten taldeak sortzea proposatu zuen. Honela, Tsiuruparen politika ekonomikoak guda irabazteko giltzarri suertatu ziren, eta klase borroka nekazalgunera eraman zuen.

1921an Sovnarkomeko lehendakariorde aukeratua da, eta Lanerako eta Defentsarako Herri Komisarioa baita ere. 1922-1923 artean Ikuskaritzarako Herri Komisarioa izan zen (Sovnarkomeko lehendakariorde postua mantenduz), eta 1923 eta 1925 artean, GOSPLANeko lehendakari. 1925an, Merkataritzarako Herri Komisario izendatua da. Gainera, 1923an (Alderdi Boltxebikearen XII Biltzar Nagusian), Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1928an hil zen.

Leninek “Tsiurupa inoiz izan dugun Herri Komisario onenetarikoa dugu” esan zuen behin.