Lvov, Georgi

Errusiar politikari liberala. Bere politikarako interesa, XIX mende bukaeran eta XX mende hasieran batez ere noblezia liberalak osatu zituen tokiko autogobernurako organoetan, zemstvo izenekoetan, hasi zuen. Errusiar-Japoniar gudan, zaurituak artatzen lagundu zuen. 1905ko iraultzarekin batera, Alderdi Kadetean eman zuen izena. Hala ere, Orlando Figes historiagilearen arabera: “Lvov ez zen sekula ere alderdiko gizon bat izan (…) teoria politikoa oso urrun ikusten zuen, askotan eseristak eta marxistak nahasten zituen (…) baina bere izpiritu praktikoak eta adostasuna bilatzekoak alderdi barruan gizon estimatua egin zuten, alderdi-barneko eztabaida bat zegoen bakoitzean, beti eskatzen zioten iritzia”. Dumarako diputatu hainbat aldiz aukeratua izan zen, eta Sergei Witte lehen ministroak ere ministro kargua eskaini zion, berak uko egin  zuen arren. 1913an Moskuko alkate aukeratua izan zen, baina ezin zuen kargua hartu, Gobernuak betatua izan baitzen.

1914an guda-produkziorako erakunde zibiletan egin zuen lan, batez ere Zemstvoen Batasuneko buru izan zen, eta erakunde honek eta Hirien Batasunak bat egitean erakunde berriaren, Zemgorren buru ere izan zen. Horrek Gorteko politikariekiko bere amorrua handitu egin zuen. 1916 eta 1917 artean, Lvov jauregi-kolpe edo Estatu-kolpe bigun liberal baten ideiara gerturatzen hasi zen.

1917eko otsaileko egunetan, ez zuen oso paper handirik izan, ez baitzen lehen mailako politikaria izan. Dumako Kideen Behin-Behineko Komiteko kidea izan zen, baina ez lehen lerroan. Martxoaren 1ean, Behin-Behineko Gobernuko lehen ministro gisa Lvov ezartzea, ziurrenik, lehen aipatutako “izpiritu praktiko eta adostasunezkoagatik” izan zen, eta baita agian bere alderdiari hain lotua ez egona izanagatik, horregatik alde guztientzat onargarriagoa izan zatekeelako.

Lvovek lehen ministro gisa izan zuen papera, burgesiaren interesen alde egitea izan zen. Hala ere, ematen duenez, bere izaera “adostasun-zaleagatik” ez omen zen esku-sartzeen aldekoegia, Orlando Figesen arabera, “agian Lvov egokiagoa zen Londreseko alkate bezala, 1917ko Errusia korapilatsuko lehen ministro gisa baino”. Honen inguruan, balorapen ezberdinak daude, baita historiagile liberalen artean ere: Figesen arabera “Lvov berez oso pertsona baikorra zen, eta berak uste zuen “herriak” berez jakingo zuela bere arazoak konpontzen”; baina Richard Pipesek oso ikuspegi negatiboa du: “Lvoven populismoa erradikala, anarkismoaren mugan zegoena (…) dena “herriaren” bizkar ezartzean zetzan, berak erabakirik hartu behar izango ez balu eta dena “erregistratzera” mugatu beharko balitz bezala”. Karguan 1917ko uztaila arte eman zuen, uztaileko krisian zehar, errusiar herriaren (batez ere langileen artean) zuen autoritate eskasaz konturatu zelarik.

Urriko Iraultza Sozialistan zehar atxilotua eta gero Jekaterinburgen espetxeratua izan zen, baina geroago kartzelatik ihes egin zuen. Iraultza honen kontrakoa izaki, Armada Zuriarekin lerratu zuen bere burua. Parisko “Kontsulta Politikoa” erakunde zuriaren buru izan zen. 1919an AEBtako lehendakari Woodrow Wilson Armada Zuria lagun zezan konbentzitzen saiatu zen. Bere bizitzaren azken urteetan, batez ere Politika Ekonomiko Berria zela eta, Sobietar Gobernuari aintzatespen egin zion, hitz hauekin: “Orain, Errusian, Estatua, akatsak akats, inoiz baino gehiago herriarena da”.