Terextxenko, Mikhailo

Ukrainar enpresari, bankari, lurjabe eta politikari liberala. Bere familia, kosakoen ondorengoa, azukre-produkziozko enpresetan nabarmendu zen, eta arte bilduma handi bat zuen (arte museoen mezenas bezala ezaguna zen Terextxenko familia, eta Milhaiklo Terextxenkok Kieveko Musika-Eskola egiten lagundu zuen). Gaztetatik hizkuntza asko zekizkien (13 bat esaten denez), eta ekonomia eta zuzenbidea ikasi zituen. 1912an, 26 urte zituela, Dumako diputatu aukeratu zuten (1917 arte kargu horretan), eta urte berean “Sirin” argitaletxeko buru izatea lortu zuen, honek errusiar idazle eta intelektual asko ezagutzeko aukera eman ziolarik (azken hau, 1914 urtea arte). Guda hasterakoan, Gurutze Gorrian egin zuen lan, eta guda-produkzioa antolatu eta erreformatu nahi zuten “gizon ospetsu” liberalek osatutako elkarte askoren kide egin zen, adibidez Hirien Batasunaren zein Zemstvoen Batasunaren zuzendaritzako kide. Guda-Industrien Komiteko buru Aleksandr Gutxkoven gertuko laguntzaile izan zen. Otsaileko Egunetan zehar, Dumako Kideen Behin-Behineko Komiteko kide izan zen.

Otsaileko iraultzaren ostean, Behin-behineko Gobernuko finantza-ministroa gisa ezarri zuten, ia-ia ezezagun bat zelarik. Ideologia liberalekoa izan arren, ez zen inongo alderdi politikoko kide. Apirileko Miliukov Oharraren ondorengo honen kontrako protesten eraginez, Miliukovek dimititu egin behar izan zuenez, maiatzean Terextxenkok Kanpo Arazoetarako Ministro gisa ordeztu zuen Miliukov. Terextxenkok praktikan Miliukovek jarraituz zuen politika bera jarraitu zuen: aliatuekin loturak mantendu eta guda inperialistarekin jarraitzearen alde zegoen, nahiz eta modu bigunagoz eta ez hain oldarkorrez esan eta Sobietaren “anexiorik eta indemnizaziorik gabeko bakea” leloa formalki onartu (adibidez irailean orduko guda ministro Aleksandr Verkhovskirekin tentsioa izan zuen, honek armadak gehiagorik ezin zuela borrokatu eta bake-akordioa sinatzea proposatu zuenean). Terextxenko Kerenski lehen ministroaren oso lagun eta gertuko laguntzailea izan zen, honek adierazten du Kerenskik Terextxenko karguan bukaera arte, Urriko Iraultza Sozialista arte mantendu izana. Beste alde batetik, Terextxenko “frantziarren eta britainiarren konfidantzazko gizona” bezala ikusia zegoen, hau da, alaituek Terextxenko Gobernuan zegoen artean Errusia diruz lagunduko zutenaren berme, edo beste ikuspuntu batetik, Terextxenko Gobernuan inposatzen zutela, bestela Gobernuari laguntza kenduko ziotela iradokiz. (Hau, maiatzetik urrira, sozialista “defentsistek” askotan erabili zuten argudio bat izan zen, burgesiarekin koaliziorik gabe, Errusiak aliatuen laguntzak galduko zituela esaten baitzuten). Lenin oso kritiko izan zen Terextxenkorekiko, batez ere kanpo-arazoetarako ministro gisa ezarri ostean: “Terextxenko hau ez da Miliukov baino inperialismo-neurri txikiagokoa, soilik ergelagoa”.

Terextxenko, ukrainarra izanik, 1917ko uztailean Behin-Behineko Gobernuak Ukrainako Radarekin Ukrainaren autonomia negoziatzeko bidali zuen ordezkaritzaren parte izan zen. Autonomia onartzearekin bat liberalek Errusiako Gobernutik dimititu zutenean, Terextxenkok

Gobernuan jarraitu zuen (bera ez baitzen Alderdi Kadetearen parte). Urriko Iraultzan zehar boltxebikeek atxilotu egin zuten. 1918an kartzelatik aske utzi zuten edo ihes egin zuen (bertsioen arabera) eta Norvegiara joan zen, gerora Frantzian bizitzen jarri zelarik. Guda Zibilean zehar, Armada Zuriaren alde egin zuen, diruz lagunduz. Guda Zibila bukatuta, enpresa-iharduetara eta arte bildumetara emana izan zen.

(Anekdota: Munduko bigarren diamante urdin handienak, bere izena du: Terextxenkoren Urdina. Mikhailo Terextxenko 1913an egin zen bere jabe, Indiatik ekarrita eta Cartierrek zehaztuta. Berarekin batera atera zuen Errusiatik, eta 1984an saldu zuten.).