Raskolnikov, Fiodor

Militante boltxebike errusiarra. Ogibidez, karrerazko marinel. 1910tik Alderdi Boltxebikearen kide, urte horretan atxilotuan eta erbestera (Alemaniara) bidalia izan zen, hurrengo urteetan Errusiara itzuli eta berriz atxilotua izan zelarik (1913an aske utzi zuten). 1912tik Pravda egunkarian lan egin zuen, eta 1914an Zvezda (“Izarra”) aldizkarian baita. Kronstadt hiriko boltxebikeen zuzendaria izan zen, oso postu garrantzitsua, kontuan izanik Kronstadt izan zela 1917an boltxebikeen indargune garrantzitsuenetako bat. Kronstadteko Sobietaren lehendakariorde izan zen. 1917ko maiatzean Kronstadten Behin-Behineko Gobernuaren kontrako altxamendua hasi zuen, Kronstadteko Errepublika Sobietarra sortuz (maiatz bukaeran Gobernuarekin adostasun formal batera iritsi ziren, baina Kronstadteko Sobietak bere burujabetza mantendu zuen). Erakunde Militar Boltxebikeko kidea ere bazen.

1917ko Uztaileko Krisian, Kronstadteko marinelak Petrogradera zuzendu zituen, joko politiko oso zuzena erabiliz: hasiera batean, uztailaren 3ko goizean ordezkari anarkistak Kronstadtera joaterakoan (artean Alderdi Boltxebikeak ez zuen ezer ere erabaki), lehenik espektatibak hoztu egin zituen, eta gero, iluntzean behin Alderdi Boltxebikea manifestazioetara batu zela jakinda, Kronstadteko marinelak Petrogradera zuzendu zituen, manifestazio armatuan Alderdi Boltxebikearen erakundeen pe parte hartzera (eta horrekin, beste ezkerreko fakzioen gainetik, Kronstadteko Sobietean boltxebikeen kontrola ziurtatu zuen); uztailaren 4an Petrogradera iritsi zirelarik (Raskolnikovek zuzendu zuen Kronstadteko marinelen blokea egun hartako manifestazioetan). Uztailaren 6an, Kronstadteko goarnizioaren erretiratzea negoziatu behar izan zuen; hasieran, Sobietaren zuzendari mentxebikeek boltxebikeak ez jazartzea eta aurreko egunetan egindako presoak askatzea agindu zioten, baina gerora, Mikhail Liber mentxebikeak berme horiek erretiratu zituen, eta Raskolnikovek, baldintza zail horietan erantzuna eman behar izan zuen (ordurako marinel gehienak Kronstadtera itzultzen ari ziren).

Urriko Iraultzaren ostean, bai Petrograden (Kerenski-Krasnov matxinadareen kontra) Moskun borrokatu zuen kontrairaultzaileen kontra. Itsas-armadan egin zuen karrera militarra, nolabaiteko ezusteko batekin baita ere, 1918ko abenduan Baltikoan britainiarrek atxilotu zuten, eta Gobernu Sobietarrak bera eta beste zenbait borrokalari gorri britainiar hiritar batzuengatik aldatu zituen. 1919an, Volga ibaiko ontzi gorrien komandante izendatu zuten. 1920an Itsas-Armada Gorriaren zuzendaria izan zen, eta bere zuzendaritzaren pe Kaspio Itsasoko itsas-armada zuriaren azken ontziak atxilotuak izan ziren. 1921an, Kronstadteko matxinada antiboltxebikea gertatu zenean, bera izan zen Kronstadteko boltxebikeen zuzendaria, Alderdiaren posizioa oso egoera zailean defendatu zuelarik. Ekonomi eztabaidetan, Trotskiren posizioaren alde egin zuen, hau da, sindikatuak militartzearen alde. 1921tik aurrera sobietar enbaxadore izan zen; 1921 eta 1924 artean Afganistanen, eta 1930-1938 artean Estonian, Danimarkan eta Bulgarian (1924 eta 1930 artean Molodaia Gvardia (“Goardia Gaztea”) literatur aldizkariaren burua izan zen, eta bere antzezlan  bat ere idatzi zuen: Robespierre). 1938an Moskura itzultzeko esan ziotenean, uko egin  zuen, 1939an bere buruaz beste egin  zuelarik ( beste batzuen ustez, Sergei Efron emigratu zuriak, Marina Tsvetaieva poetaren senarrak hil zuen Raskolnikov. Hirugarren bertsio baten arabera, baina historialarien arabera sinesgarria ez dena, Efron jada NKVDrentzat lanean ari zen Raskolnikov hil zuenean).

(Anekdota: Bere benetako izena Fiodor Ilin zen. “Raskolnikov” ezizena, Fiodor Dostoievskiren Krimena eta Zigorra eleberriko Rodion Raskolnikov pertsonaiarengandik hartu zuen. Bere anaia Aleksandr Ilin-Zhenevski boltxebikea eta xakeko Maisu Handia izan zen).