Xaumian, Stepan

Georgian (Tbilisin) jaiotako armeniar boltxebikea, merkatari baten semea. Kazetaria eta literatur kritikaria ere bazen. 1899an zirkulu marxista bat fundatu zuen, 1900an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratarekin bat egingo zuena. 1901an Vedenev Tbilisiko tren-konpainiaren zuzendaria eta langile grebalarien etsaia hil zuen, eta 1902an ikastera erbestera, Alemaniara egin zuen (Rigako politeknikotik bota egin zuten, bere ihardun iraultzailea zela eta). 1903an boltxebikeekin lerratu zen. Itzultzailea ere izan zen, Marxen, Engelsen eta Leninen lanak armenierara itzultzen zituen. 1905ean Errusiara itzuli zen, 1906an Georgiako marxisten konferentziako ordezkaria izan zen (boltxebikeak mentxebikeen ondoan oso gutxi ziren Georgian) eta 1907an Bakuko marxisten liderra izan zen. 1905an, Langileen Alderdi Sozialdemokratako III Biltzar Nagusian ordezkari izan zen (Stockholmen), eta 1907an, Stalinekin eta beste kaukasiar batzuekin batera Londresera joan zen IV Biltzar Nagusian ordezkari izatera (Londresko prentsak bere eta Stalinen argazki bat atera zuen “errusiar terroristak” izenburu sentsazionalistarekin). Stalinekin eta Suren Spandarian izena zuen beste armeniar batekin Bakinski Rabotxi (“Bakuko Langilea”) egunkaria sortu zuen. 1907ko Tbilisiko Bankuko legendazko lapurretaren antolatzaile bat izan zen Stalinen agindupean. Hain handia zen bere itzala kaukasiar iraultzaileen artan, ezen “Kaukasoko Lenin” deitzen zioten: Boltxebike eta mentxebikeen zatiketaren ostean, armeniar ia denak boltxebikeen alde paratu zitezen lortu zuen (georgiarren kasuan kontrakoa zenean). Antza denez, 1909an bere lagun Stalinekin haserretu zen, Xaumianek lan pribatu bat hartu zuelako, eta jada bizitza klandestinoa utzi nahi zuelako. 1909an eta 1911an berriz izan zen atxilotua. Autodeterminazioaren inguruan Leninekin eztabaidatu zuen (Xaumian luxemburgista zen, hau da, autodeterminazioa onartzearen kontrakoa, Lenin aldiz, aldekoa). 1914an Bakun greba orokor handi bat izan zen, Xaumian antolatzaile izan zelarik. Atxilotua izan zen, eta 1917 arte kartzelan egon zen. Iraultzaren ostean Bakinski Rabotxi egunkaria birsortu zuen eta Bakuko Sobieteko lehendakaria izan zen.

Urriko iraultzaren ostean, Xaumian Kaukasorako Goi-Komisario izendatu zuen Gobernu gorri berriak. Hala ere, Urriko Iraultzak Kaukasoan apenas izan zuen berehalako eraginik, han mentxebikeen eta beste alderdien indarrak nagusi baitziren (eta geografiak zail egiten zuen Errusiatik laguntza bidaltzea). Xaumianek bere trebetasun politikoa erakutsi zuen eta Bakuko Sobieteko indar nagusia boltxebikeak izan zitezen lortu zuen. Bestetik, ilegaltasunean, Transkaukasiako boltxebikeen konferentzia bat antolatu zuen 1917ko azaroan. Bakuko Sobieteko lehendakari gisa; bere erabakien artean Kaukasoko boltxebikeek eta Bakuko Sobietak Transkaukasiako Kontseilua ez onartzea zegoen. 1918ko apirilean, Bakun azerbaijandarren eta armeniarren artean izandako istilu batzuen ostean, Bakuko Komuna aldarrikatu zuen, botere sobietarraren azpian, Xaumian bera lehendakari zelarik (hala ere, Baku bakartua zegoen, Estatu antiboltxebike batek, Transkaukasiako Errepublika Demokratiko Federalak inguratzen zuelarik -1918.eko otsailean aldarrikatutakoa-).

Xaumianen politika, Komunaren barruan zenbat eta alderdi gehiago sartzea izan zen; hala, boltxebikeez gain, eseristak, mentxebikeak eta armeniar nazionalistak zeuden Baku sobietarraren boterean. Alta 1918.eko maiatzean Transkaukasiako Errepublika desegin eta zatitu ondoren, Baku Azerbaijango Errepublika Demokratikoaren lurrez inguraturik zegoen, hauek Turkiaren laguntza zutelarik. Bakuko Komunak bitan erretxazatu zituen turkiar eta azeriar nazionalisten erasoak, baina egoera zailagoa bihurtzen ari zen. Hala, Pertsian zegoen britainiar lider militarrak Lionel Dunsterville jeneralak laguntza “eskaini” zion Bakuko Sobietari. Honek Komunaren baitan zatiketa bat ekarri zuen: mentxebikeak, eskuineko eseristak eta armeniar nazionalistak britainiar inperialisten laguntza onartzearen aldeko izan ziren, boltxebikeak eta ezkerreko eseristak ordea, kontra. Uztailean, Bakuko Sobieteko moderatuek gehiengoa lortu zuten eta Xaumian eta bere aldekoak kargugabetu eta atxilotu egin zituzten, Baku britainiarrei zabaldu ziotelarik (hala, Bakuko Komuna “Kaspio-Zentraleko Diktaduraz” ordeztua izan zen). 1918.eko irailean kartzelatik ihes egin eta Kaspioan itsasontzi bat atera zuten, Errusiara joateko asmoz, baina itsasontzia eseristek atzeman eta Kislovodsk hirira eraman zuten. Han, Xaumian eta bere aldekoak, “26 Komisarioak”, fusilatuak izan ziren. Stepan Xaumianen seme Levan Xaumian Stalinek eta bere familiak hazi zuten.