Bontx-Bruievitx, Vladimir

Errusiar boltxebikea, poloniar jatorrikoa (bere abizena polonieraz Boncz-Brujewicz idazten da). Topografia ikasketak egin ostean, 1892an militantzia politikoari lotzen zaio, hasiera batean sindikalgintzan, 1895ean marxismoarekin bat egin zuelarik (ziurrenik Lenin beraren eraginez, zeina 1894an ezagutu zuen). 1896an Suitzara  egin zuen ihes, eta handik Iskra (“Txinparta”) aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen. Bere lan politikoarekin batera, antropologiazko lanak atera zituen, adibidez, Lev Tolstoi idazle handiarekin lan egin zuen Dukhobor zirelakoen sekta “izpirituzko kristauari” buruz ikerketak eginez (are bi liburu atera zituen sekta horri buruz). Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata bitan zatitu zenean, Bontx-Bruievitx hasieratik boltxebikeekin lerratu zen. 1903an Zaria (“Egunsentia”) aldizkari b0oltxebikea ateratzen lagundu zuen. 1905an berriz Errusiara egin zuen, eta San Petersburgoko matxinada armatuaren zuzendarietako bat izan zen. 1905etik aurrera hainbat aldiz atxilotu zuten, baina ez zuen kartzela-zigor luzeegirik pairatu. 1906-07 artean Naxa Misl (“Gure pentsamoldea”) aldizkaria editatu zuen. 1908tik aurrera Zhizn i Znanie (“Bizitza eta Jakituria”) argitaletxe boltxebikearen buru izan zen (Alderdi Sozialdemokrata oraindik guztiz frakturaturik ez zegoela, argitaletxe hau oso garrantzitsua izan zen gerora boltxebikeen erakundea sostengatzeko),  1910ean Zvezda (“Izarra”) aldizkaria atera zuen, eta 1912ko kongresu boltxebikearen ostean Pravda egunkariaren erredakzioaren parte ere izan zen.

1917an Petrogradeko Sobietaren Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten, eta Izvestia  egunkariaren editoreetako bat izan zen (maiatzean kargua utzi zuen, Petrogradeko Sobietak Behin-behineko Gobernuari babesa adierazi zionean). Rabotxi i Soldat (“Langilea eta Soldadua”) egunkariaren zuzendari izan zen, egunkari hori Pravda debekatu zuteneko garaietan, Pravdaren ordezko egunkaria izan zen. “Goardia gorria” terminoa berak erabili zuen lehen aldiz, langile miliziak sortzeko proposatzean. Uztailean, Kerenskiren Gobernuak Bontx-Bruievitx atxilotzeko agindua eman zuen, beraz ihes egin behar izan zuen. Urriko Iraultza Sozialistan paper garrantzitsua izan zuen: bera izan zen Sobietar Gobernua aldarrikatzen zuen Leninek irakurritako adierazpena idatzi zuena, eta Gobernu Sobietarraren lehen dekretuak berak (“Bizita eta Jakituria” argitaletxearen bidez) argitaratu zituen. Urriko Iraultzaren ostean, Herri Komisarioen Biltzarreko (Sovnarkom)kide izan zen Sovnarkomen Administrazio Bulegoaren zuzendari bezala bezala (hau da, herri komisario ezberdinen koordinatzaile antzeko bat zen). Segurtasun lanetan ere nabarmendu zen, 1917ko abenduaren 4an Errusia Sobietarraren historiako lehen segurtasun berezirako komisioa (Txeka baino lehenago), Pogromen Kontra Borrokatzeko Komisioa, sortzerakoan, honen buru izendatu zuten; eta 1918ko martxoan Txeka sortzerakoan, antza bera izan zen honen buru Feliks Dzerzhinski proposatu zuena. 1918ko otsaila eta martxoaren artean Petrograd Defendatzeko Batzorde Iraultzailearen kide izan zen. Leninen idazkari pertsonala ere izan zen (hainbeste zen Leninek Bontx-Bruievitxengan zuen konfindatza, ezen 1916an Leninen ama hil zenean, eta Lenin eta bere anai-arrebak erbestean edo atxilotuta zeudelarik, Bontx-Bruievitx izan zela Leninen partez hiletara joan zena, eta hilkutxa eraman zuena; 1917ko uztailean Lenin Bontx-Bruievitxekin batera joan zen oporretan Finlandiara; eta are 1917ko urrian, Iraultzaren osteko egunetan, Leninek Bontx-Bruievitxen etxean egin zuen lo). 1918ko otsail eta martxoaren artean Petrograd Defendatzeko Komite Iraultzailearen kide izan zen. 1918ko martxoan, hiriburutza (eta horrekin batera Gobernu-pertsonala eta materialak) Petrogradetik Moskura aldatzeko lanen arduradun izan zen. Hortik aurrera, Moskura lekualdatua izan zen, eta 1918-1919 artean, Moskun, osasunaren arloko zenbait instituzioren kide izan zen (tartean, Sobietar Medikuen Bazkuneko lehendakariorde). 1918an Sobietar Zientzien Akademiko kide izan zen, eta hurrengo urteetan historialari gisa karrera egin zuen. 1924an, Leninen familiaren eta Alderdi Boltxebikearen arteko koordinatzaile izan zen Leninen hileta antolatzeko lanetan. 1933tik aurrera Moskuko Literatur Museoaren zuzendaria izan zen, eta 1945 eta 1955 artean Erlijioaren eta Ateismoaren historiaren Museoaren zuzendari. 1955ean hil zen.

Bere paper garrantzitsu baina ez hain ezaguna zela eta “boltxebikeen kardinal grisa” ezizenaz ezagutzen du errusiar historiografiak.

(Anekdota bi: a) Bere anaia Mikhail Bontx-Bruievitx komandante militarra zen. b) 1918an Bontx-Bruievitxek Lenini soldata igo zion, hau ohartarazi gabe. Jabetzerakoan Leninek errieta egin zion Bontx-Bruievitxi).