Volodarski, Moisei

Ukrainan jaiotako boltxebike judutarra. Politikan 1905ean sartu zen, 14 urte zituela, lehenik Bund judutar alderdian eta gero “Spilka” deitutako ukrainar alderdi sozialista eta nazionalista batean. Spilka laster mentxebikeekin lerratzerakoan, alderdi honetako kide egin zen Volodarski. 1908an eta 1911an atxilotua izan zelarik, 1913an aske geratzean AEBtara erbesteratu zen. Guda inperialistarekin bat, Volodarski mentxebikeen ezkerreko adarrarekin (gudaren kontrakoekin) batu zen. AEBn gudaren kontrako errusiar sozialista erbesteratu gehienak boltxebikeak zirenez, pixkanaka tesi horietara mugitzen hasi zen Volodarski, batez ere, AEBn ere bazegoen Bukharinen bidez. 1917ko maiatzean, ostean Errusiara itzuli zenean, Mezhraionka taldearekin bat egin zuen (boltxebikeen eta mentxebikeen arteko batasuna bilatzen zuen taldea), eta Mezhraionkak uztailean boltxebikeekin bat egiterakoan, Volodarski ere boltxebikeekin bat lerratu zen. Uztaileko Egunetan zehar, oraindik alderdikide ez zela (Mezhraionkak oraindik ez zuen boltxebikeekin bat egin), garrantzitsua izan zen Putiloveko langileek klandestinitatean zeuden boltxebikeei babesa publikoki adieraz ziezaien. Irailean, Petrogradeko Sobieteko exekutibako kide aukeratu zuten. Komite Zentralaren kide ez zenez gero, ez zen urriko 10eko bilera historikoan egon, baina Kamenev eta Zinovievekin bat egin zuen boltxebike apurrenetakoa izan zen (hala ere, ez zuen hauek bezala bere postura publiko egin). Urriko Iraultzarekin bat burutu zen Sobietaren II Biltzar Nagusian VTsIKeko kide aukeratu zuten. Urriko Iraultzaren ostean, Brest-Litovskeko Itunaren kontra ageri izan zen, baina ez zen oposizio horretan nabarmendu. 1918an, boltxebikeen prentsa eta agitaziorako arduradun aukeratu zuten. Armada Gorriko agitatzaile bezala ere egin zuen lan, lehenik Errumaniar Frontean, eta gero Errusia Iparraldean. Krasnaia Gazeta (“Kazeta Gorria”) egunkaria fundatu zuen. 1918ko ekainean, eskuineko  eserista batek, Grigori Semionovek, tiroz erail zuen.

Anatoli Lunatxarskiren arabera, Moisei Volodarski inoiz Alderdi Boltxebikeak izandako propagandistarik onenetakoa izan zen.