Samoilova, Konkordija

Errusiar militante boltxebikea. Lehen aldiz 1901ean izan zen atxilotua, eta hiru urtetako kartzela-zigorrarekin zigortu zuten. 1902an Parisera egin zuen ihes, erbesteko zirkulu marxistekin bat eginez. 1903an boltxebikeekin lerratu eta Errusiara itzuli zen, Tver eskualdera, hango komite boltxebikea eratu zuelarik. Ordutik 1917 urtea arte beste lau aldiz atxilotua izan zen, berak bere bizilekua askotan aldatu behar izan zuen. 1907an, Langileen Alderdi Sozialdemokrataren V Biltzar Nagusirako ordezkari aukeratu zuten, eta 1909an alderdiaren Petrogradeko Komiteko kide izan zen. Petrogradeko sindikalgintzan, batez ere ehungintza langileen artean nabarmendu zen, hizlari bikaina izanaren ospea baitzuen. 1912an boltxebikeen Pravda egunkariaren sortzaileetako bat izan zen. 1913ko Otsailaren 23an, Errusian lehen aldiz Emakumeen Nazioarteko Eguna publikoki ospatzeko mitina berak antolatu zuen (orduko errusiar egutegia 13 egun atzerago zebilen, beraz, beste herrialdeetan martxoaren 8 zena, Errusian otsailaren 23 zen); ospakizun hori emakume langileei zuzendutako mitin bat izan zen, mitinak arrakasta handia izan zuelarik. 1914tik aurrea, Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) egunkaria ateratzen lagundu zuenetako bat izan zen (aldizkari hori 1914ko otsailaren 23an, – atera zen, baina ekainean Gobernuak itxi egin zuen. 1917an berriz atera zen, eta Samoilova ere aldizkariaren edizio-taldean egon zen). Urriko Iraultzaren ostean, Alderdi Boltxebikeak hezkuntza politikorako departamendura bidali zuen Samoilova. 1917an Petrogradeko Emakume Langileen Lehen Biltzar Nagusia antolatu zuen. Kommunistka (“Emakume Komunista”) eta Krasnaia Zvezda (“Izar Gorria”) aldizkarientzat lan egin zuen. 1918an Errusia Osoko Emakume Langileen Lehen Biltzar Nagusiaren antolatzaileetako bat izan zen. 1919an Zhetnotdel erakundearen (boltxebikeen genero-askapenerako erakundea) Ukrainarako buru izan zen. 1921an hil zen, kolera-gaixotasunak jota.

(Anekdota: Hain boltxebike sutsua zen, ezen bere ezizentzat “Nataxa Bolxevikova” hartu zuen).