Gutxkov, Aleksandr

Errusiar politikari liberal-kontserbakorra. 1893an Moskuko zinegotzi aukeratua izan zen., eta 1901an banketxe batetako zuzendari aukeratu zuten. Gaztetan abenturazalea izaki, Turkiar Armaniara, Mongoliara eta Txinara bidaiak egin zituen, baita gudetan parte hartu ere: 1898 eta 1902an boerren matxinadan parte hartu zuen (britainiarrengatik atxilotua izan zen), eta 1903an Mazedonian, turkiar inperioaren kontrako Ilinden Matxinadan parte hartu zuen. 1905an Errusiar-Japoniar gudan Gurutze Gorriko kide moduan parte hartu zuen (japoniarrek atxilotu egin zuten). Tokiko autogobernurako zemstvo mugimenduan inplikatu zen, eta hortik politikara salto egin zuen, eskuineko “Urriaren 17ko Batasuna” alderdia sortuz (kadeteak, bere ustez ez ziren “errusiar tradizio politikoari” lotuak, bere ustez, liberalismorako “bide errusiarra” topatu behar zen). Bere ikuspuntua Errusian tsarrarekin kooperatuz “pixkanaka” liberalismoa ezartzea zen, hori dela eta Witte eta Stolipin ministro kontserbakor-erreformistak babestu zituen (biek ministro izatea eskaini zioten, baina uko egin zuen). Gutxkov konbentzituta zegoen Gorteko politikariek Errusiar Armadaren beharrezko ererformak oztopatzen zituztela. Hainbat aldiz Dumako diputatu izan zen, eta 1910ean Dumako lehendakari aukeratu zuten, hala ere, gutxira dimisioa eman zuen, ordura arte babesten zuen Stolipin ministroarekin desadostasunak izaten hasi zelarik. Guda inperialista piztu zenean, honen aldeko posizio nazionalista gogorra egin zuen, eta guda-produkzioa laguntzeko hainbat elkartetan parte hartu zuen, batez ere Guda-Industrien Komiteko burua izan zen. Garai honetako ikuspuntuek, liberalismoa eta nazionalismoa batzen zituztenek, kadeteen buru Pavel Miliukovengana hurbildu zuten; biak zetozen bat guda irabazteko errusiar patriotarik onenak eta eraginkorrenak liberalak zirela, Gortean oinarritutako absolutismoaren gainetik, eta erreformak beharrezkoak zirela (garai hauetan, Gortean, Rasputin buru, gudarekin oso konbentzituta ez zegoen fakzio bat izanak, errusiar liberalei nazionalismoaz absolutismoari gainezka egiteko aukera eman zion). 1916tik aurrera, liberalismoa ezartzeko Estatu-kolpe bigunetarako konspirazio eta kiniela ezberdinen kide izan zen (liberalen arabera, halako Estatu-kolpè bat beharrezkoa zen bai guda irabazteko beharrezkoak ziren erreformak ezartzeko, eta bai iraultza sozial bat ekiditeko). Dumako kide gisa, liberalismoaren alde 1917ko otsaileko egunetan, “Dumako Kideen Komitearen” kide izan zen, itzalpeko Gobernu-asmoak zituen organo honek. Bera izan zen tsarrarengana abdika zezan konbentzitzezko bidaiatu zuen eta martxoaren 2an tsarraren abdikazioa jaso zuen bi politikarietako bat (Vasili Xulgin bestea). Monarkia konstituziogilearen aldeko gisa, Nikolai IIaren anai Mikhail tsar izan zedin konbentzitzen saiatu zen (martxoaren 2ko arratsaldean, tsarraren abdikazioaren berri ematen ari zela, langile batzuek atxilotu eta ia jipoitu egin zuten hitzaldia “gora Mikhail enperadorea!” oihuarekin bukatzearren). 1917ko otsaileko iraultzaren ostean, bere armada-antolaketan zuen esperientziagatik, Guda Ministro aukeratu zuten;  postu horretatik Sobietaren “Lehen Dekretuaren” baliogabetzen saiatu zen (dekretu horrek debekatu egiten zuen unitate militarrak lekualdatzea Sobietaren baimenik gabe), eta Armadaren hierarkizazioa berrezartzen saiatu zen, soldaduen komiteen kontra. 1917ko apirilaren 29an dimititu zuen, Miliukov Oharra eta honen kontrako manifestazioak zirela eta (bere dimisioak ekarri zuen Miliukoven dimisioa). Dimisioaren ostean, Errusiaren Berpizte Ekonomikoaren Elkartea sortu zuen, burges handien elkarte bat zen hori, beren programa “ordena ekonomikoa berrezartzea eta Sobietaren boterea deuseztea” zen. Korniloven Estatu-kolpea babestu zuen, eta aldi batez atxilotua izan zen. Urriko Iraultzaren kontra egon zen, eta Armada Zuria, batez ere Denikin jenerala, diruz babestu zuen. 1919an erbestera egin zuen, lehenik Alemaniara eta gero Frantziara, non Gurutze Gorriaren eta emigrazio zuriaren erakunde batzuek kide izan zen. Bere alaba, Vera Gutxkova, Frantziar Alderdi komunistako kide eta sobietar poliziaren agentea izan zen. 1936an hil zen Parisen.

(Anekdotak: a) Gutxkov oso harroa zen, askotan bere arerio politikoak zein etsaiak dueluan desafiatzen zituen b) Gutxkovek Gorteko kideekiko, eta batez ere Rasputinekiko zuen amorruak eta bere liberalismorako joerak, Aleksandra Romanova tsarinaren gorrotoa ekarri zion. Tsarinak behin tsarrari Gutxkovez esan zion “Gutxkov hori ezin liteke urkatu ala?”).