Reisner, Larisa

Polonian jaiotako errusiar boltxebikea. Bere familia tradizio iraultzailekoa izaki, mugimendu eta literatur iraultzailearekin familiaritate handia izan zuen. 1905an Errusiara joan zen bizitzera, giroa orduan bor-bor zebilen. Hasiera batean literatur mundura emana izan zen eta idazle karrera egin nahi izan zuen. Lehen mundu Guda hastearekin bat, posizio internazionalistarekin bat egin zuen eta gudaren kontrako Rudin egunkarira batu zen. Maksim Gorki idazlearen oso laguna izan zen, eta honen Letopis buletin literarioan ere idazten zuen. Gorkirekin zuen harremana otsaileko iraultzaren ostean indartu egin zen, Gorkik fundatutako Novaia Zhizn (“Bizitza Berria”) egunkari politikoan lan egiten hasi zelarik. Bertan, koaliziozko Gobernuaren kontrako postura izan zuen, beraz, ideia boltxebikeengana hurbiltzen hasi zen, kazetari bezala bere ospea handitzen hasi zelarik. Hala ere, Alderdi Boltxebikearekin bat ez zuen egin Urriko Iraultza gertatu arte.

Hasiera batean Anatoli Lunatxarskiren pe egin zuen lan Kultura eta Hezkuntzarako Herri Komisariotzan, monumentuak babesteko ardurarekin. Hala ere, gutxira Armada Gorrian sartu zen Komisario Militar gisa, V armadan (Kazango frontean lehenbizi eta gero Volgako frontean) hain zuzen. 1919an Moskuko Kuartel Nagusiaren komisario militar izatera iritsi zen. Une latzak ere bizi izan zituen, adibidez Kronstadten egon zen 1921ko matxinada antiboltxebikea izan zenean. Bere esperientzia militarraren inguruan Frontea liburua idatzi zuen, Errusian oso saldua eta irakurria izan zena. Kronstadteko matxinada antiboltxebikea zapaldu ostean, Afganistanera bidaiatu zuen. 1923an Alemaniara bidaiatu zuen, Komiternaren eta Alemaniako Alderdi Komunistaren arteko lotura lanak egitera. Orduan, Alemanian matxinada komunistak gertatzen ari ziren eta liburu bi idatzi zituen pasarte horien inguruan (horietako bat, Hanburgo Barrikadez josia, debekatua izan zen). Alemaniatik bueltan Uraletara joan zen, hango langileekin lan kulturala egitera eta hango arazoen berri ematera. 1925an malariaz gaixotu zen, eta gutira tifusa ere hartu zuen. Oso gazte hil zen, 1926an.