Bubnov, Andrei

Errusiar militante boltxebikea, 1903tik alderdikide. 1909an atxilotua eta Siberiara bidalia izan zen. 1912ko Pragako Konferentzian Alderdi Boltxebikearen Komite Zentraleko ordezko kide aukeratu zuten. Pravda egunkariko langilea izan zen. 1916an gudaren kontrako ekintzak egitearren berriz atxilotua izan zen, eta otsaileko iraultzarekin batera berriz aske utzi zuten. 1917an Alderdi Boltxebikeko Komite Zentraleko kide aukeratu zuten.1917ko uztailean Alderdi Boltxebikeak manifestazio haiek babestearen eta boterea berehalakoan hartzearen aldekoa izan zen. 1917ko urriaren 10ean Komite Zentral Boltxebikeak burutu zuen bilera historikoaren parte izan zen, eta are gehiago, Alderdiak matxinada prestatzeko zazpi kidez osatutako buro bereziaren parte izan zen. Urrian bertan, Urriko Iraultzaren prestaketan garrantzia handia izan zuen Petrogradeko Sobietak eratu zuen Komite Militar Iraultzailearen kide aukeratu zuten; eta baita ere Alderdi Boltxebikeak Komite Militar Iraultzaile horrekin koordinatzeko organo zen Zentru Militar Iraultzailearen kide (Stalin, Dzerzhinski, Sverdolv eta Uritskirekin batera). Urriko Iraultzaren garaian, posta eta telegrafo bidezko komunikazioez arduratu zen. 1918an “ezkerreko komunistekin” egin zuen bat, Brest-Litovskeko itunaren kontra (are Kommunist egunkariaren parte izan zen). Hala ere, antolatzaile militar bikaina zenez, Guda Zibilean paper garrantzitsua izan zuen, batez ere Ukrainako frontean, non fakzio askok borrokatzen zuten. Bubnovek Ukrainan, 1918ko urte kaotikoan zehar paper handia izan zuen: 1918ko martxo eta apiril artean Ukrainako Errepublika Sobietarreko Ekonomiarako Herri Komisario izan zen, 1918ko uztailean Ukrainako Alderdi Boltxebikearen Lehen Kongresuan alderdi horren Komite Zentraleko kide eta  aldi berean 1918ko Ukrainako Biltzar Militar Iraultzaileko lehendakaria izan zen (bi karguak klandestinitatean). 1919an, Ukraina berriz sobietarra izatearekin bat, Ukrainako Barne Aferetarako Herri Komisarioa izan zen (Ukrainako Biltzar Miliar Iraultzailean postua mantentzen zuelarik). Hala ere, esan beharra dago, ukrainar afera nazionalaren inguruan ez zela izan ukrainar askapen nazionalaren aldekoa, eta Jevgenija Box eta Juri Piatakoven ildo luxemburgiestarengandik gertu ibili zela (adibidez beste alderdi sozialista ukrainar batekin, borotbistiekin aliantza egitearen kontrakoa izan zen, eta funtzionarioek ukraineraz hitz egiteko derrigortasuna “gehiegizkotzat” jo zuen); Bubnovek Ukrainar Alderdi Komunista bereizi bat sortzearen aldeko botoa eman izana, historiagile batzuentzat, hain zuzen Leninen kontrako “ultraezkerreko” ildoarentzat babes-gune bat eraikitzeko nahiarekin lotu nahi izan dute. Errusiako trenbideen zuzendaritzaren parte ere izan zen (kontuan izanik Guda Zibilaren garaian horniketak eta garraioak garrantzia handia izan zuela). Horrez gain, 1921an, Kronstadteko matxinadaren kontrako borrokan parte hartu zuen.

1920 urtean Alderdi Komunistaren ultraezkerreko adarrean kokatu zen, eta 1923ean Trotskiren aldekoen “46 kideren adierazpena” sinatu zuen, geroago ildo trotskista utzi bazuen ere. Antolaketa militarra eta politikoa uztartzen zituzten karguetan egin zuen lan bereziki: 1921an Zalditeriaren departamendu Politiko Iraultzailearen burua izan zen  eta 1924an Armada Gorriaren Zuzendaritza Politikoaren buru aukeratu zuten, beraz Armada Gorriaren Krasnaia Zvezda (“Izar Gorria”) egunkariaren zuzendaria izan zen. Politikari zegokionez, 1922 eta 1924artean, Alderdi Boltxebikearen Agitprop departamenduaren burua izan zen. Txinan Internazional Komunistaren ordezkaria izan zen. 1925ean Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren idazkari aukeratu zuten. 1929 eta 1937 artean SESBeko Hezkuntzarako Herri-Komisarioa izan zen. 1937etan, alderdiaren eta Estatuaren aurkako sabotaia egotzita, alderditik kanporatua, epaitua eta 1938an exekutatua izan zen.