Maximalistak

Maximalisten alderdiaren sortzaileetako bat, Vladimir Mazurin

1906an eseristengandik banatutako alderdia, bere izen osoa Sozialista Iraultzaile Maximalisten Batasuna zen. Maximalistek eserista “ofizialistekin” zuten ezberdintasun nagusiak, lurrak birbanatzeaz gain industriaren sozializazioaren aldekoak izatean (eseristak industriaren sozializazioaren kontra zeuden), eta “tarteko etaparik gabe” sozialismoa berehala ezartzearen aldekoak izatean zetzaten (maximalisten arabera, Errusian ez zen “aurrerakoia” izango zatekeen etapa kapitalista batentzako tokirik). Hori dela eta, 1905ko abendua eta 1906ko hasiera artean Alderdi Eseristak egin zuen kongresuan gutxieneko posizioan geratu ziren, eta kanporatuak izan ziren; maximalistek euren kongresua 1906an egin zutelarik. Askotan, Errusiar Iraultzari buruzko historian, “anarkista” bezala identifikatzen dituzte; euren praxiak eta sozialismoa “komuna askeen federazio” bezala ikusteak, hauengandik gertu ezartzen zituzten, baina bestetik maximalistek ez zituzten “Estatu” edota “alderdi” kontzeptuak ukatzen; finean, euren ikuskerak Tkatxenvengandik Bakuninengandik baino hurbilago zeuden. Euren alderdia finantzatzeko banketxe espropiazioak egiten zituzten, hala boltxebikeekin kolaboratzen zutelarik. 1906an lehen ministro Piotr Stolipin atentatu batean zauritu zuten (atentatu entzutetsu horretan 28 pertsona hil ziren eta 100dik gora zauritu). Hala ere, maximalistak ez ziren asko izan, eta euren eragina berez agitazio handiko toki konkretu batzuetara mugatu zen, adibidez Kronstadt hirira eta Baltikoko Itsas-Armadako marineletara. 1906an beren lider nagusiak exekutatuak izanak, alderdi honi kalte handia egin zion (adibidez borroka armatua egitea oztopatu zion), eta 1911-1917 artean alderdiak izozte-aldi bat bizi zuen. Maximalistak Duman eta are sindikatuetan parte hartzearen kontrakoak izan ziren. Maximalistek 1917an, oro har, langile eta oinarri sozial boltxebikeekin bat jokatu zuten, adibidez hauekin bat eginez 1917ko maiatzeko Kronstadteko matxinadan, Uztaileko Egunetan (Alderdi Boltxebikeak deitu ez arren, manifestazio horietan batez ere langile boltxebikeak zeudela esan beharra dago), eta Urriko Iraultza Sozialistan. Sobietar lehen Konstituzioa idazten ere lagundu zuten. Hala ere, sozialismoaren eraikuntzari zegokionean, boltxebikeekiko ezberdintasun handiak nabari izan ziren, azken finean, ideologia eseristaren seme-alabak baitziren: 1918an Brest-Litovskeko Itunaren aurka agertu ziren eta Estatuaren plangintza zentralizatuaren  aurka baita, “Sobiet askeak” eskatzen zituztelarik (praxiaren puntu hauek, zenbait kasutan, boltxebikeen ultraezkerreko korronteekin elkartzen zituzten). Maximalistak 1918ko ezkerreko eseristen Estatu-kolpearen aurka azaldu ziren, baina baita ere boltxebikeek ezkerreko eseristak jazartzearen aurka. 1918an Izhevsk hirian matxinada bat egin zuten boltxebikeen aurka. Alderdia hau 1919an zatitu zen boltxebikeen inguruko joera zela eta. 1921ko Kronstadteko matxinadan pisurik handiena izan zuen indarra maximalistak izan ziren, Paul Avrich historialari anarkistaren aburuz.

Maximalisten alderdiaren eratzaileak Mikhail Sokolov eta Vladimir Mazurin izan ziren, biak 1906an Gobernu tsaristak exekutatuak. Gerora, alderdiaren teoriko nagusia Nestroiev izan zen, eta alderdiko beste buruen artean Berdnikov, Rivkin edo Svietlov aipa genitzazke.

(Oharra: Errusiar Iraultzari buruzko literaturan, batez ere garai hartakoan, askotan “Maximalista” izenez boltxebikeak ezagutzen ziren, “programa maximoaren” aldekoak zirelako. Hala ere ez da nahastu behar, artikulu hau eseristengandik jaiotako beste fakzio honi buruzkoa da).