Balabanova, Anzhelika

Ukrainar-italiar militante boltxebikea (Mendebaldean Angelica Balabanoff) bezala ezagutua izan zen. Ukrainan jaioa, Bruselan ikasi zuen eta bertan ideia marxistez busti zen, geroago Erromara joan zen bizitzera; han, orduko teoriko marxista ospetsuenetakoa zen Antonio Labriolaren eskutik Italiar Alderdi Sozialistako kide egin zen (anekdota: Balabanova izan zen gerora diktadore faxista izango zen Benito Mussolini sozialismoaz eta marxismoan murgildu zuena). Oso goiz hasi zen baita feminismo sozialistan, Clara Zetkinen eskutik. 1912an Italiar Alderdi Sozialistaren Komite Zentralaren kide aukeratu zuten. Gudarekin bat, Suitzan ostatu hartu zuen, eta sutsuki egin zuen korronte internazionalistaren alde, Mussoliniren interbentzionisten kontra (Balabanova izan zen Mussolini Italiar Alderdi Sozialistatik kanpo uztearen alde gehien egin zuenetako bat). Gudarekin bat, Balabanovak errusiar mugimendu sozialistarekin loturak berreskuratzen ditu eta mentxebike (ohi) internazionalistek (Trotski, Martov, Kollontai, Uritski, Antonov-Ovseienko…) eratutako Naxe Slovo (“Gure Hitza”) egunkarian kolaboratzen du. 1915an gudaren aurkako sozialistek antolatutako Zimmerwaldeko Konferentzian Italiar Alderdi Sozialistaren ordezkari bezala parte hartzen du, eta bere hizkuntzekiko trebetasuna dela eta, kongresu horretako idazkari aukeratzen dute. 1917an Errusiara doa bizitzera, eta han boltxebikeen kidetzan sartzen da. Urriko Iraultzaren ondoren, Alderdi Boltxebikearen zuzendarietako bat da, beste arlo batzuen artean, genero-askapenerako Zhenotdel erakunde boltxebikean. 1919an, Komintern edo Internazional Komunista sortzean, Balabanova erakunde honen Komite Zentraleko kide eta idazkari da. Hala ere, proletalgoaren diktadura sendotzeko beharrezko ziren neurriekin gero eta kritikoago zelarik, 1922an Errusiar Errepublika Sobietarra uzten du (1924an Alderdi Boltxebikeak alderditik kanporatu zuen “adierazpen antisobietarrak egitearren”). Italiara itzuli zen, eta han “Italiako Alderdi Sozialista Maximalistaren” buru izan zen, alderdi hau Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Komunistaren arteko alderdi txiki bat zen (eta hala “II eta erdi Internazionala”, Internazional Sozialistaren eta Komunistaren arteko internazional berri bat sortzeko ahaleginetan parte hartzen du, porrot egin zuelarik). Hala ere, gutxira, faxismoaren garaipena zela eta, Suitzan eta New Yorken erbesteratu behar izan zuen. Faxismoa uzkailia izan ostean Italiara itzuli zen, alderdi txiki baten, Langileen Alderdi Sozialistaren buru izan zelarik. 1965an Erroman hil zen.