Mentxebikeak

1907ko koadroa, goiko eta erdiko lerroetan orduko zuzendari mentxebikeen argazkiak dakartzana (beheko lerroan poloniar sozialistak ageri dira). Goian erdian Plekhanov agertzen da, bere ezkerrean Akselrod eta eskuinean Martov. Goiko lerroan, eskuinetik lehena 1917an alderdiburua izan zuen Irakli Tsereteli ageri da. Erdiko lerroan, ezkerretik lehena Nikoloz Txkheidze da, eta ezkerretik bigarrena Trotski (orduan mentxebikea zena).

Errusiar alderdia, Langileen Alderdi Sozialdemokrataren (marxista) zatiketan ildo erreformista –boltxebikeen aurkakoa- defendatzen zuen korrontetik eratorritakoa. Errusiako Langileen Alderedi Sozialdemokrataren bigarren kongresuan, 1903an, bi korronte horiek agertu ziren, eta mentxebikeena -Julius Martovek defendatutakoa-  gutxiengoarena zenez gero izen hori jarri zitzaien (errusieraz, “gutxiengo” menxinstvo esaten da). Mentxebikeak, gutxiengoan izan arren, Alderdiaren Iskra (“Txinparta”) aldizkariaren erredakzio-komitean gehiengoa zirenez, organu hau kontrolatzera iritsi ziren. Bestalde, Georgi Plekhanov, errusiar marxismoaren “sortzailea” 1904an mentxebikeekin lerratzeak alderdi honi  ospe handia eman zion. Hasiera batean, boltxebikeak eta mentxebikeak banatzen zituena, alderdikide izateko baldintzen ingurukoa zen: mentxebikeek alderdiaren programaren alde zegoen edonor onartu nahi zuten, boltxebikeen ustez alderdian diziplina iraultzailea ezarri behar zen, eta alderdia bera iraultzarako tresna izan behar zen, hori dela eta, alderdian, soilik alderdiaren zelula baten kide eta eginkizun konkretu bat zutenak onartzearen aldekoak ziren. Hala ere, laster ezberdintasun ideologikoak agertu ziren: teorian bi korronteek uste zuten “Errusia herri atzeratua zenez, ezin zela sozialismoa berehalakoan ezarri”; baina estrategia ezberdina zen, mentxebikeen ustez Errusian iraultzak burgesa izan behar zuenez, proletalgoa burgesiarekin aliatu behar zen eta garapen burgesa ahalbideratu behar zuen “Errusia Europako herrialde baten antzekoa izan artean”; boltxebikeen arabera, langilearen aliatu nagusia baserritarrak ziren, eta sozialismoaren aurreko “tarteko fasea” langileen eta baserritarren diktadura izan behar zen. 1905eko iraultzan, Petrogradeko Sobieta kontrolatu zuten, Trotskiren bidez (momentu horretan mentxebikea zen). Iraultza horren praktikan bi korronteak erabat aldendu zituen, bakoitzak bere zuzendaritza propioa zuelarik, baina erabateko zatiketa ez zen 1912 arte iritsi (urte horretara arte, askotan, batez ere Errusia barnean, askotan bi tokiko komiteetan bi korronteetako kideak batera aritzen ziren).

1905ko iraultzaren ostean, alderdiak nolabaiteko hazkundea izan zuen, baina barne borrokak ere izango ziren, adibidez, eskuineko ildo batek (“likidazionistek”), taktika ilegal guztiak eta aparailu klandestinoa laga eta legalismora mugatu nahi zuen alderdia. Ildo hau mentxebikeen artean gutxiengo batek defendatzen bazuen ere, mentxebikeen gehiengoak hauekiko zuen tolerantziak alderdi honen eta boltxebikeen arteko hurbilketa zapuztu zuen. 1905-1912 urte horietan mentxebikeak boltxebikeak baina azkarrago hazi ziren; beste alde batetik Langile Judutarren Bund erakundearekin aliatu egin ziren (Bund 1917an sartu zen mentxebikeen alderdian). Erabateko puskatzea 1912an izan zen: birbateratze prozesua eman behar zelarik, fakzio bakoitzak bere “birbateratze kongresua” deitu zuen: boltxebikeek Pragan, Leninen iniziatibaz; eta mentxebikeek Vienan Trotskiren iniziatibaz.

1914an guda pizteak alderdi mentxebikearentzat krisia ekarri zuen, eta beren joera ez oso argia zela eta, berriz boltxebikeen gibelean ezarri ziren. Mentxebikerik gehienek gudaren kontra egin zuten, baina posizio pazifista soil batetatik, hau da, gudaren kontrako agitazio iraultzailea egitearen kontra ere bazirelarik. Bestetik, eskuineko gutxiengo batek, Georgi Plekhanov eta Aleksandr Potresov buru, gudan parte hartzea defendatzen zuen, eta alderdiarengandik urrundu zen. Erbestean zeuden emigranteen ildo erradikalak, ordea, internazionalismoranzko biraketa egin zuen, honela ere berriz boltxebikeengana hurbildu zirelarik. Ildo honetako kide gehienek (Martovek ezik), etorkizunean boltxebikeekin bat egin zuten.

1917ko Otsaileko Iraultzarekin batera, alderdia berriz ere legala izan zen. Momentu hartan, Otsaileko iraultzaren emaitzak defendatzen zituelarik (boltxebikeek langile iraultzara jotzea proposatzen zuten, iraultza burgesa defendatu gabe), mentxebikeak Errusiako alderdirik handienetakoa izan ziren, adibidez, birsortu egin zen Petrogradeko Sobietaren gaineko kontrola hartu zuten eta ekainean Errusia Osoko Langile eta Soldaduen Sobieten Biltzarrean, honen kontrola ere lortu zuten. Mentxebikeak otsailean Behin-behineko Gobernuan sartzeren kontrakoak izan ziren, euren ustez Gobernua burgesiak izan behar zuen, eta sozialisten lana Gobernua “Kontrolatzea” eta honek “atzerapausorik” egin ez zezan bermatzea zen. Hala ere, 1917ko uztail-abuzturako alderdiak bere babes ia osoa galdu zuen (gehienetan boltxebikeen alde).

Bi faktore izan ziren honetarako; lehenik alderdiaren zatiketa eta bestetik alderdiaren estrategia eza.  Lehenari dagokionez, gudaren aferak alderdia berriz zatitu zuen, kasu honetan, lider gehienak, Irakli Tseretelik zuzenduta, guda “demokraziaren eta askatasunaren” izenean guda justifikatzera (“defentsismoaren” aldera) pasatu baitziren. Beste alde batetik, apirilean, mentxebikeek, Petrogradeko Sobietak (eta beren alderdiek), Behin-behineko Gobernu burgesarekin bat egitea, “koaliziozko Gobernua” eratzea defendatu zuten. Azken ekintza hau mentxebikeen dogman errotutako konbiktzio batetan oinarritzen zen, Europako sozialdemokraziak defendatzen zuen bezala, euren ustez Errusia bezalako herrialde “atzeratuetan” sekula ezin zitekeen iraultza sozialistarik egin, beraz sozialisten lana “iraultza burgesa” bukaera arte eramatea izan zen, horrenbestez burgesia liberalarekin bat egin behar zuten (edo asko jota “oposizio leiala” egin behar zuten), ez hau uzkaili; euren sutez sozialismoa berehala ezartzea saiakera antzua zatekeelako. Haatik, errealitateak planteatzen zituen arazoen aurrean mentxebikeek ez zuten estrategiarik, batez ere Behin-behineko Gobernuak (baita ere “koaliziozko etapan”) zituen emaitza negargarriak ikusita: masa proletarioen erradikaltasunaren aurrean, zeinak pixkanaka “koalizioaren” ordez “Sobieten boterea” eskatzen zuten. Mentxebikeak uko egin zioten Sobietek boterea hartzeari, baita ere masek hura eskatzen zutenean, eta bestetik masa hauei euren “iraultzak burgesiaren markoan mantendu behar du” dogmaren onurak azaltzeko ezgai izan ziren. Mentxebikeek –egoera ekonomikoa okertzen ari zelarik- egoera honen aurrean zuten erantzun bakarra, Behin-Behineko Gobernua babesten jarraitzea (ekainean, Sobieten Lehen Biltzarrean egin bezala), Sobietek boterea har zezaten ukatzea (Uztaileko egunetan egin bezala), eta Sobieten boterea eskatzen zutenak erreprimitzea (uztailean egin bezala) izan zen; era berean Gobernuan zegoen eta Sobieten hegemonia zuen alderdi hau, praktikan burgesiaren politikaren menpeko bihurtu zen, eta ez zuen Sobietek “iraultza burgesaz” haraindi joan nahi zuten masa proletarioak nola ordezkatzeko modurik. Ildo hau berretsi zuten mentxebikeek maiatzaren 7tik 12ra Petrograden eginiko konferentzia batetan, non ildo “defentsista” (ofizialista) nagusitu zen.

Alderdiaren postura nagusi honen kontra, ezkerreko alde bat agertu zen (mentxebike internazionalistak), Julius Martovek gidatuta. Martoven arabera, Errusiak guda berehalakoan utzi behar zuen, eta bestetik, Sobietetan oinarritutako alderdi sozialista guztiek osatutako Gobernu-koalizioa eratzea zen. Martoven joera, “mentxebike internazionalistena”, Maksim Gorkiren Novaia Zhizn (“Bizitza Berria”) aldizkariak babesten zuen. Hala ere, Martoven joera alderdi barruan gutxiengoaren joera izan zen 1917 osoan zehar. Martoven postura, eseristen barruan ezkerreko eseristek izan zutenaren antzekoa izan zen (bakea, eta erreformak hasteko Gobernu sobietar bat boterera iristea), baina haiek ez bezala, Martovek eta mentxebike internazionalistek ez zuten alderdiaren zuzendaritzarekin hautsi, eta 1917 osoan ez zuten alderdiaren kontrola lortzerik izan (funtsean, nahiz eta alderdiaren zuzendaritzaren kontrako posizioa izan, ez zuen beste estrategia bat proposatzeko erabakimenik). Beste alde batetik, Martov ez zetorren boltxebikeekin bat iraultza bidez Estatu sobietarra ezartzean, bere ustez Gobernu sobietarra behin-behinekoa izan behar zen Asanblada Konstituziogilea deitu arte, eta Asanblada honetatik etorri behar zen demokraziaren zilegitasuna. Mentxebike internazionalista hauen estrategiak boltxebikeen eskuin adarrarenarekin (Kamenev eta Zinovievekin) zerikusi handia zuen.

Alderdiaren estrategia faltak, burgesiarekin bat egiteak eta barne-zatiketek alderdia praktikan alderdi honen babesa erabat desagerrarazi zuen (euren aldeko gehienak boltxebikeen alde egin zuten). Adibidez, abuztuko Udal-hauteskundetan ia babes gabe geratu ziren eta irailean Petrogradeko Sobietaren kontrola ere galdu zuten, eta pixkanaka beste hirietako Sobietena baita. Are, Petrogradeko hiriko erakundearen konferentzia ere bildu ezinik geratu ziren, quorum falta zela eta. Ia-ia, Urriko Iraultzarako, euren eragina praktikoki Georgiara mugatu zen.

Mentxebikeen bi fakzioak Urriko iraultzaren kontra agertu ziren, fakzio “defentsista” erabat aurka ageri zen, eta fakzio internazionalistak “indarrezko” kolpea zelako uko egin zion Gobernuan eta Sobieten Exekutiba berrian parte hartzeari, gonbidatua izan bazen ere (ordura arte “lagun” zituen ezkerreko eseristen kontrako postura hartu zuen). Iraultza eta egun gutxira, azaroaren 1ean, fakzio internazionalistak alderdiaren kontrola hartu zuen, eta Vikzhel trenbideen sindikatuak hasitako negoziaketekin bat egin zuen boltxebikeek baldintza batzuk onartzearen truke koalizio Gobernu bat sor zedin (posizioa hau boltxebikeen eskuin adarraren –Kamenev, Zinoviev, Nogin, Rikov- antzekoa zen). Alta negoziaketa horiek ez zuten arrakastarik izan, eta alderdi hau oposizioan geratu zen, Sobietetan parte hartuz, baina hauen Komite Exekutiboetatik kanpo (hala ere, ez Goardia Gorriarekin, baina ezta ere Gobernu Sobietarraren kontrako matxinada armatuekin ez kolaboratzeko deia egin zuen).

1918ko lehen hilabeteetan, batez ere Asanblada Konstituziogilea disolbatu ostean, mentxebikeen estrategia eskuineko eseristenaren antzekoa izan zen –ezkerreko eseristak ordurako Gobernu Sobietarrean sartzea onartu zuten-: bide legalen bidez eta Sobieten bidez oposizioa egin, Gobernu Sobietara (Sovnarkom) uzkailtzea eta Estatu Sobietarraren ordez Asanblada Konstituziogilea ezartzea (1918ko martxoan are denbora labur batez Sobieten Komite Exekutibora –VTsIKera- itzuli ziren). Bi alderdien arteko de facto aliantza honek maiatza arte iraun zuen, eseristek txekoslovakiarren matxinada babestu eta haien bidez Siberiako hiri batzuetan sortutako Gobernu zuri “demokratikoetan” parte hartu zutelarik, mentxebikeek mugimendu hau deitoratu zuten (nahiz eta norbanako mentxebike batzuk, eta baita ere  halako Gobernu zuri “demokratikoetan” parte hartu). Hala ere, boltxebikeen nekazal politikaren kontra egindako zenbait kritikek, Guda Zibilaren punturik gogorrenean politika zorrotza egin behar izan zen momentuan hain juxtu, ekainean VTsIKetik mentxebikeak kanporatzea ekarri zuen. Ordurako Alderdi Mentxebikea erabat babesik gabe zegoen, Georgiako gotorlekuan izan ezik: Kaukason, 1918.eko otsailean aldarrikatu zen Transkaukasiako Errepublika Federal Demokratikoaren buru Nikoloz Txkheidze izan zen, eta 1918.eko maiatzean Errepublika hori desegin zenean, Georgiako Errepublika Demokratikoaren burutzan egon ziren 1921 urtea arte.

1918ko abenduan alderdia de iure zatitu egin zen boltxebikeen kontrako armadekin bat egin nahi zutenen, eta “oposizio legala” mantendu nahi zutenen artean (alderdiaren ahuldadeak eta dispertsio fisiko-geografikoak zatiketa hau lagundu zuten baita). Alderdiaren zuzendaritzak (fakzio internazionalista), 1918an berriz ere Sobietetara itzultzeko deia egin zuten (are, ber-legeztatuak izan ziren), eta Urriko iraultza “beharrizan historiko” bezala onartu zuen. Are gehiago, 1919an Armada Gorriarekin bat borrokatzeko deia egin zuen. Alta, 1921ean Kronstadteko matxinadarekin bat egin zuen. Urte horretarako mentxebikeen buru historiko guztiak erbestean zeuden.

Alderdi honen gorabeherak, bere historian zehar alderdiburu bezala hainbat pertsona egon izana ekarri dio. Alderdiaren sortze-prozesuan Julius Martov izan zen buru, baina hau 1917an zuzendaritzatik marginatuta egon zen, bere ezkerreko posizioagatik. Bestetik Georgi Plekhanov (Errusiara marxismoa ekarri zuena) alderdiaren buru sinboliko bat izan zen, baina ez zen zuzendaritza-lanetan gehiegi sartu, eta gainera 1914an alderdia utzi egin zuen. 1912ko Biltzar Nagusian Trotski izan zen paper nagusia izan zuena, nahiz eta honek ere laster alderdia utzi egin zuen. Bestalde, 1917ko hilabete erabakigarrienetan Tsereteli izan zen alderdiaren liderra, Urriko iraultzaren ostean, burutza Martovengana itzuli zelarik. Beste buru garrantzitsu batzuk Nikoloz Txkheidze, Noe Zhordania (1918 eta 1921 artean Georgiako lehendakari), Pavel Akselrod, Aleksandr Potresov, Fiodor Dan eta Matvei Skobelev izan ziren.