Dzerzhinski, Feliks

Poloniar boltxebikea (polonieraz, Feliks Dzierżyński). 1894an, 17 urterekin, talde marxistetan militante sartu zen. Hamazazpi urterekin Polonia eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokratako kide egin zen (Rosa Luxemburgek zuzendutako alderdia). Hemeretzi urterekin, 1897an, lehen aldiz atxilotua izan zen, eta Viatka probintziara derrigorrez lekualdatua; hau lehen atxilo-aldia izan zen, izan ere, 1917 arte denbora gehiago eman zuen kartzelan edo barne-erbestean askatasunean baino (guztira sei aldiz izan zen atxilotua, horietatik hirutan ihes egitea lortu zuen). 1905an Alderdi barneko borroka bat izan zuen Luxemburgekin, eta horrek Leninengana hurbildu zuen: 1906an Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen eta hurrengo urtean Komite Zentraleko kide egin zuten (urte horretan Poloniako etaLituaniako Alderdi Sozialdemokratak Errusiako Alderdi Sozialdemokratarekin bat egin zuen –artean boltxebikeak eta mentxebikeak ofizialki ez zeuden banatuta, praktikan bai-). 1909 eta 1912 artean Polonia eta Lituaniako Alderdi Sozialdemokrataren zuzendari nagusia izan zen (Luxemburg Berlinen bizi zen eta alemaniar politikan murgilduagoa zen). Azken aldiz 1912an izan zen atxilotua, eta tortura latzak jasan zituen, hainbestekoak, ezen ere ezin zuen zigorrak ezarritako behartutako lana egin. 1917ko martxoan Moskuko masek Butirka kartzela asaltatu ostean askatua izan zen, ordurako apenas zen oinez ibiltzeko gai.

1917an Alderdi Boltxebikean inplikatu zen buru-belarri. Leninen Apirileko Tesiak hasieratik defendatu zituen boltxebike apurrenetako bat zen. Hainbesterakoa izan zen bere inplikazioa, ezen uztailean Komite Zentraleko kide aukeratu zuten berriz, eta irailean Petrogradeko Sobietaren Komite Militar Iraultzaileko kide aukeratu zuten. Urriaren 10eko Komite Zentral Boltxebikearen batzar erabakigarrian hartu zuen parte. Urriko Iraultzarekin bat burutu zen Sobieten II Biltzar Nagusian Sobietaren Komite Exekutibo Zentraleko kide aukeratu zuten. Iraultzaren ondoko egunetan, Kerenski-Krasnov matxinadaren kontra Petrograden defentsa antolatzeko arduradunetako bat izan zen Stalin eta Sverdlovekin  batera. Iraultzaren ostean, Smolni egoitzaren (Alderdi Boltxebikearen, Sobieten Komite Exekutiboaren eta Sobietar Gobernuaren egoitza) segurtasunaren arduradun izan zen, harik eta 1917.eko abenduaren 6an Txeka polizia-departamendua (Kontrairaultza, Espekulazioa eta Sabotaiaren Kontra Borrokatzeko Ohiz Kanpoko Komisioa) eratu zen arte; organo honen buru gisa Dzerzhinski aukeratu zuten bere esperientziagatik eta sakrifizio izpirituagatik. Hasiera batean, Txekan bai boltxebikeak zein ezkerreko eseristak izan ziren, eta hasierako ekintzak nahiko moderatuak izan ziren (kurioski, Txeka izan zen aniztasun politikoa luzaroen mantendu zuen organuetako bat). Dzerzhinskiren arabera, Txekako kideek “burua hotz, bihotza bero eta eskuak garbi” izan behar zituzten. Hasierako atxiloketetan, normalean atxilotuak denbora gutxira askatzen zituzten, berriz ez matxinatzeko edo Erregimen Sobietarra ez higatzeko promespean. Txeka ezinbestekoa izan zen, britainiar zerbitzu sekretuen konspirazio militarrak antzeman baitzituen.

Hala ere, 1918 erdialdera, Txekaren joera gogortu egin zen, bai eskuineko eseristak atentatu politika hasi zutenean (ekainean Mosei Volodarski hil zuten, eta abuztuan Uritski, eta Lenin bera hiltzen ere saiatu ziren), zein Guda Zibila argiki hasi zenean (Don eta Kubanen Denikin eta Alekseieven zuriak indartsu ziren, eta Siberian eskuineko eseristek matxinada zuri batzuk hasi zituzten), zein ezkerreko eseristek uztailean Estatu-kolpea eman zutenean. Azken matxinada horretan Txekako kide eseristek paper handia izan zuten, Dzerzhinski bera atxilotu eta egun batez preso izatera iritsi baitziren. Egoera horiek eragin zuten Txekaren gogortzean (eta baita ere Guda Zibilak, eta hau irabazteko ezarri beharreko politika gogorrek), eta honen “klase-izaera zigortzailea” hartzean (1918.etik aurrerako politika delituak, delitu-egilearen klase sozialaren arabera gogorrago edo arinago zigortzen zituen Txekak). Dzerzhinskik lanerako etika handia zuen, eta oso estilo pertsonal apala. Askotan esaten zuen Txekako kideei buruz “sentimendurik ez izateraino gogortu zareten guztiok, hobe zaudete erakunde honetatik kanpo. Hemen bihotzez eta besteen sufrimenduak kontutan izanik jokatu behar dugu”. Askotan, klaseko etsaiekin bezain gogorra zen Txekarekin eta honen kide “ez-ondratuekin” (gehiegikeriak egiten zituztenekin, edo karrera egiteko soilik kide egiten zirenekin), batzuetan halako kide “ez desiragarriak” ere fusilatuz. Txekak, gainera, konspirazio zuzenen aurka borrokatzeaz gain, produkzioaren antolaketa bermatu eta hau higatzeko sabotajeen kontra borrokatu behar izan zuen, adibidez 1921.eko elikadura krisiaren garaian. Dzerzhinskik ezinbesteko lan bat ondo bete zuen eta “burdinazko Feliks” ezizena jarri zioten bere zorroztasuna zela eta. Txekako buru izan zen 1922an organu hori GPUk ordeztu zuen arte. 1922 eta 1923 arte GPUko buru izan zen.

1918an Brest-Litovskeko Itunaren aurka agertu zen. Eztabaida gogorrak izan zituen Leninekin autodeterminazioaren gaia zela eta Dzerzhinski ez baitzen Lenin bezain aldekoa (gaztetako luxemburgismoak agian eraginik izan zuen posizio honetan). Beste hainbat kargu ere izan zituen- 1919 eta 1923 artean Errusiako Barne Arazoetarako Herri Komisario (Ministro) izan zen, adibidez. Guda Zibil “irekia” bukatzerakoan, Dzerzhinskiren administrazio eta antolakuntzarako trebetasunak kontutan hartuz, lur jota zegoen herrialdea altxatzeko lanetara bideratu zuten: 1921ean Garraioetarako Herri Komisario izendatu zuten, eta 1924 eta 1926 artean Ekonomiarako Herri Komisario; azken lan honetan 1921.eko krisi ekonomikotik ateratzeko eta Errusia altxatzeko lan handia egin zuen (Politika Ekonomiko Berria indarrean jartzeko arduradun nagusietako bat izan zen). Ekonomi arloan “sindikatuen inguruko eztabaidan” Leninen posizioa defendatu zuen Trotskik eta Bukharinek defendatzen zuten militarizazioaren kontra eta Kollontaik defendatzen zuen Langile Oposizioaren kontra. 1920an Poloniako komite iraultzaileko kide egin zen (Polonia hipotetikoki sozialista baten etorkizuneko Gobernua), baina Iraultza Poloniara zabaldu ez zelarik organu hori desegin egin zen. 1921ean, Haurrekiko Utzikeria Borrokatzeko Komisioa sortu zen, Dzerzhinski bere lehendakaria zelarik, “burdinazko Feliksek” hainbat haurtzaindegi eta umezurztegi eraiki zituen. 1924an Lenin hil zenean, berak antolatu zuen bere hileta. 1926an hil zen.

“Felix” deitutako kalkulagailu batek, 30 eta 40 hamarkadetan oso erabilia izan zenak, bere omenez darama izena.