Armand, Inessa

Frantzian jaiotako errusiar militante boltxebikea. Emakumeen askapenaren auziak erakarri zuen politikara, eta 1903tik aurrera Alderdi Boltxebikeko kide egin zen. 1904an Emakumeen Egoera Hobetzeko Moskuko Elkarteko Hezkuntza-arduradun izan zen. Gaztetan hiru aldiz atxilotua izan zen, eta 1907an berriz atxilotua eta Arkhangelsk hirira desterratua. Handik 1909an egin zuen ihes erbestera, Suitzara joateko.1910ean Parisera joan zen, eta Lenin eta Krupskaiaren hurbileko laguntzaile bihurtu zen. 1911an Alderdi Boltxebikearen “kanpoko erakundeen” (hau da, Errusiatik kanpo  zeuden zelulen) arduradun aukeratu zuen. 1910 eta 1912 artean Lenin eta Krupskaiaren oso hurbileko laguntzailea izan zen, hainbeste ezen 1912ko Pragako Konferentzia antolatzean (boltxebikeen konferentzia, praktikoki mentxebikeekin lotura guztiak apurtzea ekarri zuena, Armandek antolatu zuen). 1912an Errusiara itzuli zen Pravda editatzeko lanarekin, baina atxilotua eta kartzelaratua izan zen berriz. 1913an berriz erbestera egin zuen, lehenik Krakoviara, non Rabotnitsa (“Emakume Langilea”) egunkaria editatzen hasi zen, eta gero Frantziara eta Suitzara. 1914an, Brusselan, gudaren kontrako sozialisten nazioarteko konferentzia batean errusiar boltxebikeen ordezkari aritu zen (biltzar horretan Europako sozialistarik ezagunenak egon ziren), eta 1915an Gudaren Aurkako Emakume Sozialisten Nazioarteko Konferentzia antolatu zuen. Urte berean lan feminista bat argitaratu zuen, Leninekin eztabaida teoriko bat izan zuelarik.  Gudaren kontrako sozialistek Zimmerwald (1915) eta  Kienthal (1916) herrietan egin zituzten konferentzietan boltxebikeen ordezkari izan zen. Esan behar dugu bost hizkuntzaren hiztuna zela Armand (errusiera, poloniera, ingelesa, frantsesa eta alemana); beraz, nazioarteko konferentzietan parte hartzeko egokia zen.

1917an Errusiara itzuli zenean (Lenin itzuli zen tren famatu berdinean), Moskura joan zen, hango zelula boltxebikeekin lan egitera. Urriko Iraultzaren ostean Moskuko Sobietaren ekonomi departamenduaren buru izan zen. 1918an Brest-Litovskeko Itunaren kontra ageri zen. Urte horretan bertan, Emakume Langile eta Baserritarren kongresua antolatu zuen. 1919an Zhenotdel  genero askapenerako erakunde boltxebikea sortu zenean, Armand izan zen erakunde honen lehen zuzendaria, eta Kommunistka (“Emakume Komunista”) egunkaria editatu zuen. 1920an hil egin zen, Kaukasotik Moskura zihoala koleraz gaixotu ostean.