Txkheidze, Nikoloz

Georgiar mentxebikea. Georgian XIX mendeko 90. hamarkadan marxismoa zabaldu zuen bide-urratzaileetako bat izan zen, 1892an zirkulu marxista bat fundatuz. 1898 eta 1902 artean Batumin zinegotzi izan zen. Bide legalen aldeko gisa, Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata bi korronteetan zatitzean mentxebikeekin lerratu zen. 1905eko iraultzan Georgian oso paper nabarmena izan zuen, Georgiako marxisten zuzendari nagusia bilakatuz. Iraultza horrek porrot egin zuenean, 1906an atxilotua izan zen epe labur batez. Urte horretan bertan, Tbilisiko zinegotzi aukeratu zuten eta 1907an, Dumako diputatu (azken kargu hau Guda hastean Duma disolbatu arte mantendu zuen). Lehen Mundu Gudaren aurka agertu zen, baina ez zuen Leninen ikuskerekin bat egin (gudatik ateratzeko modu bakarra guda iraultzailea zela esaten zuen ikuspuntuarekin), ezta ere Zimmerwaldeko gudaren kontrako sozialisten batasunarekin. 1917an, ordea, behin Errusian “demokrazia” ezarrita, Behin-Behineko Gobernuaren pean guda-ahaleginarekin jarraitzea babestu zuen. 1917ko otsailaren 28an Petrogradeko Sobieteko lehendakari aukeratu zuten, eta 1917ko ekainean, Errusia Osoko Langileen Sobietaren Komite Exekutiboko lehendakari (orduan mentxebikeak Errusian alderdi hegemoniko bat izan ziren). Petrogradeko Sobietaren lehendakari gisa, 1917ko apirilean Lenin Petrogradeko Finlandia geltokira iristean harrera egin zion (Txkheidzek “iraultza demokratikoaren” eta “demokrazia iraultzailearen batasunaren” aldeko diskurtso bat egin zuen, Leninek ordea, “iraultza sozialistaren” aldeko diskurtso bat egin zuen). Postu horietatik, Alderdi Mentxebikearen eta Sobieten ordezkariek Behin-behineko Gobernuarekin bat egin zezaten eta honen politika jarrai zezaten babestu zuen, Irakli Tsereteli alderdiburuaren ildoa jarraituz. Beraz, Sobietak botere osoa hartzearen kontrakoa zen, eta Uztaileko manifestazioen krisialdian argi utzi zuen hori, boltxebikeen kontrako errepresioa zilegiztatuz.

Alderdi Mentxebikeak itzala galtzearekin batera, bere eragina txikiagotuz joan zen: irailean boltxebikeek Petrogradeko Sobietaren gaineko gehiengoa lortu zuten, Txkheidze kargugabetuz, eta urriaren 25ean, Errusia Osoko Langileen Sobieten II Biltzar Nagusian baita, Txkheidzek postu hori ere galdu zuelarik. Urriko Iraultza Sozialista gertatzerakoan Georgian zegoen, eta handik aurkakotasuna ageri zuen. 1918ko otsailean Transkaukasiako Errepublika Federal Demokratikoko (Georgia, Armenia eta Azerbaijan, gutxi gora behera) lehendakari izendatu zuten, baina errepublika horren iraupena oso txikia izan zen: maiatzean Georgiak independentzia aldarrikatu baitzuen. 1918ko maiatzean Georgiako  Errepublika Demokratikoko Parlamentuko lehendakari izendatu zuten, eta errepublika horren konstituzioa idazten lagundu zuen. 1919an Versailleseko Itunean Georgiako ordezkari izan zen. 1921an Georgia boltxebizatu ostean erbestera jo zuen, Frantziara. 1926an bere buruaz beste egin zuen, bere erbeste-kide georgiarren politikatik erabat aldenduta zegoela eta.