Skvortsov-Stepanov, Ivan

Militante boltxebikea. Ogibidez irakaslea, Marxen eta Engelsen lanen itzultzaile izan zen. 1892tik langile mugimenduan egondakoa, 1896an Errusiako Langileen Alderdi Sozialistan sartu zen, eta 1904tik aurrera Alderdi Boltxebikeko militantea. 1905tik aurrera Borba (Borroka) egunkariko erredakzio komiteko kidea izan zen. 1907 eta 1909 artean, Aleksandr Bogdanov eta Vladimir Bazarovekin batera Kapitala errusierara itzuli zuen, Leninen ustez hura zen errusierazko bertsiorik onena.

Hainbat aldiz izan zen atxilotua, eta 1911an Arkhangelskeko probintziara lekualdatu zuten (zenbait iturriren arabera, garai horietan ezker muturreko boltxebikeekin bat zetorren). 1917an itzuli ostean boltxebikeen Moskuko komiteko kide izan zen, eta Moskuko Komite Militar Iraultzaileko kide ere egin zen. 1914an Prosvestxenie (Ilustrazioa) aldizkarian egin zuen lan. 1917ko Urriko Iraultzaren ostean Finantzetarako Herri Komisario aukeratu zuten, baina ez zuen asko eman kargu horretan. Garai horietan, prentsan Urriko Iraultzaren zilegitasunaren inguruan argudiatu zuen polemista nagusienetakoa izan zen. 1918an ezkerreko komunistekin lerratu zen. Hainbat aldiz Alderdi Boltxebikeko Komite Zentraleko kide aukeratua.

1918-1924 artean, Pravda egunkariko eta Kommunist aldizkari teorikoko erredaktore izan zen, 1925tik aurrera Sobieten Izvestia (Berriak) egunkariko zuzendari, eta 1926an Pravdako zuzendariorde. Sobietar Batasuneko Langile Kooperatiben Elkarteko lehendakariorde izan zen. 1920an, Guda Poloniar-Sobietarra bitartean, Poloniako Komite Iraultzaileko kide izan zen. 1925an Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistako Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, eta 1926an Lenin Institutuaren zuzendari kargua hartu zuen. 1928an hil zen, tifus-gaixotasuna zela eta.