Kollontai, Aleksandra

1872an jaiotako (jatorri ukrainar eta finlandiarreko) errusiar boltxebikea. 1894an hasi zen militantzia politikoan, lehenbizi langileei gaueko klaseak ematen, hasiera batean narodnikien (populisten) ideiekin bat egiten zuelarik. Alta, 1896an Langile Klasearen Askapenerako Borroka Batasuneko kide egin zen San Petersburgen, batez ere Jelena Stasovaren eragina zela eta. 1898an lehen aldiz atzerrira joan zen teoria marxistetan trebatzen eta 1899an Errusiara itzuli zen, eta Langileen Alderdi Sozialistako kide egin zen. 1905eko Iraultzan oso parte hartze aktiboa izan zuen. 1907.ean Errusiako emakume langileen lehen elkarte politikoa sortu zuen: San Petersburgoko Elkar-Laguntzeko Emakume Langileen Elkartea. Garai horietan boltxebikeen eta mentxebikeen artean bilintzi-balantzaka zebilen, baita ere 1908an erbesteratua izan eta Alemaniako Alderdi Sozialistaren agitazio-lanetan hasi zen arte ostean (adibidez, 1912ko abuztuko mentxebikeen “bateratze” konferentzian hartu zuen parte). Lehen Mundu Gudaren hasierak lagundu zion lerratzen, bere konbiktzio internazionalistei kasu eginez, konbiktzio horiek defendatzen zituen Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen. 1914an Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren traizioa -Parlamentuan guda-kredituak bozkatzearena- zuzenean ikusi zuen Alemaniar Parlamentu bertatik. (Alemaniar parlamentari sozialista batek ikusi zuenean: “Zer egiten du errusiar honek hemen?” galdetu zuen, orduko txobinismoaren hedapena azaltzen du anekdota honek).

1915ean Zimmerwaldeko Konferentzia antolatu zuenetako militante bat izan zen, eta bere Nork behar du guda? idatziak fama handia lortu zuen, oso zabaldua izan zelarik, eta sozialisten nazioarteko banaketan zehar internazionalismoaren idatzi ezagunenetako bat izan zelarik. Urte horretan Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuen. 1916an New Yorken hartu zuen ostatu, Trotski eta Bukharinekin batera. 1917an Errusiara iritsi eta berehala, Petrogradeko Sobietaren Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten. Apirilean Leninek Apirileko Tesiak idatzi zituenean, bera izan zen hasieratik babestu zituen boltxebike ezagun apurrenetakoa; are gehiago, martxoan Leninek Zurichetik idatzitako Urrutiko gutunak (Apirileko tesitako ideiak barnebiltzen zituzten gutunak) berak sartu zituen Errusian. Uztaileko Egunen ostean atxilotua eta kartzelaratua izan zen. Uztail horretan, kartzelan zegoela, boltxebikeen Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, eta urriko 10eko bilera erabakigarrian (Alderdi Boltxebikeak matxinatzea erabaki zueneko bileran) parte hartu zuen. Urriko Iraultzan zehar burututako Errusia Osoko Langileen Sobieten II Biltzar Nagusian, Sobieten Komite Exekutibo Zentraleko kide egin zuten. Urriko Iraultzaren ostean Gizarte Gaietarako Herri Komisario aukeratua izan zen, Gobernu batetako kide (jatorri aristokratikodunak kenduta) heltzen zen lehen emakumea izanik. Postu horretatik genero askapenaren aldeko hainbat lege egin zituen: adibidez dibortzioa eta abortua legezko egin zituen, edo amatasun-baja eta ordainketaren aldeko eta zaintza errazteko legeak egin zituen.

Kollontai Brest-Litovskeko itunaren kontra agertu zen, eta hori zela eta, ez zuen lortu 1918an Komite Zentraleko kidetza berritzea, eta ondorioz, Gobernuko postua ere utzi zuen. Hala ere, horrek ez zuen bere iraultzaren kausarako atxikimendua txikiagotu, 1918an Errusia Osoko Emakume Langile eta Baserritarren Lehen Biltzar Nagusia antolatu zuen, eta Kongresu horretatik Zhenotdel  genero-askapenerako erakunde boltxebikea sortu zen. 1919an Ukrainan egin zuen lan propagandista boltxebike moduan. 1920an, Zhenotdel erakundearen liderra bilakatu zen. Kommunistka (Emakume Komunista) egunkariaren editoreetako bat izan zen. Hala ere, 1920an bertan, ezkerreko komunistekin egin zuen bat, “Langile Oposizioa” delako korrontearekin bat eginez (Aleksandr Xliapnikovekin batera korronte horretako pertsonarik ezagunena zen); korronte hori 1921.eko X Biltzar Nagusi Boltxebikean garaitua izan zen, “anarkosindikalistatzat” hartua.

1922an “postu apal” bat eskatu zuelarik, Norvegiako Sobietar ordezkaritzako kide zian zen, eta 1924an, Norvegiarako enbaxadore. Gerora, Mexikon eta Suedian ere enbaxadore izan zen. Nazioen Ligarako sobietar ordezkaritzaren parte ere izan zen. Enbaxadore bezala, bere arrakastarik handiena, agian 1939-40ko guda sobietar-finlandiarra bukatzeko negoziaketetan izan zuen ardura handia izan zen. 1945an erretiratu zen, eta 1952an hil egin zen.