Eskuineko eseristak

Eskuineko eseristen zuzendari batzuk: erdian, Jekaterina Brexko-Brexkovskaia, eta ezkerrean, Viktor Txernov.

Eskuineko eseristak, Alderdi Eserista bitan banatzerakoan honetatik agertutako sektore bat izan ziren, nolabait alderdiaren ildo ofiziala jarraitzen zutenak, beraz zuzendari gehienak (Txernov, Brexkovskaia, Kerenski, Gots, Avksentiev…) sektore honetan geratu ziren. Sektore hau Behin-behineko Gobernu burgesaren aldekoa izan zen; Sobietak boterea hartzearen aurkakoa, guda inperialistaren aldekoa, baserritarrek lurjabeen latifundioak okupatzearen aurkakoa… Urrian, Iraultza Sozialista eman zenean, honen aurka azaldu ziren, eta Sobieten II Biltzar Nagusiak Botere Sobietarra aldarrikatzerakoan, Biltzar Nagusi hau laga eta Errepublika Sobietarren aurkako jarrera gogorra hartu zuten. Hasiera batean, euren ahaleginak Asanblada Konstituziogilean zentratu ziren hau Sobieten boterearekin kontrajarriz, batez ere, Asanblada honetarako hauteskundeetan eserleku gehien lortu zuen alderdia baitziren. Hau itxi zenean, berrezartzea izan zen hasieran euren leloa: hasiera batean, Asanblada Konstituziogilea “Sobieten bidez” berrezarri nahi zuten, hau da erregimen burgesera “legalki” itzuli nahi zuten. 1918ko apirilean, ordea, zurien aldeko matxinada kontrairaultzaile nabarmenera jo zuten (alderdiaren mozio batetan onartzen zuten politika berria): bai atentatu bidezko politikarekin, eta bai zenbait hiritan matxinadak antolatuz eta aliatuei “Alemaniaren kontrako guda berriz hasteko Gobernua uzkailtzeko laguntza” eskatu zioten. Maiatzean, “Siberia Hurbilean”, Legio Txekoslovakiarraren matxinadarekin batera zenbait hiri hartu zituzten (Samara, Ufa, Omsk), han Gobernu zuri batzuk ezari zituztelarik: aipagarrienak Samarako Komutx (Asanblada Konstituziogileko Kideen Komitea), Txernoven laguntzaz, Ufako Direktorioa, eta Omskeko “Errusia Osoko Behin-Behineko Gobernua” (halako Gobernu denen bateratearen emaitza) izan ziren (horregatik Sobieten Laugaren Biltzar Nagusian Sobietetatik kanporatu zituzten). 1918.eko uztailean, eskuineko eserista batek, Boris Savinkovek, Jaroslavl, Murom eta Ribinsk hirietan matxinada batzuk antolatu zituen (kronologikoki, ezkerreko eseristen Estatu kolpearekin bat zetoztenak), antza denez Frantziako Noulens enbaxadorearekin kontaktuan zegoelarik; baina matxinada horiek huts egin zuten. Garai honetan, Txernovek, Guda Zibila “Errusia gorriaren eta Asanblada Konstituziogilearen Errusiaren arteko guda, autoritarismoaren eta demokraziaren arteko guda” zela esan zuen. Hala ere, eskuineko eseristen “unea” 1918an bukatu zen, Koltxak almiranteak euren “Siberia zuriko” Gobernuaren kontra emaniko Estatu-kolpearen ostean. 1919rako eskuineko eseristen alderdia ia deseginda zegoen, botere-gune guztiak galdu zituen eta berriz zatikatu egin zen: fakzio batek (Volski), Koltxaken kolpearen ondoren gorrien aldera pasatzea erabaki zuen, beste batek (Txernov) Errepublika Sobietarra “gaitzerdia” bezala hartuz, “oposizio legala” egin nahi zuen, hirugarren batek (Avksentiev) zuriekin kolaboratzen eta matxinada antisobietarrekin jarraitu nahi zuen. Eskuineko eseristak, zatikatuta eta oso ahulduta, 1918ko hasierako politikara itzuli ziren, hau da, “Asanblada Konstituziogilea, legezko bidez lortzearen” politikara, “Botere Sobietarra indarrez uzkailtzeko ahaleginak” gaitzetsiz (hala ere, sektore batzuek zuriekin borrokan jarraitu zuten). 1919ko erdialdean oposiziora bueltatu ziren: hala ere jada ez zuten matxinada edo ekintza berriak egiteko indarrik (1919-1921 arteko nekazal “Matxinada berdeetan” jada ez zuten batere paperik).