Krupskaia, Nadezhda

Militante boltxebikea. Ogibidez irakasle, 1890etik militantzia marxistari emana izan zen. 1895ean Petersburgen Langileen Ementzipazioaren Aldeko Borroka Batasuna sortu zuenetako bat izan zen. Lehen aldiz 1896an atxilotua izan zen, eta atxilo-aldian gutxi iraun bazuen ere, segituan berriz atxilotu eta Siberiara bidali zuten erbestera (bertan bere burkide Leninekin ezkondu zen). 1896an bere lehen lana atera zuen, Emakume langilea. 1901.ean aske utzi zituzten eta Errusiatik at joan ziren bizitzera. Iskra aldizkariaren editorea eta banaketaren arduraduna izan zen, beraz, errusiar marxisten logistikan itzal handia izan zuen. 1903an utzi zuen postu hori, alderdi marxista boltxebikeetan eta mentxebikeetan zatikatu zenean. Krupskaia boltxebikeekin lerratu zen (Kongresuan parte hartu zuen, baina bozka eskubiderik gabe), eta atzerriko antolakuntzaren idazkari izendatu zuten, alderdiaren zelula guztien arteko korrespondentzia eta komunikazioa bere ardurapean zegoelarik. 1904an boltxebikeen Vperiod (Aurrera) egunkariaren banaketa eta edizio arduradun izendatu zuen. 1905ean Errusiara itzuli zen, baina 1907an berriz erbestera joan behar izan zen. Fase honetan, Leninen aldekoen saretzean eta koordinazioan paper paregabea izan zuen, boltxebike eta mentxebikeen artean zalantzan zeuden militante askori boltxebikeen propaganda erraztuz, militante boltxebikeen eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatuz eta alderdiaren prentsaren arduradun nagusi izaki.

Bigarren erbestea Suitzan, Parisen eta Krakovian eman zuen, Leninekin batera. Erbesteratu boltxebikeen zentrua Suitzan ezarri zen, eta Krupskaia izan zen erabaki hori hartzearen arduradun. Kasu honetan, Krupskaiak bere antzineko lanak egiten zituen: militanteen saretze eta koordinatzea eta bestetik prentsaren argitaratzea eta banaketa. Hala ere, kasu honetan ardura handiagoa izan zen; bai alde batetik Leninen bidaia-kopuruak (Biltzar ezberdinetan parte hartzeko) handitu egin zirelako, eta beraz lan-karga handiagoa zuelako (lan oso diskretua baina garrantzitsua), eta 1914an guda hasterakoan, nazioarteko mugimendu sozialistan beste banaketa bat eman zenez (gudaren aldekoen eta aurkakoen artean), koordinazio eta fidelizazio lana (prentsaren eta Leninen lanen banaketaren bidez) garrantzitsuagoa bihurtu zelako. Beraz, hau aktibitate garai handia izan zen bai Krupskaia zein Leninentzat. Lev Danilkin, Leninen azken biografoetako baten arabera, Leninen lan askoren ideien zurtzailea eta ideia-eskemen egilea Krupskaia bera dugu. 1914an, austriarrek Lenin atxilotu zutenean, bitartekartiza lana egin behar izan zuen. 1915ean bere bigarren liburua atera zuen: Herri-hezkuntza eta demokrazia. 1914an errusieraz emakume sozialistei zuzendutako lehen egunkariaren arduradun izan zen (Rabotnitsa; Langilea).1915ean Emakume Sozialisten III Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen.

1917ko apirilean itzuli zen Errusiara. Apiril horretan alderdiko gazteriak antolatzen hasi zen. 1917an Viborgeko (Petrogradeko auzo bat, boltxebikeek indar handiena zuten auzoa) erakunde boltxebikeko arduradunetako bat izan zen, eta zinegotzi ere aukeratu zuten. Uztailean Alderdiaren VI Biltzar Nagusian parte hartu zuen. Urriko Iraultzaren ostean Hezkuntzarako Herri Komisariotzan egin zuen lan, Komisario-orde (ministro-orde) izan zelarik, fama handidun sobietar hezkuntzaren arkitektoetako bat izanez (batez ere helduen hezkuntzaren departamenduan egin zuen lan), batez ere sobietar liburutegien sarea berak hedatu zuen .Hezkuntza-sistemaren eraikuntzari dagokionez, egile batzuen arabera, Lunatxarski eta Pokrovskiren pare zegoen Krupskaia ez zen hasi berria gai honetan, bere lan iraultzailea egiten zuen aldi berean, pedagogia-irakasle nagusiak ikertu baitzituen. Zhenotdel erakundearen (genero-askapenaren aldeko erakunde boltxebikea) sortzaileetako bat izan zen. Hezkuntza Politikorako Propaganda Erakundearen burua ere izan zen, 1930 arte. Lenin hil osteko Alderdi barneko borroketan, 1924 eta 1925 artean Stalinen (eta oraindik aliatu ziren Zinoviev eta Kameneven alde) agertu zen, 1925 eta 1926 artean Zinoviev eta Kameneven alde Stalin eta Bukharinen kontra, eta 1927tik aurrera berriz Stalinen alde. 1924an Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Komite Zentraleko kide aukeratu zuten. 1931ean SESBeko Zientzia Akademiako kide aukeratu zuten. 1937tik aurrera Sobietar Batasuneko Presidiumaren kide izan zen. 1939an hil zen. UNESCOk analfabetismoaren kontrako sari bati bere izena eman zion.