Koltxak, Aleksandr

Errusiar militar kontrairaultzailea. Gaztetan esploratzailea izan zen, Ipar Polora zenbait espedizio egin zituelarik. Geografoa ere izan zen eta Errusiako Geografi Elkarteko kide izan zen, espedizio garrantzitsuak egin zituelarik. 1905eko Guda Errusiar-Japoniarrean, japoniarrek preso hartu zuten, baina segituan askatu zuten. Armadan almirante kargua izan zuen eta Lehen Mundu Gudan borrokatu zuen, hala ere, militar bezala 1917 arte ez zen oso ezaguna izan. Urriko Iraultza Sozialista eman zenean, honen aurkakoa eta guda inperialistaren aldekoa izaki, Britainiar Armadan eman zuen izena, guda jarraitzeko asmoz. Britainiarrek lehenbizi operazio batzuetan erabili zuten, baina gero Errusiara bidali zuten, hango Armada Zuriaren zuzendaritzan parte hartzera. Guda Zibilean, Armada Zuriko buruetako bat izan zen; Ekialdean, Siberian errotutako tropa zuriak gidatzen zituen. 1918an, Ingalaterrako inperialisten laguntzarekin, Ekialdeko kontrairaultzako buruzagi politikoa ere izan zen, Omsk hiriko “Errusia Osoko Behin-Behineko Gobernua” deitutakoaren jabe eginez, kontrairaultzaile eseristak (buruzagi zuri askorentzat eta inperialista askorentzat “fidagarriak ez zirenak”) bertatik kanporatuz; horrela bere burua Errusiako agintari goren izendatuz. Bere erregimena arras atzerakoia eta errepresiboa izan zen, baina britainiarrekin harreman onetan zegoenez gero (Koltxak britainiarren interes inperialisten ordezkaria zen Errusian, gertaera honek, mugimendu zuriaren parte ziren beste buruzagi eta eragile batzuekin ere etsaitasun handia ekarri zion); hauen babes politiko, diplomatiko eta militarrarekin, nolabaiteko “Estatu” bat eta armada bat eraiki ahal izan zituen. Hala ere, Armada Gorriaren aurrerapenak eta partisandarren mugimenduak militarki garaitu egin zuten. Irkutsk hirian preso egina izan zen, eta Irkutskeko Komite Iraultzaileak epaitu eta heriotza zigorra ezarri zion.