Eseristak (sozialista-iraultzaileak)

Eseristen 1917ko kartela. Oinean, “Gora Errusia askea!” dakar.

1901.an Viktor Txernovek eta Jekaterina Brexko-Brexkovskaiak sortu zuten alderdia sozialista. Eserista hitza SR sigletatik (“sotsialisti revoliutsioneri”, hau da “sozialista iraultzaileak”) dator. Eseristen ideologia XIX. mendeko mugimendu populistan oinarritzen zen. Eseristek nekazal-giroaren eta errusiar tradizio zaharren idealizazioan oinarritutako sozialismo populista baten alde egiten zuten. Alderdiaren ideologiak; sozialismo zientifikoa, marxismoaren baliabideak, langileriaren abangoardia papera eta klase borroka ukatzen zituen. Nekazal burgesia-ttipiaren ordezkari politikoa zen. Beren programak hori islatzen zuen, lurraren sozializazioaren aldekoak ziren, ez ordea industrian berdina egitearen aldekoak. Tsarismoaren pean, beren politika atentatuengatik nabarmendu zen, Borroka Erakunde Eserista sortuz. Adar honek hainbat ministro tsarista hil zituen, baina 1908.ean hauen liderretako bat poliziaren agentea zela azalerazterakoan erakundea deseginda eta alderdia konprometitua geratu zen (taktika hauekiko desadostasunak 1906ean enesisten banaketa ekarri zien). 1914.ean eseristen alderdi banatu egin zen gudarekin bat egien zutenen eta kontra zeudenen artean, baina 1917.ean, otsaileko iraultzaren ostean, gehienek bat egin zuten, egoera aldatuta eta orain “demokraziaren defentsa” jokoan zegoela argudiatuta. Otsaileko iraultza gertatu zen unean, agian Errusiako alderdirik handiena zen. 1917eko lehen Behin-behineko Gobernuak ministro eserista bat izan zuen, Aleksandr Kerenski, baina alderdia ez zen buru-belarri sartu Gobernuan apirila arte (koalizio Gobernua), beraz, burgesiaren politikarekin konpromiso bat egin zuen, honen programa (gudan jarraitzea, alderdiak aldarrikatutako erreforma sakonak atzeratzea) bere eginez. Momentu horietan bazirudien alderdi honek inoiz baino botere gehiago zuela: Sobietetan mentxebikeekin batera gehiengoa baitzuen eta aldi berean Gobernuan zeuden. Alta, maiatzeko kongresuan alderdi hau zatitzen hasi zen, ezkerreko korronte batek sozialisten arteko koalizioa (burgesiarik gabe) eta guda gelditzea eskatzen baitzuen (boltxebikeengana hurbilduz). Alderdiaren alde eskuindarra (“ofiziala”) Behin-Behineko Gobernuan eta honen politika jarraitzearen aldekoa zenez, bi korronteak geroz eta aldenduago agertu ziren; are gehiago, alderdiaren eskuin adarrak Sobieten “gehiegizko eskaeren” (boteretzearen) aurkako zein boltxebikeen aurkako jarrera gogortu egin zuen, Behin-Behineko “koalizio”-Gobernuarekin are gehiago identifikatuz (Adibidez, uztaileko egunen osteko errepresioa hein handi batean zuzendu zuten). 1917.eko irailean izan zen erabateko apurketa, “ezkerreko eseristek” Konferentzia Demokratikoan alderdiaren ildo ofizialaren aurka (koaliziozko Gobernua mantentzearen aurka) bozkatu zutenean. Eseristen eskuin atala, 1917ko Urriko Langile Iraultzaren aurka jarri zen eta Armada Zuriarekin borrokatu zen Guda Zibilean; ezker atala hasieran alde jarri bazen ere, 1918an kontrairaultzara pasa zen. Alta, eserista batzuek Alderdi Boltxebikearekin bat egin zuten. Alderdiburua Viktor Txernov izan zen, eta beste buruzagi ezagun batzuk Jekaterina Brexko-Brexkovskaia (alderdiaren fundatzialea eta otsaileko iraultzaren ostean “Iraultzaren amona” deitutakoa), Aleksandr Kerenski (uztailetik urrira Behin-Behineko Gobernuaren burua), Marija Spiridonova (ezkerreko aldearen burua), Abraham Gots, Vladimir Zenzinov edo Nikolai Avksentiev (maiatzean Baserritarren Sobieten Komite Exekutiboko buru izendatua, irailean Aurre-parlamentuaren lehendakaria eta 1917ko uztailetik irailera barne-ministroa) izan ziren.