Radek, Karl

Ukrainan jaiotako militante komunista. Gaztetatik, Alemania eta Poloniako mugimendu sozialistetan parte hartu zuen eta 1905eko iraultzan borrokatu egin zuen. Alderdi Boltxebikeko kide egin zen eta horregatik, Gobernuak erbesteratu egin zuen. 1914an, guda inperialistaren aurkako jarrera iraultzailea izan zuen (guda inperialistaren kontrako sozialisten nazioarteko koordinazioa eraikitzean erabakigarria izan zen), zenbait akats teoriko egin bazituen ere, adibidez, nazioen autodeterminazio eskubidea ukatu zuen, Luxemburgen ildoarekin bat eginez. 1917an Leninekin batera bidaiatu zuen trenez Suitzatik Errusiara, baina ez zitzaion Errusian sartzen utzi eta Stockholmera joan zen, han boltxebikeen prentsa alemanieraz ateratzen zuelarik. 1917ko Urriko Iraultzaren ostean Petrogradera joan zen, eta orduan Kanpo Arazoetarako Herri Komisario-orde izendatu zuten. 1918an ezkerreko komunistekin lerratu zuen Brest-Litovskeko Itunaren kontra (hala ere, zuen postuagatik, itun hori sinatu behar izan zuen). III Internazionalaren sorreran parte-hartze garrantzitsua izan zuen. Kominterneko goi-mailako antolatzaile bilakatu zen, eta 1918-20 urteetan, Alemaniako mugimendu komunista antolatzen lagundu zuen (Iraultza Espartakistan parte hartzearren atxilotua eta kartzelaratua izan zen). 1923an Kominterneko Komite Zentralean zuen postua galdu zuen, urte horretan alemaniar komunistek egindako matxinada baten porrotaren arduradun jo zutelako. Geroago, Alderdiaren aurkako jarrera trotskistak babestearren, 1924an Alderdi Komunistaren zuzendaritzatik bota egingo zuten, bai eta 1927an Alderdi beretik ere. 1930ean berronartua izango bazen ere eta 1936ko Konstituzioa idazten lagundu bazuen ere, 1937an berriz kanporatua izan zen.