Jakovleva, Varvara

Errusiar boltxebikea, 1904tik alderdi horren kide izan zen. 1906an, 1910an eta 1913an atxilotua izan zen (azken bietan presondegitik ihes egin zuen), eta azkenik 1914an atxilotua eta Astrakhan hirira deserriratua izan zen, 1916 arte. Askatua izan zenean, Moskuko boltxebikeen antolakundeko idazkari kargua eman zioten. 1917ko urriaren 10ean, Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralak matxinatzea erabaki zuen bileran, aktak jasotzeko arduraduna izan zen. Urriko Iraultzaren egunetan, Moskuko kaleko borroketan parte hartu zuen barrikadetan. 1918an Brest-Litovskeko Ituna sinatzearen kontrakoa izan zen (ezkerreko komunistekin lerratu zen). 1918ko maiatzean Txeka (Kontrairaultzaren eta Espekulazioaren Aurkako Errusia-Osoko Ohizkanpoko Komisioa) polizia sekretuan sartu zen, eta 1918ko maiatzetik 1919ko urtarrilera Txekako lehendakariorde (Dzerzhinskiren ondokoa) eta Petrogradeko Txekako buru izan zen. Urte horretako martxoan 1919an Hornikuntzarako Herri-Komisariotzaren goi-kargudun izan zen, beraz Guda Zibileko politikan garrantzia handia izan zuen, elikaduraren banaketa eta soberakinen konfiskazioa guda irabazteko erabakigarriak izan baitziren. 20. hamarkada hasieran, alderdiaren barneko ultraezkerreko joerarekin bat egin zuen, adibidez, sindikatuen inguruko eztabaidan. 1930tik 1937ra Sobietar Batasuneko Finantzetarako Herri Komisarioa (ministroa) izan zen. Hala ere, alderdiaren kontrako oposizio-zirkulu baten altxamendu planekin bat egiten zuela eta, 1937an atxilotua eta 1938an 20 urteko kartzela-aldiaz zigortua izan zen, eta II Mundu Gudan zehar, exekutatua.