Enesistak (sozialista-herrikoiak)

1906an Alderdi Eseristaren eskuineko banaketa batetatik sortu zen alderdia (NS siglengatik “enesista” gisa ezagunak ziren, “sozialista herrikoiak” izena errusieraz narodnie sotsialisti delako). Enesistak, eseristen gisan, errusiar nekazal sozialismoaren aldekoak ziren, tradizio populistatik zetorren alderdi bat zen; hala ere, eseristekiko bi ezberdintasun zuten: alde batetik ez zuten eseristek defendatzen zuten atentatuen bidezko politika babesten eta legalismoaren aldeko apustua egin zuten; eta bigarrenik monarkiaren uzkailtzea ez zuten ardatz bezala hartzen, enesisten ustez, euren programa monarkia konstituzional batean betetzea ere posible zen. Enesistek ez zuten sekula ere eseristek izan zuten babesa eta eragina izan. 1914an guda inperialista babestu zuten, eta 1917ko otsaileko iraultzaren ostean Behin-Behineko Gobernua baita. Guda Zibilean Armada Zuriaren alde egin zuten. Beren buruzagirik garrantzitsuenak Aleksei Pexekhonov (Behin-Behineko Gobernuan Elikadura ministro izan zena), Aleksandr Zarudni (Behin-behineko Gobernuan Justizia ministro) eta Nikolai Txaikovski (militante sozialista beteranoa, San Petersburgoko lehen zirkulu sozialistaren fundatzailea, baina Guda Zibilean Arkhangelsk hirian britainiarren peko gobernu zuri baten burua izandakoa) izan ziren.