Zinoviev, Grigori

Ukrainar militante sozialista; 1901ean Errusiako alderdi marxistan sartu zen, eta alderdia mentxebike eta boltxebikeen artean zatitzerakoan, azken hauekin lerrokatu zen. Alderdi Boltxebikearen militantzian hainbat eta hainbat urte eman zituen, eta pixkanaka-pixkanaka nabarmentzen hasi zen: 1907rako Alderdiaren Komite Zentraleko kide zen. 1908an erbesteratua izan zen, eta halaxe, erbestean zeuden Alderdiaren argitalpenen erredakzioan sartu zen. Nazioarteko mugimendu sozialistan ezaguna egin zen, Leninekin batera boltxebikeek guda inperialistaren aurrean izan beharreko postura azaltzearren. 1917ko otsaileko iraultzaren ostean, Alderdi Boltxebikeko zuzendaritzako kide ezagunenetako bat izan zen; baina prozesu iraultzailean zehar Alderdiari kale egin zion: Urriko Iraultza hasi baino pixka bat lehenago, Alderdiko Komite Zentralak matxinadari hasiera ematea erabaki zuenean; Zinovievek eta Kamenevek Alderdiarena ez zen prentsan erabaki horren berri eman eta Alderdiaren erabakiarekin ados ez zeudela esan zuten. Horrek Alderdian haserre bizia piztu zuen, Iraultzarako estrategia hondatu zezakeen diziplina huts larri bat izan zelako, Alderdiaren buruzagitzatik etorria gainera (Leninek “Zinoviev eta Kamenev jaunak gure Alderditik kanporatuak izan beharko ziratekeen” esan zuen). Urriko Iraultza Sozialista pasatu eta egun gutxira Komite Zentraletik dimititu zuen. Halere, autokritika egin zuen eta hurrengo urtean militantziak Komite Zentralerako aukeratuko zuen berriz. Hortik aurrera zenbait postu garrantzitsu izango zituen; adibidez Petrogradoko Sobieteko lehendakari (beraz, hiri horretako alkate) eta Internazional Komunistako lehendakari. Halere, Lenin hil eta gero, botere borroketan sartuz joan zen eta Alderdiaren aurkako borroka frakzionalean hasi zen. Alderdiak ebatzitako politikak kritikatzen zituen, barrutikako oposizioa egiten zuen… horregatik, zenbait aldiz Alderditik kanporatua eta gero berriz onartua izan zen. 1936an, Alderdiko beste zenbait zuzendarirekin batera eta zenbait kanpo potentzien laguntzaz, Estatu-kolpea emateko asmoa izan zuen. Alderdiak asmo hori antzeman egin zuen, hori dela eta Zinoviev epaitua, heriotzara kondenatua eta exekutatua izan zen.