Tsereteli, Irakli

Georgiar mentxebikea, 1903.ean errusiar marxistei batuko zitzaien, segituan mentxebikeen alde egin zuelarik. 1905eko iraultzaren ostean “likidatzaileen” ildoan (boltxebikeengandik erabat urrundu eta alderdiaren aparailu klandestinoa “likidatu” eta alderdi legal bihurtu nahi zuten aldean) kokatu zen. 1907.ean Dumako diputatu aukeratua, baina urte horretan atxilotua izan zen. 1914.ean Errusiak gudan parte hartzearen kontrakoa izan zen, baina 1917.ean Gobernu liberal-demokratikoa ezarrita, guda onetsi zuen, “demokraziaren aldeko guda” bezala, eta postura horretara lotu zituen mentxebike gehienak. 1917eko otsailean Petrogradeko Sobietaren zuzendaritzaren parte izan zen, eta praktikoki, Sobiet honen gehiengoa kontziliatzailea zen artean (otsailetik irailera), Sobietaren bozeramaile gisa jardun zuen (1917.eko ekainean, Errusia Osoko Sobieten Lehen Biltzar Nagusian, Errusiako Sobieten Komite Exekutiboko kide aukeratu zuten). Bere filosofia politikoa mentxebike ortodoxoa zen: hau da iraultza demokratiko burgesa izatera mugatzearen aldekoa zen, sozialismoa berehala ezartzea “hondamendia” omen zatekeelako, beraz marko burges hori gainditzearen aldeko edozein mugimenduren kontrakoa zen. Sobieten barnean langile iraultzaren aurkako eta Behin-behineko Gobernu burgesaren aldeko jarrera erakutsi zuen, joera honen aldeko pertsonalitaterik garrantzitsuena bilakatuz; bere ustez, Sobieten lana ez zen boterea hartzea, baizik eta burgesia demokraziarantz presionatzea, eta burgesiarekin “koalizioa” osatzea (“botere bikoitza” Sobieten menpekotasunaren optikatik ulertzearen aldeko nagusia zen); eta hala, “arazo nagusi” guztietan (gudaren jarraipena, botere politikoa, lurren birbanaketa…) burgesiaren ikuspuntua babestu zuen eta Sobietek ere babes zezaten saiatu zen. Ekainean, Petrogradeko Sobietak Kronstadteko Sobieta aintzatespenik gabe uzteko adierazpenaren bultzatzailea izan zen, eta are boltxebikeak legez kanpo uztea proposatu zuen, arrakastarik gabe (uztailean antzeko neurri batzuk hartu zituen Gobernutik). Otsailetik aurrera, praktikoki Alderdi Mentxebikearen alderdiburu izan zen. Maiatzean, Posta eta Telegrafo Ministro bezala gobernu burgesean sartu zen, eta uztaileko krisiaren ostean Barne ministroa izan zen, beraz hilabete horretan boltxebikeen kontrako errepresioa zuzendu zuen, “konplot” eta “altxamendu” akusaziopean hainbat boltxebike atxilotuz (Lenin ere atxilotzen saiatu zen, baina hau ihes eginda zegoen) eta salbuespen lege bat onartuz. Abuztuan Gobernua utzi zuen. Urriko Iraultzaren erabat aurkakoa; Georgiako gobernu mentxebike kontrairaultzailean parte hartuko zuen. Iraultza Georgiara zabaldu zenean, Frantziara ihes egin zuen.