Kadeteak (demokrata-konstituzionalistak)

Kadeteen lau kide, ezkerretik eskuinera; Nabokov, Gessen, Miliukov (alderdiburua) eta Petruxkevitx.

Alderdi hau, ofizialki “Herriaren Askatasunaren Alderdia”, Errusiako alderdi burges-liberal bat zen, monarkia konstituzionalaren aldekoa. Kadeteek tsarismoarekin itunak egitearen alde egin zuten eta guda inperialista bultzatu zuten. Otsaileko iraultza burgesak tsarra uzkaili ostean, burgesia handi ustez “demokratikoaren” ordezkari gisa, hitzez otsaileko iraultza babestera beharturik aurkitu baziren ere, finez, errepublika berriaren aurka konspiratzen zuten. Behin-behineko Gobernu burgesaren sostengu nagusietako bat izan zen: halaxe, bere politika, langileen aurkako errepresioan, lurjabeen lurrak banatzen zituzten nekazariak jazartzean, Sobieten aurkako probokazioak eta mehatxuak burutzean (hauen deuseztea eskatzen zuten) eta guda inperialistan kosta ala kosta jarraitzean oinarritzen zen. Otsaileko iraultzaz geroztik, Errusiako alderdirik atzerakoiena eta eskuindarrena izan zen. Irailean Korniloven Estatu-kolpea babestu zuten. Urriko Iraultza Sozialistaren etsai porrokatuak izan ziren eta Guda Zibilean Armada Zuriaren zutabe politiko nagusia izan ziren. Alderdi honen burua Pavel Miliukov (1917eko otsailetik apirilera Kanpo Arazoetarako ministroa) zen, eta beste militante ezagun batzuk Georgi Lvov (1917ko otsailetik uztailera Errusiako lehen ministro), Aleksandr Konovalov, Nikolai Nekrasov (1917ko uztailetik urrira Gobernuburu-orde), Vasili Maklakov, Andrei Xingariov (1917.eko martxo eta apiril artean Elikadura ministro, 1917.eko maiatza eta uztail artean Finantza ministro); Fiodor Kokoxkin  eta Fiodor Roditxev izan ziren.