Behin-behineko Gobernua

Errusiako Behin-behineko Gobernuaren lehen gobernu-taldea. Goian erdian Georgi Lvov printzea, gobernuburua (demokrata-konstituzionalista). Honen ezkerretara, bere alderdiko kide Pavel Miliukov, Kanpo Arazoetarako ministroa. Eskuinera, Aleksandr Kerenski eserista, Justizia Ministroa, uztailetik aurrera gobernuburu izan zena.

Gobernu hau, otsaileko iraultzan tsarra uzkaili ondoren ezarri izan zen Gobernu burgesa izan zen. Behin-behineko Gobernu hau, burgesiaren ordezkari politikoa izan zen eta Errusian Estatu burges bat ezartzea zuen helburu. Urriko Iraultza Sozialistak uzkaili egingo zuen. Behin-behineko Gobernua ez zen aukeratua izan eta hasiera batean, burgesiaren kidez osatua izan zen, geroago alderdi kontziliatzaileetako kideak sartuz joan baziren ere. Behin-behineko Gobernuak, masa zabalen artean ez zuen batere zilegitasunik, izan ere langileen eta nekazarien ordezkari politikoak Sobietak baitziren. Behin-behineko Gobernuak, iraun zuen zortzi hilabeteetan, burgesia handiaren politika egin zuen (guda inperialista jarraitu, burgesiaren jabetza babestu, langileen boterea ekidin eta abar) eta alderdi kontziliatzialeak politika horretarako bereganatu zituen. Baina egia esan, Sobietekin alderatuta, herriko masen artean ez zuen babes edo autoritate handirik (fenomeno honi “botere bikoiztasuna” deitzen zitzaion, bi instituziok baitzeukaten boterea), eta zortzi hilabete iraun izan bazituen, Sobietetan zeuden alderdi kontziliatzaileen konplizitatearengatik izan zen; boltxebikeek Sobietetan gehiengoa izaterakoan botere sobietar proletarioaren aldeko Iraultza Sozialista burutzeak horixe frogatzen du. Behin-behineko Gobernuak bi lehendakari izan zituen: Georgi Lvov kadetea (otsailetik uztailera) eta Aleksandr Kerenski eserista (uztailetik Urrira).