Krasnov, Piotr

Errusiar jeneral kosako tsarista. Armada tsaristan karrera egin ondoren, I Mundu Gudan, jeneral tituluarekin, zaldizko batailoi kosako batzuk zuzendu zituen. Behin-behineko Gobernuaren garaian Korniloven Estatu Kolpean parte hartu zuen eta Urriko Iraultza Sozialista gertatzerakoan, Kerenskik armadako komandante goren izendatu zuen jaiotzen ari zen Iraultza zapal zedin eta boterea Kerenskiri itzul ziezaion (“Kerenski-Krasnov matxinada”). Boltxebikeek preso hartu bazuten ere, Krasnovek Iraultzaren aurka borrokatuko ez zuela hitza eman ostean aske utzi zuten. Hala ere, hitza jan egin zuen. 1918an, Don Eskualdeko Kosakoen Hordako buruzagi izendatuko zuten eta Don Eskualdean matxinada kosako antisobietar bat piztu zuen. 1919an, bere armada kosakoa Denikin jeneralak Ukrainan eta Errusiako Hegoaldean zuzentzen zuen Armada Zuriaren hierarkia pean jarri zuen; hala ere, Armada Zuriarekin desadostasun politiko sakonak izango zituen (itxuraz, Krasnovek “nazionalismo kosakoa” defendatzen zuen, eta hori Armada Zuriko errusiar inperialistek ez zuten ondo ikusten) eta urte horretantxe Alemaniara erbesteratu zen. Bertan, zenbait jarduera propagandistiko antisobietarretan sartu zen, Bigarren Mundu Guda iritsi arte. Guda horretan bere aberriari traizio egin zion eta Sobietar Herria eraso zuten faxista alemaniarren zerbitzura jarri zen; Wehrmachtrako eta Waffen SSrako kosako antikomunistez osatutako dibisioak eratu zituen. Bigarren Mundu Gudan SESBk Alemania garaitu ondoren, sobietarrek Krasnov bere traizioagatik  epaitu, hiltzera kondenatu eta exekutatu egin zuten.

Anekdota: Erbestean zegoela idatzi zuen Bi buruko arranotik bandera gorrira elaberria Literatur Nobel Sarirako hautagai izendatua izan zen.