Kamenev, Liev

Errusiar militante boltxebikea, Alderdiaren historiaren une politiko klabeetan Zinovieven aliaturik garrantzitsuena izandakoa. 1901.ean Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratan izena eman zuen, eta hurrengo urtean alderdi hori zatitzerakoan, boltxebikeekin bat egin zuen. Laster, Alderdiarentzat lan egiteko, klandestinitatera jo zuen; hala Alderdiaren Proletari eta Pravda egunkarien erredakzioan lan egin zuen. 1907.ean Alderdi Boltxebikearen Komite Zentraleko kide aukeratu zuten, eta Leninen kolaboratzaile hurbilekoa izan zen, adibidez 1912.eko Konferentzia Boltxebikea prestatzen lagundu zion. I Mundu Gudaren hasieran atxilotu egin zuten, eta tribunal tsaristaren aurrean Leninek defendatutako internazionalismoaz urruntzen zen adierazpen bat egin zuen. Hala ere Siberiara bidaliko zuten, eta bi urte emango zituen han. 1917.ean, Otsaileko Iraultza gertatzerakoan, Stalinekin batera, Alderdi Boltxebikearen pertsona garrantzitsuenetako bat izan zen (beste ia denak erbestean bait zeuden). Halere, Kamenevek proposatutako taktika arras antileninista eta erdi-mentxebikea zen, Behin-Behineko Gobernua sostengatzean, matxinada proletarioa burutzearekiko aurkakotasunean eta iraultza sozialista “goiztiarregia” zela jotzean baitzetzan, eta burgesiarekin kontziliazioa proposatzen baizuen (praktikan, boltxebikeak mentxebismora hurbilduko zituen). Leninek, erbestetik itzuli eta “Apirileko Tesiak” argitaratzerakoan, Alderdiaren kontrola berreskuratu zuen eta Alderdiaren baitan lerro politiko zuzena, iraultza sozialistarantz jotzea helburu zuena inposatu zuen, beraz Kamenev baztertua geratu zen. Urriak 10ean, Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralaren batzar batean, iraultza piztera deitzen zuen ebazpena bozkatu zenean, Kamenevek eta Zinovievek aurka bozkatu zuten. Are gehiago, Urriaren 16ean, Zinovievekin batera Novaia Zhizn (“Bizitza Berria”) izeneko egunkari mentxebikean idatzitako artikulu batetan, boltxebikeen estrategia iraultzailea aideratu, zabaldu eta salatu egin zuten, Alderdiari traizio handia eginez (Leninek Kamenev eta Zinoviev Alderditik kanporatzea eskatu zuen). Halere, Urriak 25ean Iraultza Sozialista gertatu zenean, Kamenevek parte hartu egin zuen eta Sobieten II Biltzar Nagusiak, Sobieten Komite Exekutibo Nagusiko lehendakari aukeratuko zuen (sobietar boterea Sobietetatik, eta hauen ordezkari Komite Exekutibotik eratorria zenez, postu hau, Errusiar Errepublika Sobietarreko Estatuburu edo lehendakariaren antzekoa zen, beraz Sobietar Errepublikaren lehen Estatuburua izan zen). Hala ere, egun gutxi barru, mentxebikeen eta eseristen presioa zela eta, boltxebikeek alderdi burges-ttipi kontziliatzaile antisobietar hauekin boterea elkarbanatzeko deia egin zuen (praktikan Iraultzaren errendizio bat izango zena), eta bere proposamena onartu ez zenean, Komite Zentraletik eta Sobieten Komite Exekutiboko lehendakaritzatik dimititu egin zuen. Jarrera makur eta aldebiko hau, Leninek eta boltxebikeek gerora ez zuten ahaztuko. Ahaztua ez arren, laster barkatua izango zen eta 1918.ean, Herriaren Komisarioen Batzordean sartuko zen, Lanerako eta Defentsarako Herri Komisario bezala, urte berean Moskuko Sobieteko lehendakari (Moskuko alkate) aukeratu zuten eta 1919.ean berriz Alderdi Boltxebikearen Komite Zentralean sartuko zen. 20 hamarkadan, boterea lortzeko zenbait maniobratan aritu zen, eta 1925.etik aurrera, Zinovievekin batera, Alderdiak aukeratutako Stalinen zuzendaritzari oposizioa egin zion. 1927.ean, Alderdiaren XV. Biltzar Nagusiak kanporatu egin zuen, Alderdiaren aukako lana egitearren. 1928.ean berriz onartua izango zen; halere 1932.ean berriz kanporatua izan zen, Estatu-kolpe asmo batzuen jakitun izatearren eta horietaz berri ez ematearren. 1933.ean berriz onartua izan bazen ere, 1934.ean azkenean, Zinovievekin batera, behin-betiko kanporatua izango zen, asmo kolpistak izateagatik eta Kiroven hilketan parte hartzeko konplizitateagatik. Horrez gain, horretxegatik epaitua eta hiltzera kondenatua izan zen.