Box, Jevgenija

Ukrainar militante komunista. Ukrainan etnikoki alemaniarra zen familia batetan jaio zen. Bere gurasoek adin txikikoa zenean ezkonarazi zuten, eta gertaera horrek bere kontzientzia piztu zuen. 1901an, 22 urterekin Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokratan sartu zen; hurrengo urtean, korronte boltxebikea eta mentxebikea agertzerakoan, boltxebikeen aldeko hautua egin zuen. Politikoki boltxebikeen ezker-aldean kokatzen zen. 1911.erako Alderdi Boltxebikearen Kieveko Komitearen idazkari zian zen. Garai horietan, Georgi Piatakov boltxebikearekin ezkondu zen. 1912.ean Box eta Piatakov atxilotu egin zituzten eta Siberiara bidali, baina ihes egitea lortu zuten, AEBtatik Suitzara helduz, eta han beste erbesteratu boltxebikeekin batuz. 1917.ek martxoan berriz Kievera iritsi zen, berriz Kieveko boltxebikeen buru aukeratu zutelarik. 1917.eko ekainean, Alderdi Boltxebikeko “Hego-Mendebaldeko eskualdeetako” antolakundeko Komite Zentralaren kide aukeratu zuten. Hala ere, momentu hartan, alderdi hori “Ukrainar” deitzearen kontra agertu zen, eta bere bizitza politikoan iraunkorra izan zen beste ezaugarri bat erakutsi zuen: luxemburgismoa, bai politikoki (ezker-aldean kokatuz) eta bai afera nazionalean (autodeterminazioarekin kontrakoa). Azken honen inguruan, Leninek kritika gogorrak egin zizkien bai berari eta bai bere ildoko boltxebikeei. Hala ere, bere itzala handituz joan zen: 1917.ko urrian, Gobernu burgesaren kontra Armadako unitate bat zuzendu zuen.

1917ko abenduan, Ukrainako Sobietar Errepublika ezarri zenean, Box Barne Ministro izendatu zuten, baina Gobernu horrek buru ofizialik ez zuenez eta Box alderdiburu ere bazenez, praktikoki Estatuburua zen. Honen bestez, jatorri aristokratikoko emakumeak kenduta, historiako emakumezko lehen Estatuburua izan zen. 1918k martxoan Brest-Litovskeko Itunaren kontra agertu zen eta, Armada Gorrian sartu zen Vladimir Antonov-Ovseienkoren agindupean. 1918.ean Errusiako Penza probintziako Alderdi Komunistako buru izan zen, eta bertan, udan, Alderdi Eseristak gidatutako kulaken matxinada bat zapaltzeko erabakigarria izan zen. 1918ko uztailan, Ukrainako Alderdi Boltxebikea sortzearen kontra egon zen, hori “ukrainar nazionalismoari” emakida bat egitea zelakoan. 1918.eko bukaeran, Ukrainako Sobietar Errepublika berrezarri zen, Piatakoven zuzendaritzan, Boxen babesarekin, hala ere, Gobernu horretako zuzendariek, ultraezkerkeriak eta ukrainar nazio-izaeraren ukapen ildoak gidaturik, akats politiko larriak egin zituen batez ere ukrainar baserritarrekiko. 1919ko martxoan Errusiar Alderdi Boltxebikearen VIII Kongresua  burutu zen, non Ukrainako egoerak eztabaiden tarte handi bat hartu zuen. Boxek, Piatakovekin batera, alderdi honek autodeterminazioa onartzearen kontra egin zuen, baina euren postura garaitua izan zen (Lenin: “Ukrainar baserritarrekin hizkera amankomun bat topatu behar dugu”), eta Box alderdi barruan gutxiengoan geratu zen (Piatakovek Ukrainako Estatuburu postua galdu zuen). Hala ere, akatsak akats, Iraultzaren kausaren aldeko militante nekaezina eta garrantzi handikoa izan zen, Viktor Sergek esan zuen bezala: “Ukrainan borroka iraultzaileak kaos izugarri batera eraman zuen (…) Halako egoeretan ohizkanpoko pertsonak behar dira, eta guk halako emakume bat izan genuen: Jevgenija Box. (…) Box Errusiako Guda Zibilaren lehen faseetan pertsona erabakigarrietako bat izan zen”. 1923.ean Alderdi Boltxebikearen eztabaiden barnean, ezkerreko oposizioarekin kokatu zen. Osasun arazoek jota, 1925.ean bere buruaz beste egin zuen. Bera hiltzerakoan, Kieveko zubi bati bere izena eman zioten (1941.ean suntsitua izan zen).