Txernov, Viktor

Politikari eserista. 1901.ean Errusiar Alderdi Eseristaren sortzailea eta teoriko nagusia. Eseristen artean figura nagusia bezala ikusia zen, hala ere, bere karakter biguna zela eta, ia ez zen alderdiaren barne antolakuntza eta polemiketan sartzen, eta gehiago mugatzen zen teoria arlora. 1914eko gudaren aurrean, hasieran kontrako posizioa hartu zuen eta are 1915ean Zimmerwaldeko Konferentzian parte hartu zuen. Alta, 1917an biraketa egin zuen eta alderdiaren eskuin-aldean kokatu zen: 1917eko maiatzetik irailera Nekazaritzarako Ministro bezala Behin-behineko Gobernu burgesean parte hartu zuen (uztailean dimisio labur bat eman zuen, boltxebikeen kontrako kalumnia kanpaina puri-purian zegoelarik -“agente alemaniarrak” omen zirela-, Txernoven iragan pazifista oroitua izan zen, eta bera ere zipriztindu zuten erasoek). Bere politika alderdiak Sobietetan zein maiatzeko Kongresuan definitu eta defendatu zuena izan zen: lurraren birbanaketa asmoak azaldu, baina Asanbalda Konstituziogilea deitu arte, lurraren jabetzari dagokionez ezin zitekeela aldaketarik egin. Horrela, nekazarien lur-hartze espontaneoak erreprimitu egin zituen; eta bestetik, berak defendatu zituen erreformak aplikatzeko ezintasuna erakutsi zuen (bai bere karakterragatik, zein Gobernu burges batek plaika ezinezkoak zirelako; baina azken honi buruz esan behar da Txernov langileek Gobernua hartzearen kontrakoa zela). Abuztuan dimititzeko saiakera egin zuen, eta azkenean, irailean Korniloven Estatu-kolpearen ondoren geratu zen kanpoan.

Uztaileko Egunetan paper tragikoa izan zuen: Kronstadt eta Viborgeko langile gorriek “boterea Sobietentzat!” eskatzen eta oihukatzen zutelarik, baina Sobietak boterea hartu nahi ez zuela, Txernov joan zen postura hau azaltzera. Langile batek ukabila altxatuz oihukatu zion: “Har ezak boterea eskura ematerakoan, putasemea hi!”. Langileek atxilotu egin zuten, eta Trotskik atera behar izan zuen atxiloalditik.

Urriko Iraultzaren ostean, honen aurka aritu zen. Hasiera batean eseristek Kerenski berriz boterean ezartzeko ahalegin armatuak babestu zituen. Baserritarren Sobieten II Biltzarrean lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu zuen, baina ezkerreko eserista Marija Spiridonovak (orduan, proboltxebikea) garaitu zuen. 1918.an, Asanblada Konstituziogileak egin zuen sesio bakarrean Asanblada horetako lehendakari aukeratu zuen (eskuineko eseristek, mentxebikeek eta kadeteek, eta bestelako talde antiboltxebikeek babestua; oraingoan Spiridonoa garaitu zuen). 1918ko lehen hilabeteetan oposizio moderatuaren taktikaren aldekoa izan zen, hau da, “Sobieten bitartez Asanblada Konstituziogilea berrezartzearen” aldekoa. Hala ere, Brest-Litovskeko Itunaren ostean, oposizio gogorrera pasa zen, eta altxamenduen alde egin zuen. 1918an Samara hirian ezarri zen gobernu kontrairaultzaile batean, Komutx (Asanblada Konstituziogileko Kideen Komitea) izenekoan, parte hartu zuen. Hala ere, Komutxek beste antzeko Gobernu batzuekin bat egiterakoan (“Omskeko Direktorioa” edo “Errusia Osoko Behin-Behineko Gobernua”), kritikaz ikusi zuen mugimendu hori. 1918.eko azaroan Koltxakek Estatu-kolpea eman ondoren Txernov exekutatua izatekotan egon zen. Horren ostean Guda Zibila utzi zuen eta Moskura itzuli zen, non 1918ko posturara itzuli zen: “oposizio moderatuaren” posturara, eta matxinada berriak antolatzeari uko egin zion (eskuineko beste eserista batzuek oposizio armatuaren alde egin zuten). 1920an erbestera egin zuen. Batez ere Pragan bizi zen, 1939.ean naziak sartzerakoan Parisera egin zuen eta 1940.ean handik AEBra. 1952an hil zen.