Sverdlov, Jakov

Militante boltxebikea. 1917 urtearen aurretiko urteetan Errusia barnean geratzen zen boltxebikeen artean garrantzitsuenetakoa izan zen. 1914an atxilotua eta Siberiara erbesteratua izan zen, Stalinekin batera, 1917.eko otsaileko iraultzaren ondorioz aske geratu zelarik. 1917.eko apiriletik aurrea Alderdi Boltxebikeko Komite Zentraleko kide aukeratua izan zen, eta 1917ko abuztuan, Alderdiko Idazkari.

Boltxebikeen barne-antolakuntzako arduradun nagusia izan zen. Komite Militar Iraultzaileko kide ere izan zen, eta esan beharra dago Iraultza aurreko Komite Zentral Boltxebikearen batzarraren (iraultza proletarioa berehala prestatzeko erabakia hartu zuen batzarraren) antolatzaile izen zela. 1917.eko azaroak, Iraultza Sozialistarekin batera aldi berean burutu zen Errusia Osoko Sobieten Bigarren Biltzar Nagusian ordezkari boltxebikeen bozeramaile izan zen, beraz, Sobietak iraultza proletarioaren eta botere burgesa uzkailtzearen aldeko ildoa zilegiztatzeko paper garrantzitsua jokatu zuen. 1917.eko azaroaren 21ean Errusia Osoko Sobieten Komite Exekutiboko buru aukeratu zuten Kamenev ordeztuz, beraz, Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren buru izan zen. 1918an Brest-Litovskeko Itunaren sinaduran paper garrantzitsua izan zuen, eta Asanblada Konstituziogilea bertan behera uzten erabakigarria izan zen.

Lehen Konstituzio Sobietarra izan zen “Herri Langile eta Zanpatuaren Eskubideen Adierazpena” idatzi zuen komisioaren parte izan zen. 1918ko abuztuan Lenin atentatu batean zauritua izan zenean, praktikoki, Lenin berreskuratu arteko hilabeteetan, Gobernuburu postua ere bere esku egon zen. Aleksandra Kollontairen arabera, bere genero askapenaren aldeko borrokan aliatu garrantzitsua izan zen. 1919an, Guda Zibilean zehar hil zen. Bere omenez, Jekaterinburg hiria, 1924.etik 1991.era “Sverdlovsk” bezala berrizendatua izan zen.