17-03-25 Aurkezpena

 

“Herri Langilea bere geroaren jabe izateko bide bakarra da sozialismoa, orain dela 100 urte bezala”

 

 

Larunbat honetan, Martxoak 25, Barakaldoko Herriko Plazan 12:00etan K17 ekimena jendaurrean aurkezteko ekitaldia burutu da. Euskal Herrian jaioa, irekia eta plurala den ekimen honek 1917ko Iraultza Sozialista oroitzea eta goratzea du helburu, aurten bere lehen ehungarrena dela eta. Jon Kortazar historialariak eta Sonia Gonzalez sindikalista eta idazleak gidatutako ekitaldian hamarnaka lagunek babestu dute.

Sonia Gonzalezek aurkezpena 1917ko Iraultza Sozialista garrantzi historiko eztabaidaezina aipatzen hasi du. Idazle eta sindikalistak orain dela 100 urte gertatutakoa hari gorri uniboko baten bitartez lotu du beste gertaera historiko eta soziopolitikoekin. Esaterako: Latinoamerikako prozesu iraultzaileak eta ongizate-estatua, XX mendean arrisku iraultzailea saihesteko Europako Kapitala toleratzera behartuta egon zena. Segida historiko honetan bizipen pertsonalek ere euren lekua izan dute. Bereziki hunkigarria izan da orain dela 80 urte komunistak izateagatik sarraskituak izan ziren bere senideen oroimena. Bai eta ekitaldia Barakaldon aurkeztea berarentzat duen esangura ere. Zeren eta langileen herri honek bere familia hartu baitzuen, Malagatik ihes egin behar zuenean. Azkenik, Jon Kortazar historialariari bide eman aurretik, orain dela 100 urteko iraultzaren balioa aldarrikatu du. Gogorarazi digu mende bat pasa dela eta nahi badugu etorkizunean pertsonak, euren beharrizanak, euren nahiak, euren potentzialtasunak lehentasunak izatea. Merkatuen tirania, diruzalekeria, ezberdintasun sozialak, esplotazioa…desagertzea nahi badugu. Etorkizun horrek, orduan, sozialista izan behar du, halabeharrez. Pentsatzeak zerbait berria sortu ahal dela iragana baztertuz, akats historikoa, berez, izateaz gain, akats historikoak errepikatzera garamatza. Orainaldia lehenaldiari egindako bigarren bisita baino ez da.

 

 

Jon Kortazar, bere aldetik, azaldu ditu, K17-ren izenean, ekimen honen zergatiak, ezaugarriak eta helburuak. Bere esanetan, K17 “ekimen plurala, alderdi zein erakunde zehatzeez haraindikoa”, “euskal sozietatean 1917koari buruzko ezagutza berreskuratu nahi duena, bai eta haren ondarea defendatzea ere” Kortazarrek adierazi du helburu hau betetzeko, K17-k urtean zehar ekitaldi ezberdinak eta debateak antolatuko ditu.

Kortazarrek ere azaldu du Iraultza Errusiarra txarto ezagutze eta gutxiestearen arrazoiak direla “langile-klaseak subjektu politikoa den aldetik jasaten duen bazterketa” eta “komunismoaren kriminalizazioa”. Gainera, azpimarratu du 1917ko garrantzia. Zeren eta, bere ustez, izan baitzen, alde batetik, langile-estatu iraunkorra ahalbideratu zuen lehendabiziko iraultza eta, bestetik, “XXI mendeko politika osoaren funtsezko eragilea, askapenerako borroken erreferentzia izateagatik. Izan ere, mundua bitan zatitu zuen.” Amaitzeko esan zuen Errusiar Iraultza gertaera unibertsala izan zela, langileen boterea ezarri zuena “haiek eraso belikoen aurka birritan defendatu zutena”.

Bukatu baino lehen deitu dio egitasmoa interesgarritzat jotzen duen edonori parte hartzera haren garapenean. Hitzaldiak, mahai inguruak eta ekitaldi politikoak eta kulturalak. Bai eta ekimenaren jarduerak babestera. Azkenik, gogorarazi egin du ekimena Interneten (www.k17.eus) eta sare sozialetan (twiter: https://twitter.com/K17_100, telegram: https://t.me/K17_100) jarraitzeko moduak eta posta-helbide bat (k17@k17.eus) kontaktuan jartzeko.